De Andres EH Bilduri: «Jakin ezazue lehenago edo beranduago suntsituak izango zaretela indar politiko gisa»

Otxandianoren hitzetan, PPk «marra gorri guztiak» gainditu ditu: «Euskal Herriaren eta euskal gizartearen pluraltasunaren aurkako eraso bat dira». Eusko Legebiltzarreko Mahaiari eskatu dio De Andresen hitzak errefusatzeko.

Javier de Andres PPren Eusko Legebiltzarreko bozeramailea. RAUL BOGAJO / FOKU
Javier de Andres PPren Eusko Legebiltzarreko bozeramailea. RAUL BOGAJO / FOKU
aitor biain
2025eko abenduaren 18a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

EAEko arartekoa izendatzeko eztabaidan hitz gogorrak erabili ditu Javier de Andres PPren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak EH Bilduren aurka. Halaxe adierazi dio koalizioari: «Jakin ezazue, mehatxuak egin arren, gure egoitzei eraso egin arren, nahiz eta larderiaz jokatu aurkari politiko eta komunikabideekin, guk hemen eusten jarraituko dugula. Eta zuek ordezkatzen duzuen anomalia salbuespena denez, Bilduko jaunok, jakin ezazue lehenago edo beranduago suntsituak izango zaretela indar politiko gisa. Eta espero dut laster izango dela, aske bizi gaitezen». 

Ez dira PPren bozeramaileak EH Bilduren aurka esan dituen bakarrak. Aurrez, «bahituekin erruleta errusiarrera jokatzen zuen torturatzaile» deitu dio Arnaldo Otegiri. Bide horretan, EAJri eta PSEri egotzi die «animalia hori amaitzeko ahaleginean huts egin» izana. 

Haserrea eragin dute De Andresen hitzek koalizio abertzalean. Pello Otxandianoren aburuz, adierazpen horiek «oso larriak» dira, eta «marra gorri guztiak gainditu» dituzte: «Ez da EH Bilduren kontrako eraso bat, Euskal Herriaren eta euskal gizartearen pluraltasunaren eta borondate demokratikoaren kontrakoa bazik».

EH Bilduren eledunak ohartarazi du ordezkari politiko batek «suntsitze» hitza erabiltzeak «konnotazio politiko handia» daukala, besteak beste, Euskal Herriko lehen indar politikoa eta Gasteizko ganberako bigarrena deuseztatzea helburu gisa planteatu duelako: «Ez daukate aurrekaririk, eta oso larriak dira». Hori, Otxandianoren arabera, ezin da «anekdota hutsean» geratu: «inflexio puntu bat ezarri behar du legealdi honetan eta eztabaida politikoan».

Otxandianok adierazi du aurrez ere izan direla antzeko beste kasu batzuk: besteak beste, Durangoko zinegotzi batek EH Bildu legez kanpo uzteko eskatu zuenekoa eta Espainiako presidente ohi Jose Maria Aznarrek frankismoa gaitzetsi ez zuenekoa. Baina iritzi dio De Andresek «salto kualitatibo bat» egin duela gaur. Hori dela eta, Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten gainerako indar demokratikoei eskatu die «erreakzionatzeko»: «Olatu erreakzionarioaren mehatxuak neutralizatzeko gai den gehiengoak ditugu hemen».

Gogoetarako deia egin die denei, baina bereziki EAJri eta PSEri, eta «ekidistantziara» ez jotzea galdegin: «Halakoak esan dituen norbaitekin ezin da akordio politikorik egin». Izan ere, adierazi du PPk «oso argi» hitz egin duela gaur, eta iritzi dio «aurpegia» jarri diola «bloke erreakzionarioaren programari»: «Programa horrek jopuntuan dauka EH Bildu, baina mehatxu bat da halaber gure identitatearentzat, erakundeentzat eta autogobernuarentzat, lehendakariak politika orokorreko bilkuran esan zuen bezala».

EH Bilduren bozeramaileak iragarri du koalizioak neurriak hartuko dituela, hala politikoak nola juridikoak. Neurri horietako bat Javier de Andresen aurkako kereila aurkeztea izango den ote galdetuta, ordea, Otxandianok ez du zehaztapenik egin nahi izan. Esan du aurreneko eginbeharra adierazpen horien larritasunaz ohartzea dela, eta salatu du eztabaidan bertan ez gainerako taldeek, ez legebiltzarreko presidenteak ez dutela erantzun. Baina, Eusko Legebiltzarreko Mahaiari bidalitako idatzi batean, Otxandianok zera eskatu dio: EH Bilduren aldeko babes adierazpen formal bat onartzeko, De Andresen hitzak arbuiatzeko, haren aurkako zehapen neurriak hartzeko eta «beharrezko neurriak» hartzeko horrelakorik berriro gertatu ez dadin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.