Arrazakeriari atea ixteko

Azkenaldian Euskal Herriko zenbait txokotan ugaritu diren jarrera arrazistei aurre egiteko, herritarrek antolatzea erabaki dute. Ezinbestekotzat jo dute beldurraren kulturari erantzun bat ematea, eta auzoetako erronkei modu kolektiboan erantzutea.

Arrazakeriaren kontrako manifestazioa Arratian, martxoaren 21ean. ARRATIAKO SARE ANTIRRAZISTA
Arrazakeriaren kontrako manifestazioa Arratian, martxoaren 21ean. ARRATIAKO SARE ANTIRRAZISTA
Olatz Silva Rodrigo.
2025eko ekainaren 21a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Eskuin muturraren eta arrazakeriaren gorakada nabarmenak dira Europan. Eta Euskal Herria ez da salbuespena: jarrera eta pintaketa arrazistak areagotu egin dira azkenaldian hainbat txokotan. Herritarrek, baina, ez dute inolako asmorik besoak gurutzatuta geratzeko. Arrazakeriari atea ixteko antolatzen hasi dira.

Arratian (Bizkaia), esaterako, argi dute: «Lehenbailehen geldiarazi behar da olatu faxista eta arrazista». Azken hilabeteotan, gertaera «oso kezkagarriak» izan dira eskaualdean, eta horregatik erabaki dute Arratiako Sare Antirrazista sortzea. «Margoketa faxista eta arrazistak agertu dira, kutsu arrazista nabariko kontzentrazioetara deitu dute, presentzia poliziala eta kamerak ipintzea proposatu du Lemoako Udalak, eta Igorreko Udala bide berean doa», jakinarazi zuten martxoan, sarea sortu zutenean zabaldutako oharrean.

Hain justu, ikusi zuten «neurri handia» hartzen ari zela kontua, Urko Iurrebaso Sare Antirrazistako kideak zehaztu duenez. Horregatik, beharrezkotzat jo zuten herri mugimenduak erantzutea. Urgentziazko bilera batera deitu, eta mugimendu feministak, gazte mugimenduak, gaztetxeak eta bestelako herri mugimenduetako kideak elkartu ziren. Gainerako herritarrengana iritsi nahian, sarea sortzea erabaki zuten, «publikoagoa» izan zedin. Izan ere, garrantzitsutzat jo zuten pertsona arrazializatuekin ere harremana egitea eta sarera erakartzea.

«Egoera aldatzeko, zera egin behar da, pobrezia eta segregazioa gainditu, eta beste politika batzuk martxan ipini»

URKO IURREBASOArratiako Sare Antirrazistako kidea

Lehenengo urratsean, mobilizazio batera deitzea erabaki zuten. Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna baliatu zuten horretarako. Martxoaren 21ean, Igorreko kaleak hartu zituzten, Beldurraren kulturaren aurrean, Arratia antirrazista lelopean. «Beldurraren kulturari erantzuna eman nahi genion, eta udalei argi utzi polizia ez dela nahi dugun eredua; egoera aldatzeko, zera egin behar da, pobrezia eta segregazioa gainditu, eta beste politika batzuk martxan ipini», zehaztu du Iurrebasok, eta erantsi herritarrek erantzuna «oso ona» eman ziotela mobilizazioari.

Bizi baldintza duinak

Manifestazioan, Arratiako herritar, elkarte eta instituzioei mezua bidali nahi izan zieten herritarrek. Alde batetik, argi utzi zuten «kaleratzeak, kontrol soziala eta jazarpen soziala» ez direla konponbidea. Bestetik, exijitu zuten herritar guztien oinarrizko bizi baldintza duinak bermatuta egotea. Eta, horrez gain, lehentasunezkotzat jo zuten «politika inklusibo eta ez-baztertzaileak martxan ipintzea». «Arratia inklusibo, antirrazista, feminista eta antifaxista gura dugu, eta kaleak hartuko ditugu jarrera eta politika erreakzionarioak gelditzera goazela erakusteko».

Sarea berehala erantzuteko sortu bazuten ere, asmoa dute taldeari eusteko. «Ikusi dugu badagoela potentzialitate bat, eta jendea kezkatuta dagoela», azaldu du Iurrebasok. Duela gutxi, esaterako, beste agerraldi bat egin dute, Lemoako Agarre auzoko hainbat familia argindarrik gabe utzi dituztela salatzeko.

Erasoei erantzuna emateaz gain, beste esparru batzuk ere landu nahi dituzte. Besteak beste, bestelako baliabideak eskaini nahi dituzte prestakuntzari begira, herritarrek jakin dezaten nola jokatu halakoetan.

