Paperik gabeko migratzaileen oihua ozen aditu da Iruñeko kaleetan. «Kalea ez da etxea! Aterperik gabe, eskubiderik ez!». Negu Gorriak kolektiboak deituta, laurehun bat pertsonak protesta egin dute gaur, Arantzadiko agustindarren komentu zaharretik kaleratutako etxegabeen eskubideak aldarrikatzeko, eta Iruñeko Udalak auzi honetan izan duen jokabidea salatzeko. «Asiron, danos una solución» (Asiron, eman konponbide bat) izan da ibilbidean gehien errepikatu duten leloetako bat, uste baitute alkateak ez duela egin bere esku dagoen guztia auzia konponbidean jartzeko.
Negu Gorriak taldearen deialdia izanagatik ere, Iruñean bizi diren migratzaileek hartu dute manifestazioaren gidaritza: eurak izan dira ibilbide osoan pankartari eutsi diotenak, musika jarri dutenak, eta bozgorailutik leloak oihukatu dituztenak. Arantzadiko kaleratze masiboa salatzeaz harago, protestak balio izan du migratzaileen erregularizazioa exijitzeko, eta paperik gabekoen eskubideak aldarrikatzeko ere.
Errekoleten plazatik abiatu dira manifestariak, Zuen fronterak gure trintxerak leloa irakurgai zuen pankarta baten atzetik. Baziren kartel eta pankarta gehiago ere, mezuak euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta arabieraz idatziak zituztenak: Makrokaleratzerik ez! Ez Badalonan ez Iruñean eta Errolda orain irakur zitekeen horietan.

Takonera kalean gora, Nafarroako Parlamentuaren paretik igaro da jendetza, eta Yanguas y Miranda kalea hartu du gero. Bakearen plazara iritsita, ezkerrera egin dute Oliveto kondearen etorbidean gora, Merindadeen plazaraino; eta Karlos III.aren etorbidean barna, Comedias kaletik sartu dira Iruñeko Alde Zaharrera.
Egoera ezin zaurgarriagoan egonagatik, jai giroan egin dute protesta Arantzaditik kaleratutakoek. Gogoz oihukatu dituzte «Arantzadi aurrera!», «Arrazakeria eta kapitala, aliantza kriminala» eta halako leloak, eta Alde Zaharreko karrika estuetan barneratuta, are ozenago aditu dira euren aldarriak.
«Udalak gezurra esan du»
Udaletxe plazan amaitu da manifestazioa. Han, manifestua euskaraz, arabieraz eta gaztelaniaz irakurri dute Samira Calvok, Mohammed Dablak eta Fatima Elmourabitek, hurrenez hurren.
Salatu dute Iruñeko Udalak «bere erabakiz» kanporatu dituela migratzaileak Arantzadiko komentu zaharretik, eta eraikin horretan egin nahi duten zahar egoitza, gainera, Vitalia enpresa pribatuak kudeatuko duela 50 urtez: «Madrilen [Isabel] Ayusoren eta Euskadin EAJren oso lagun diren pertsonei emanen diete kudeaketa hori. 140 langile pobre bota dituzte, eta osasun pribatuaren alde egin dute».
Uste dute udalak «gezurra» esan duela, eta ez diela bizitoki alternatibarik eskaini Arantzaditik egotzitakoei: «Tuterara, Bartzelonara eta Parisera alde egiteko bidaia txartelak eskaini dizkiete, eta hoteleko zenbait gau ordaindu dizkiete berrogeiri soilik. Jendaila, proletariotza migrantea, zenbat eta urrunago, hobe».
Bukatzeko, nabarmendu dute Iruñean badirela baliabide publiko ugari egoerari buelta emateko, eta horiek erabiltzeko exijitu diete instituzioei: «Dozenaka eraikin publiko dituzue hirian, ehunka etxebizitza huts daude bankuen, putre funtsen eta etxejabe handien esku. Aitzakiarik ez! Eman ostatua baldintza bidegabeetan kalean lo egiten dutenei».