Araudi nuklearra erreformatzeko eskatu du Sarkozyk

Japoniako Gobernuak ez du hedatuko 20 kilometrotik 40ra jendez hustu beharreko eremua

Erredakzioa
Donostia
2011ko apirilaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Munduko araudi nuklearrak urtea amaitu baino lehen erreformatzeko deia egin du Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak Japoniara egindako bidaian. Sarkozyk azaldu duenez, G20ko herrialdeetako arduradun nuklearrekin bilera bat egin nahiko luke maiatzean —aurten Frantziak dauka taldearen presidentetza—, Fukushimako zentralean gertatutakoaren ondoren «arau berriak» ezartzeko.

Duela hiru aste lurrikara eta tsunamia gertatu zirenetik Japoniara bisita egin duen atzerriko lehenengo agintaria da Sarkozy, eta estatuko Areva enpresako hainbat aditu nuklearrek lagunduta joan da Asiako herrialdera, hari laguntza emateko asmoarekin. Naoyo Kan Japoniako lehen ministroa ere bat etorri da araudi nuklearra aldatzeko Sarkozyk eginiko proposamenarekin.

Japoniako Gobernuak, berriz, ezetz esan dio Fukushimako zentral inguruan jendez hustu beharreko eremua 20 kilometrotik 40ra hedatzeko IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak eginiko eskaerari. IAEAk adierazi du Iitate herrian, zentraletik 40 kilometrora, agentziak finkatutako muga bikoizten duen erradiazio maila erregistratu dutela. Japoniako Segurtasun Nuklearreko Agentziak, ordea, bere neurketa sistema propioa baliatu du, eta erantzun du ez dutela gainditu Iitaten herrialdeak finkatuta daukan muga.

Nolanahi ere, zentral nuklearrak arazoak ematen ditu oraindik, eta plantatik gertu dagoen itsasoan antzeman duten material erradioaktiboak gero eta maila handiagoa du. Iodo erradioaktiboa onartutako kopurua baino 4.385 aldiz handiagoa da dagoeneko.

Atzo, aurreneko aldiz, energia nuklearraren eta gobernuaren informazio politikaren kontrako manifestazioa egin zuten Tokion.

Lur azpiko ur kutsatua

Lur azpiko ura ere kutsatzen hasi da Fukushimako zentralaren inguruan. Hain zuzen ere, muga baino 10.000 aldiz erradioaktibitate gehiago topatu dute lehen erreaktorearen inguruan dagoen lur azpiko tunel batean. Japoniako Osasun Ministerioak jakinarazi du Fukushima ingurutik iritsitako okelean zesio erradioaktiboaren maila altua aurkitu dutela.

Horrez gain, AEBetako agintariek baieztatu egin dute Washingtongo eta Kaliforniako estatuetan Fukushimako zentralaren erradiazio arrastoak aurkitu dituztela esnean. Hala ere, arriskutsutzat jotzen den maila baino 5.000 aldiz baxuagoak dira aurkitu dituzten aztarna horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.