«Hainbat komunikabidek albistea nola plazaratu duten ikusita, kezkatuta gaude, bidea ematen baitiete mezu arrazistei eta estereotipo faltsuei»

AITOR ANDAGasteiz Anitza herri ekinaldiko kidea

Iurrebasok esan du Arratia ez dela kasu bakana; Euskal Herri osoan areagotu dira horrelako egoerak. Gasteizen, kasurako. «Iazko urrian, Errota auzoak hartu zuen Gasteizko agenda mediatikoa», gogoratu du Gasteizko herritar batek, Aitor Andak. «Bizilagun talde bat, baita ultraeskuina eta eskuina ere euren interes eta azpijokoekin, mobilizazio dinamika batean sartu ziren, bertako bi lokaletan bizi ziren gazte etorkin batzuen aurka», kontatu du Andak. «Beldurraren eta segurtasunik ezaren aitzakiaz» egin zituzten mobilizazioak, «estereotipo oker askorekin eta arrazismoa ere mahai gainean jarrita». «Eskuinari oso erraza izan zaio halako mezuak lehen planoan jartzea mediatikoki; hainbat komunikabidek albistea nola plazaratu duten ikusirik, kezkatuta gaude, bidea ematen baitiete mezu arrazistei eta estereotipo faltsuei», adierazi du Andak.

Horretaz «larrituta», elkartu beharra ikusi zuten hainbat bizilagunek. «Egia da ez ginela hutsetik abiatzen», aitortu du Andak. Izan ere, hiriko beste auzo batzuetan lana egina zuten antzeko egoerei erantzuna emateko. Auzo elkarte bateko eta besteko kideak, elkartasun sareak, mugimendu feministako kideak eta beste hainbat lagun biltzen hasi ziren, «Gasteizen errepikatzen ari zen egoera bati» aurre egiteko eta «indartu edo zabaldu zitezkeen jarrera arrazistak» geldiarazteko. Halakoetan auzo elkartasunez erantzuteko, protokolo bat diseinatzen hasi ziren.

«Izaera komunitarioa»

Hilabete batzuk geroago, Errota auzoan gertatutako egoera bera gertatu zen Judimendin. «Gazte batzuk Santiago etorbideko lonjan jarri ziren bizitzen, eta ultraeskuina egoera nahasten saiatu zen », gogoratu du Andak. Aurretik egindako lan horri, bertako auzo elkarteari eta Batuta elkartasun sareari esker, gatazkari irtenbidea ematea lortu zuten. «Izaera komunitarioz» jardun zuten, eta «bizilagunen beharrei erantzunez». Hala azaldu zuten hainbat kolektibok martxoan egindako agerraldi batean.

Bide horretatik, 30 eragilek Gasteiz Anitza herri ekinaldia aurkeztu dute orain gutxi, Gasteizko auzoetako arazoei «auzo elkartasunez eta ikuspegi integratzaile batez» heltzeko. Herri ekinaldiak elkarbizitza du abiapuntu, baita helburu ere, eta bizikidetza duin, bidezko eta kohesionatua sustatu nahi du. Gasteiz Anitzaren arabera, hirian «gero eta handiagoa da errefuxiatuek eta migratzaileek jasaten duten beldurra eta gaitzespena». Hori dela eta, iritzi dute auzoetako erronkei modu kolektiboan eta inklusiboan erantzun behar zaiela, inor bazterrean utzi gabe.

Gasteiz Anitza herri ekinaldiaren aurkezpena maiatzean, Errota auzoan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Gasteiz Anitza herri ekinaldiaren aurkezpena maiatzean, Errota auzoan. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Elkarteek salatutako pintaketa eta jarrera arrazistez gain, sarean ere agertu dira salaketak. Instagrameko @denuncia_r4c1stas kontuak jaso duenez, Bilboko San Frantzisko auzoko supermerkatu batean eraso arrazistak jasan dituzte auzokide batzuek. Erandioko (Bizkaia) Sonora diskotekak zabaldutako mezu eta jarrerak ere salatu dituzte kontu horretan.

Africa United elkarteko bozeramaile Modou Faye Beltxa ez da harritzen arrazakeriaren gorakadaz. Arrazakeria salatzen dute eurek, horren «kausak eta zergatiak» aztertuz. «Mendebaldean Afrika kontinente pobre bat balitz bezala irudikatzen badute, hezkuntza eta ikasketarik gabea, eta hango herritarrak gaizkileak balira bezala, Mendebaldeko biztanleek erraz begiratuko diete mespretxuz», adierazi du.

