Arma historikoak eskuratzeko baldintzak zorroztea proposatu du Peio Dufauk Frantziako Asanblean

Goiz honetan pausatu du lege proposamena Parisen. Federico Martin Arambururi bildumako arma historikoekin egin zioten tiro Parisko erdigunean 2022an, eta hilketa horri bide eman zion «hutsuneari» aurre egin nahi dio diputatuak.

Armak libreki erosteko Frantziako webgune baten kaptura. BERRIA
Armak libreki erosteko Frantziako webgune baten kaptura. BERRIA
Oihana Teyseyre Koskarat.
2026ko irailaren 30a
12:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eskuin muturreko militanteek bildumako arma historikoen inguruan dagoen lege hutsunea baliatzen dute armatzeko. Funtsean, horri aurre egiteko lege proposamen bat ondu du Peio Dufau Ipar Euskal Herriko diputatuak, eta goiz honetan aurkeztu du Frantziako Asanblean. Izan ere, D kategorian sailkatuak dira bildumako armak, eta, horrenbestez, libreki eros daitezke Frantziako Estatuan. 18 urtetik gora izatea da horiek erosteko baldintza bakarra. Federico Martin Aramburu Miarritzeko errugbilari ohiari tiro egin zioten eskuin muturreko bi militantek 2022ko martxoan, bildumako arma historikoekin. «Lau urte eta erdi zain egon ondoren, epaiketak agerian utzi ditu suzko armak eskuratzeko eta edukitzeko araudiaren eskasiak», argudiatu du Dufauk lege proposamenean. 

Adierazi du D kategorian sailkatuak diren bildumako armak lortzeko kontrol gehiago behar dela. Gaur egun, B eta C kategorietan sailkatuak diren armak eskuratzeko, heldua izateaz gain, kirol tiroko edo ehizarako lizentzia bat, osasun agiri bat eta aurrekari judizialik gabeko txosten bat behar dira. Kasu guzietan, administrazioari deklaratu behar zaizkio, eta arma saltzaileek armak erosteko debekua dutenen Finiada fitxategia behatu behar dute armak saldu aitzin. Hortaz, arma historikoei baldintza berak ezartzea proposatu du Dufauk. 

«Funtzionatzeko moduan dauden suzko armen berezko arriskugarritasuna ikusita, C kategorian sailkatzea proposatzen dugu, eta, beraz, eskuratzeko baldintza zorrotzagoak ezartzea», jaso dute lege proposamenean. Zehaztu dute botere legegileari dagokiola bildumako armak beren arriskugarritasunaren arabera A, B edo C kategorietan sailkatzea. Zehaztekoa da A kategoriako armak eskuratu eta saltzea debekatua dela, prefeturak eman ditzakeen baimen oso berezi batzuk lortu ezean. Lege proposamenean zehaztu dute neutralizatuak diren armek D kategorian segitzen ahal dutela, eta, beraz, arma historikoen bilduma egiten dutenei ez diela kalte eginen. Funtzionalak diren bildumako armak gutxienez C kategorian sartzeko eskatu dute, eta, beraz, horiek eskuratzeko baldintzak zorrotzagoak izan daitezela. 

Bildumako armak C kategoriara pasatzeko irizpideei begira, Frantzia Europako legediarekin lerrokatzea proposatu dute. Izan ere, gaur egun, Frantziako legedian, arma historikoak ez dira beren fabrikazio urtearen arabera sailkatuak, beren modeloaren sortze urtearen arabera baizik. Horrek erran nahi du 1990 aitzin asmatuak izan diren arma batzuk historiko gisa kontsideratuak direla egungo legedian, nahiz eta berrikiago fabrikatuak izan diren. 

Bestalde, Frantziako Gobernuari galdetu diote legea indarrean sartuko balitz zirkulazioan diren arma historiko guzien zerrenda bat osatzeko, suzko armekin lotutako mehatxuen izaera eta bilakaera hobeki neurtu ahal izateko. 

Colt New Pocket 1890 eta Sharps 1859

Iragan ostiralean, Aramburu hiltzeagatik 26 urteko kartzela zigorrera kondenatu zuten Loik Le Priol, eta Aramburu hiltzen saiatzeagatik 19 urtera Romain Bouvier. GUD eskuin muturreko taldeko kide ziren biak, eta 2022ko martxoaren 19an, bildumako arma historikoekin egin zioten tiro errugbilari ohiari. Le Priolek Colt New Pocket gisako arma bat zuen, 1890ekoa: sei tiro egin zizkion Arambururi, eta haren balek hil zuten. Bouvierrek Sharps motako arma bat zuen, bildumakoa hori ere, eta lau aldiz egin zion tiro: bi lekutan zauritu zuen. 

Parisko Krimen Auzitegiak ebatzi du biek «armekiko eta indarkeriarekiko grinaz animaturik» jardun zutela. Izan ere, Bouvierren etxean bildumako hemeretzi arma atzeman zituzten miaketan, horietako sei kargatuak; mila kartutxotik gora ere atzeman zituzten. Le Priolen etxean ere bildumako armak atzeman zituzten, eta Le Priolen aita armak legez kanpo edukitzeagatik kontrol judizialpean izandakoa da. Zehaztu behar da Le Priol eta Bouvier 2015etik kontrol judizialpean zirela, GUDeko beren kide bat torturatzeagatik; alta, armak erosteko ez zuten arazorik izan, ezta armaturik ibiltzeko ere. 

Aramburu auziaz haratago, eskuin muturreko indarkeria armatuak gora egin duela azaldu du Dufauk. «2023an barne segurtasuneko zuzendari nagusiak eta 2025ean Terrorismoaren Aurkako Fiskalak ohartarazi zuten eskuin muturreko ekintza bortitzak emendatu direla. Izan ere, gero eta gehiago dira eskuin muturreko ideologia arrazista, antisemita, homofobo eta xenofoboak bultzaturik ekintza armatuak planifikatzen edo egiten dituzten norbanako eta taldeak». 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA