Kolektibo antirrazistek, jazarpena salatu, eta antolakuntza eskatu dute

Espainiako eskuin muturrak migratzaileen kontra egindako erasoak gaitzesteko elkarretaratzeak egin dituzte Iruñean, Donostian, Gasteizen, Bergaran, Arrasaten eta Bilbon.

Kolektibo antirrazisten protesta, Iruñean. JAGOBA ARRASATE / FOKU
Kolektibo antirrazisten protesta, Iruñean. JAGOBA ARRASATE / FOKU
Iker Tubia.
Iruñea
2025eko uztailaren 19a
16:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«Alarma», «haserrea» eta «gaitzespena». Hiru hitz horiek adierazi dituzte arrazakeriaren kontrako kolektiboek Iruñean eguerdian egindako elkarretaratzean. Torre Pacheco (Espainia) herrian eskuin muturrak migratzaileen kontra egindako erasoek bultzatu ditu karrikara ateratzera, eta esan dute arrazakeriaren aurka antolakuntza antirrazistaren beharra dagoela. Atzo, Gasteizen, Donostian, Arrasaten eta Bergaran (Gipuzkoa) egin zituzten elkarretaratzeak, eta, arratsaldean, Bilbon eginen dute protesta, 19:00etan, Plaza Biribilean. Bada aipatutako hiru hitz horiei gehitu beharreko beste bat ere bada: kezka. Iruñeko protestara joandako pertsona arrazializatu askoren ahotan aditu den hitza izan baita hori.

Mezua argia izan da: Iruñerria antirrazista esaten zuen pankartak. Atzean dozenaka lagun bildu dira, «ez dago pertsona ilegalik», «paperak denontzat» eta «arrazistak gure auzoetatik at» oihuak tartekatuz. Talde askok antolatu dute protesta: Nafarroako SOS Arrazakeria, Salhaketa Nafarroa, Paris 365, Haritu, Migratuendako Informazio Gunea, Oxfam Intermon, Elkarri Laguntza, Nafarroako Munduko Medikuak, Dar Etxea, Mugak Zabalduz, BDZ Nafarroa, Gaz Kalo, Itaka Escolapios, AZTA eta Nafarroako Circulo Iberoamericano. Flavia Navarretek eta Patxi Gerrikok talde guzien izenean esan duten bezala, orain Torre Pachecon gertatu da, baina ez da kasu bakan bat izan: «Urte luzez hedatu den gizatasun galera gorroto diskurtsoaren ondorio zuzena da, zurrumurruen, albiste faltsuen, hedabideen kriminalizazioaren eta erakundeen ekintzarik ezaren bidez hedatu dena». Argi mintzatu dira haiek ere: «Pertsona migratzaileak seinalatuak eta jazarriak izaten ari dira».

750 kilometro inguru daude Iruñetik Torre Pachecora, baina distantzia motza da arrazakeriaz mintzatuz gero. Izan ere, elkarretaratzean gogora ekarri dute Martzillan eta San Adrianen (Nafarroa) migratzaile adingabeen kontrako erasoak izan zirela ekainean, eta Hernanin ere (Gipuzkoa) herriko jaietan. Ez hori bakarrik, «arrazakeria instituzionala» salatu dute Poliziaren, komunikabideen eta erakundeen aldetik. «Arrazakeria instituzionalak gorrotoa elikatzen jarraitzen du, eta gure auzoetan eta herrietan indarkeria errotzen ari da», esan du Gerrikok.

«Orain, batez ere talde ultraeskuindarrek, jendea banatu nahi dute, eta gorroto eztanda bat eragin; baina ez diegu utziko»

Silvia Velazquez. Circulo Iberoamericano taldeko kidea

Sarri eztabaidaren fokua segurtasunaren auzian paratzen bada ere, Gerrikok esan du «benetako» eztabaida zera dela: «Nola eraiki berdintasun osoan oinarritutako gizartea eta nola deseraiki boterearen egiturak eta betiko pribilegioen gainean ezarritako ordena». Beraz, lau eskari egin dituzte Iruñeko bilkuran: «Elkar zaintzeko eta babesteko sareak indartu eta zabaltzea», «arrazakeria estrukturala eta sistematikoki eragiten duten indarkeriak kolektiboki salatzea», «ekintza autonomoak eta seguruak antolatzea ikuspegi zigortzaileen gainetik» eta «behetik ekintza antirrazistak eraikitzea eta zabaltzea».

Arrazakeria dela eta, adi

Udaletxe plazan askotariko jendea bildu da. Besteak beste, Silvia Velazquez eta Erica Rios Nafarroako Circulo Iberoamericano taldeko kideak han ziren, protesta egiten. Velazquezek uste du azken 30 urteetako migrazioak «ekarpena» egin diola «herrien handitasunari». «Torre Pacheco eredu izan da jatorri askotariko jendearen integrazio, elkarbizitza, lan eta elkar ulertzeari dagokionez. Orain, batez ere talde ultraeskuindarrek, jendea banatu nahi dute, eta gorroto eztanda bat eragin, baina ez diegu utziko». Espainiako herri hori urruti egonagatik ere, kezka adierazi du Velazquezek: «Agudo zabaltzen den sugar baten modukoa da; hemen ere baditugu jende intolerantearen salaketak».

Riosen ustez, Euskal Herrian arrazakeria batik bat lan arloan agertzen da. Berak hala bizi izan du, behintzat: «Askotan, gure itxura ikusi, eta ez digute lanik eman nahi. Denek elkar hartuta aurre egin behar diogu arrazakeriari».

«Arrazakeria instituzionalak gorrotoa elikatzen jarraitzen du, eta gure auzoetan eta herrietan indarkeria errotzen ari da»

Patxi Gerriko. Talde antirrazisten bozeramailea

Moises Vanguk urte asko daramatza Nafarroan bizitzen, eta ohartarazpena egin du: «Asko dugu jokoan». «Euskal herritarrak gara, espainiarrak gara, eta Afrikatik heldu gara. Ni Kongon jaio nintzen, eta hango zuriek esaten dute kongoarrak direla; hori bera nahi dugu hemen, Iruñean eta Nafarroan». Bera Piparrika hiri baratzearen arduraduna eta sortzaileetako bat da, eta Arga ibaia garbitzeko lantaldean aritzen da boluntario urtero. «Ni oso nafarra naiz».

Pankartaren aurrean Espainiako Polizia zegoen, elkarretaratzea zaintzen. Haiei ere mintzatu zaie Vangu, mikrofonoa hartuta: «Polizia nazionalek ulertu behar duzue delituak-eta norberak egiten dituela, gauza indibiduala direla». 

«Oraingoz, nik ez dut arrazakeria hori bizi izan, oso denbora gutxi baitaramat hemen, baina beldur ematen dit egoerak»

Nyima Kuyateh. Migratzailea

Vanguren antzera, Alex Bonaventurek esan du ez dela jende guzia zaku berean sartu behar: «Jende ona eta jende gaiztoa dago, baina hori leku guzietan gertatzen da. Gu onak gara, lan bila eta gauza onen bila etorri gara». Kezkatuta zegoen: «Torre Pachecokoak beldurra ematen du, beldur handia». 

Nyima Kuyateh Iruñera iritsi berria da, eta protestara joatea erabaki du. «Oraingoz, nik ez dut arrazakeria hori bizi izan, oso denbora gutxi baitaramat hemen, baina beldur ematen dit egoera honek, edozein egunetan eraso egiten ahal didatelako. Babesa behar dugu», esan du.

Ijitoen mezua

Nafarroako ijito komunitatea ere karrikara atera da protesta egitera. Ricardo Hernandez Gaz Kalo Nafarroako Ijitoen Elkarteen Federazioko koordinatzaileak «aski da» esan du, ozen, eta ez dagoela egoera hau onartzeko prest: «Ijito herriak asko du esateko, asko ikas dezakezue ijito herriarengandik, asko sufritu duen herria baita, baina jakin du altxatzen eta eusten arrazakeriaren, gorrotoaren eta bazterketa sozialaren kontra. Arrazakeriaren eta diskriminazioaren aurka altxatu behar dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.