Horrez gain, aipatu du politikatik «serio» landu ez izana dela arrazakeria areagotu izanaren beste arrazoi bat. Haren ustez, erakundeek ezin dute migrazioaz hitz egin haien beharrak aintzat hartu gabe: «Migratzaileen beharraz hitz egiten dute, ondoan migratzailerik izan gabe». Migratzaileekin lotuta dauden erabakiak hartzeko, migratzaileek erabakitzeko esparruetan egon behar dute, azpimarratu duenez. «Migratzaileek elkarbizitza sustatu behar dute, baina erakundeek migratzaileak hartu behar dituzte kontuan haiei buruzko erabakiak hartzeko».

«Beharrezkoa da kontzientzia hartzea, eta arrazakeriaz eta horren erroaz hitz egitera esertzea, migratzaileak elkarteen parte izanda»

MODOU FAYE 'BELTXA'Africa United elkarteko bozeramailea

Elkarteekin, beste hainbeste. Ezinbestekotzat jo du migratzaileak elkarte horien parte izatea. «Beharrezkoa da kontzientzia hartzea, eta arrazakeriaz eta horren erroaz hitz egitera esertzea, migratzaileak elkarteen parte izanda», esan du Fayek. Elkarteen parte izateaz gain, nabarmendu du «ahotsa altxatzeko» eta erabakiak hartzeko aukera izan behar dutela.

Irunen ere (Gipuzkoa) izan dira eraso arrazistak. Aurtengo otsailean, pintaketak egin zituzten migratzaileei aholkularitza ematen dien Aholku Sarearen bulegoan. Adiskidetuak elkarteak kudeatzen du bulegoa. Irungo Harrera Sareak komunikatu bat argitaratu zuen orduan, eta gogoratu zuen ezen, eraso arrazistez gain, beste batzuk ere izan direla herrian: «Iazko abendutik, ikusten ari gara eraso LGTBIQ+fobiko eta arrazisten jomuga direla historikoki diskriminatuak izan diren kolektiboen askatasunen alde lan egiten duten kolektibo eta elkarteak, hala nola etorkinak eta errefuxiatuak eta LGTBIQ+ pertsonak».

Erantzukizunak

Irungo Harrera Sareak argi utzi zuenez, ez dira hor bilatu behar ondoez kolektiboen erantzukizunak: «Gizarte eta komunitate ongizatearen, pertsona guztien segurtasunaren aurkako mehatxua prekarizatzen gaituen sistema ekonomiko batetik dator, hezkuntza eta osasun unibertsalaren kalitatea lehenesten ez duten gobernu batzuetatik, gehien behar dutenei etxebizitza izateko aukera ukatzeagatik; hori guztia ez dute LGTBIQ+ kolektibokoek eta atzerritarrek eragiten».

Irungo Lakaxita gaztetxeak ere «pintaketa nazi faxistak» jasan ditu iazko abendutik, bertako kide Alaine Aranburu Etxegoienek adierazi duenez —Irungo Harrera Sarearen parte ere bada—. «Horrez gain, pintaketa horiek garbitzeko gastuei aurre egiteko elkartasun jaialdia egin zenean, autoetatik kristalezko botilatxoak bota zizkiguten», erantsi du. Abenduan okupatu eta urtarrilean itxi zen Moskuko gaztetxeari ere erasoak egin zizkioten.

«Sinestu behar dugu Euskal Herriko gizartean gehienek gizarte ez-faxista batean sinesten dutela»

ALAINE ARANBURU ETXEGOIENLakaxita gaztetxeko eta Irungo Harrera Sareko kidea

Abenduko erasoak salatzeko, elkarretaratzea antolatu zuen Lakaxitak San Tomas egunean, eta «jende dezente» bildu zen. Horrez gain, pegatina batzuk atera dituzte, gaztetxetik kanpo egin dituzten pintaketak ezabatu,  gainean beste mezu batzuk idatzi dituzte, eta segurtasuna eta antifaxismoa gehitu dituzte eraso matxistei aurre egiteko gaztetxeak duen protokoloan. Nahiz eta erabat antolatuta ez egon, herriko eragileak «elkarlanean eta saretuta» ari dira. «Berriren bat jasotzen dugunean, elkarri komunikatzen diogu». Bor-bor hausnarketa politikorako plazak, berriz, Antifaxismoaren Formakuntza Plazen Hitzorduak antolatu ditu.

«Faxismoa kalean dago Irunan: nahiko kezkatuta gaude, ikusten ari garelako nola faxistak ari diren gure kaleetan hainbat ekintza egiten», jakinarazi du Aranburuk. Horren adibide dira herritarren patruilak. Hala ere, adierazi du «sinistu beharra» dagoela «Euskal Herriko gizartean gehienek gizarte ez-faxista batean sinesten dutela» eta horretan ari direla lanean. «Gure egunerokoan egin ditzakegun jarrera aldaketak edo hausnarketak badira jarrera antifaxistaren parte ere».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.