Hiru aste igaro dira Iruñeko Udalak agustindarren komentu zaharra hustu zuenetik, eta han bizi ziren ehun migratzaile baino gehiagoren egoerak okerrera besterik ez du egin, «erakunde publikoek eskainitako baliabide eskasen ondorioz». Hori salatu du gaur Negu Gorriak kolektiboak, eta, ahal bezain pronto, migratzaile horiekin lanean ari diren eragileekin biltzeko eskatu diete udalari eta Nafarroako Gobernuari.
«Hitzeman zuten banakako arreta hauxe izan da: hiru gau aterpetxean, eta autobus txartel bat Iruñetik alde egiteko, non gazte horiek hilabeteak daramatzaten euren oinarrizko eskubideak lortzeko izapideak egiten», azaldu dute Negu Gorriak-eko kideek: «Egiazki, inbertitutako denborari uko egiteko eta beste herri batzuetako kaleetan zerotik hasteko gonbita egin diete».
Kolektiboaren iritziz, ulertzeko zaila da Iruñeko Udalak erantzun koordinatu eta proportzionatu bat antolatu ez izana, aspalditik baitzekien Arantzadiko komentua obra batengatik hustu beharko zutela, eta migratzaileak kalean geratuko zirela.
«Egiazki, inbertitutako denborari uko egiteko eta beste herri batzuetako kaleetan zerotik hasteko gonbita egin diete»
NEGU GORRIAK KOLEKTIBOA
Kaleratzearen hurrengo egunean, apirilaren 14an, udalak laguntza eskatu zuen prentsan, baina, Negu Gorriak-en arabera, Nafarroako Gobernuari eta gainontzeko udalei soilik zuzendu zitzaien, «urteak lanean daramatzagun herritarren eta eragileen gaitasuna aintzat hartu gabe». Gogorarazi dute eurek lau hilabete baino gehiago daramatzatela Iruñean bizi diren lagun horiei laguntzeko sare komunitarioa ontzen.
Gainera, erakundeen arteko lehen bilera hura apirilaren 24rako programatu zuten, «kaltetuek kalean lotan zortzi egun zeramatzatenerako», eta oraindik ez dute han hitz egindakoen berririk.
Egoera ikusita, eskaera zehatzak egin dizkiete Iruñeko Udalari eta Nafarroako Gobernuari. Nagusiki, eurekin berehala biltzeko eskatu diete, baina ez hori bakarrik: galdegin diete erakundeek hutsik dituzten eraikinetako bat lagatzeko; Foruzaingoak eta udaltzaingoak kaleratuen aurka «goizero egiten duten jazarpena» eteteko; eta Iruñean erroldatzeko traba burokratikoak kentzeko.
Tuterara, Bartzelonara eta Parisera
Duela pare bat aste, apirilaren 18an, ehunka pertsonak manifestazioa egin zuten Iruñean, eta Arantzaditik kaleratutako migratzaileek «konponbide bat» exijitu zioten Iruñeko Udalari.
Han, salatu zuten udalak «bere erabakiz» kanporatu zituela migratzaileak Arantzadiko komentu zaharretik, eta eraikin horretan egin nahi duten zahar egoitza, gainera, Vitalia enpresa pribatuak kudeatuko duela 50 urtez.
Udalak «gezurra» esan duela ere adierazi zuten, eta ez diela bizitoki alternatibarik eskaini Arantzaditik egotzitakoei: «Tuterara, Bartzelonara eta Parisera alde egiteko bidaia txartelak eskaini dizkiete, eta hoteleko zenbait gau ordaindu dizkiete berrogeiri soilik. Jendaila, proletariotza migrantea, zenbat eta urrunago, hobe».
Orduan ere nabarmendu zuten Iruñean badirela baliabide publiko ugari egoerari buelta emateko, eta horiek erabiltzeko exijitu zieten instituzioei: «Dozenaka eraikin publiko dituzue hirian, ehunka etxebizitza huts daude bankuen, putre funtsen eta etxejabe handien esku. Aitzakiarik ez! Eman ostatua baldintza bidegabeetan kalean lo egiten dutenei».