EH Bilduk baieztatu egin du gaur El Correo egunkariak emandako albistea: Arnaldo Otegi koalizioko idazkari nagusiak heriotza mehatxuak jaso zituen joan den urteko abenduan, posta elektronikora iritsitako mezu baten bitartez. Koalizioak hedabideetara bidalitako oharrean azaldu duenez, Otegik kaltetu gisa deklaratu zuen atzo Gasteizko epaitegi batean, eta, aurretik, EH Bilduk Eusko Legebiltzarreko Mahaian dituen ordezkariek, taldearen izenean, gertakariak salatu zituzten Ertzaintzaren aurrean.
El Correo-k azaldu duenez, EH Bilduren posta elektroniko batera igorri zuten mezua joan den abenduan, eta bertan Otegiri erreferentzia zuzena egiten zitzaion. Hain zuzen ere, koalizioaren idazkari nagusiaren kontrako heriotza mehatxuak zeuden mezuan.
EH Bilduk azaldu du halako gertakariak jazotzen direnean «diskrezioa» nahi izaten duela koalizioak, «ezker subiranistak ez baitu halako egoerak publiko egiteko ohiturarik».
Nolanahi ere, mehatxu horiek «testuinguruan» kokatu behar direla uste du EH Bilduk: «Izan ere, Javier de Andres PPko buruzagiak EH Bilduren suntsitzea iragarri eta ordu gutxira iritsi ziren». EAEko Alderdi Popularreko presidenteak Eusko Legebiltzarrean egin zituen adierazpen horiek, arartekoa izendatzeko eztabaidan. Zehazki, zera esan zuen, koalizio subiranistako kideei zuzenduta: «Jakin ezazue lehenago edo beranduago suntsituak izango zaretela indar politiko gisa».
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak Otegiren kontrako mehatxuak arbuiatu ditu: «Pertsona bati heriotza mehatxuak egitea delitu bat da, eta delitu bat den heinean, espero dut Justizia eta Ertzaintza gai izatea horiek egin dituen pertsona identifikatzeko». Sailburuak azaldu du jazoeraren berri izan bezain pronto hasi zela Ertzaintza auzia ikertzen, eta urtarriletik epaitegien esku dagoela.