«Ez gara estralurtarrak, ezta basatiak edo animaliak ere. Pertsonak gara». Iruñeko Aranzadiko agustindarren komentu zaharrean bizi diren etxegabe baten hitzak dira. Negu Gorriak kolektiboak gaur egun osoan auzolan bat antolatu du, eraikin abandonatuan pilatutako zabor guztia biltzeko eta «beste bizi baldintza alternatibarik ez duten pertsona hauei behintzat eguneroko egoera hobetzeko».
Sarai Calvo kolektiboko kideak azaldu duenez, ehun etxegabe inguru bizi dira eraikinean. Duela bi hilabete inguru, ura eta argindarra moztu zieten, eta zabor zerbitzurik ez da igarotzen handik. «Espazioa zaborrez beterik dago, eta horrek eragin larria du bizi baldintzetan». Hala, haren esanetan, «miseria egoeran» bizi dira bertan direnak: ez dute urik, ez eta argindarrik ere, eta zaborrez beterik dago ingurua.
Aranzadi inguruan, Arga ibaia gainezka dator, baina handik apur bat gorago dago komentua. Auzolanean parte hartzen ari diren pertsonak zaborra biltzen ari dira inguruetan. Goizean goizetik daramate lanean. Eguerdian, Elhadji gizarte zentro autogestionatuak bazkaria prestatu die. Arratsaldean jarraituko dute.
Calvok ontzat jo du egindako egun osoko lana, eta aipatu du garbiketa egiteko jendeak material ugari utzi diela, espero baino gehiago. Aipatu du eguerdian batzar bat egin dutela. Aranzadiko eraikinaz gain, Barañain eta Iruñeko Mendebaldea auzoaren artean dagoen Jaso ikastola zaharreko egoera aztertu dute. Han ere etxegabeak bizi dira, baldintza prekarioetan.

«Salatu nahi dugu Iruñeko Udalak eta Iruñerriko Mankomunitateak utzikeriaz jokatu dutela», gaitzetsi du Calvok. Ura eta argindarra mozteaz gain, zaborra garraiatzen duten kamioirik ez da igarotzen handik, eta edukiontzi nahikorik ez dago. «Guk gunea garbi eduki nahi dugu arratoiak bertatik bertara ez ibiltzeko, baina, edukiontzirik jarri ezean, gure esfortzuak ez du ezertarako balioko», aipatu du etxegabeetako batek. Kolektiboak zabaldutako ohar batean, bertan bizi direnetako batek salatu du oinarrizko zerbitzurik gabe «basati gisa» aurkeztu nahi dituztela gizartearen aurrean.
Duintasunez bizitzeko eskubidea dutela aldarrikatu du Calvok. Auzolanean eraikin barruan dagoen zaborra ateratzen ari dira eta kanpoaldean biltzen. Harremanetan jarri dira zaborra garraiatuko dutenekin. Halaber, laguntza jaso dute inguruko zuhaitzetako adarrak garbitzeko. Auzolanean parte hartu duten guztiei esker ona adierazi die Calvok. Horietako asko bertan bizi diren etxegabeak izan dira.
