Armagintza industria zibil bilakatzea galdegin dute talde antimilitaristek Bizkaian

Bizikleta martxa egin dute Bilbotik Getxora, «armagintzaren eta gerren negozioaren aurka».

Armagintzaren kontrako bizikleta martxa, gaur, Bilbotik abiatzean. LUIS TEJIDO / EFE
Armagintzaren kontrako bizikleta martxa, gaur, Bilbotik abiatzean. LUIS TEJIDO / EFE
gotzon hermosilla
2026ko apirilaren 11
17:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gerraren eta armagintza industriaren kontrako bizikleta martxa egin dute zenbait talde ekologista eta antimilitaristak Bizkaian. Aurtengoa hamazortzigarrena izan da, eta Bilbotik abiatu da, Bizkaiko Foru Aldundiaren jauregiaren aurretik. Ezkerraldea zeharkatu ostean, Getxon amaitu da mobilizazioa. Gerrarako eta armak ekoizteko erabilitako dirutza salatzeaz gain, eskaera bat egin dute antolatzaileek: armagintza sektoreko enpresak «zibil» bilakatzea.

Protestan parte hartu duten taldeen iritziz, egingarria da enpresa horiek armen produkzioa alboratu eta beste zeregin batzuetan jardutea, eta Orbea enpresa jarri dute adibidetzat: «Garai batean, pistolak eta bestelako armak egiten zituen, baina, gaur egun, bizikletak egiten ditu, eta horrekin bizimodu osasungarria sustatzen du».

Bi geldialdi egin ditu ibilaldiak. Lehenengoa Barakaldon izan da, ITP Aero enpresaren egoitzaren aurrean. Salatu dutenez, enpresa horretan Airbus A400M eta Eurofighter hegazkin militarretarako piezak egiten dituzte, eta aurten %28 handitu dira haren irabaziak. Bigarrena, berriz, ibilaldiaren amaieran egin dute, Getxon, Sener enpresaren aurrean. Antolatzaileen esanetan, enpresa hori Espainiako Estatuko enpresa handienetan bigarrena da misilen sektorean, seigarrena sektore aeroespazialean, eta hamabigarrena armagintzaren arloan.

Biziz Bizi, Biraka, Eguzki, Ekologistak Martxan, Kakitzat, KEM-MOC eta Komite Internazionalistak taldeek parte hartu dute ekitaldian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA