Estebanek EH Bilduri eskatu dio azalpenak eman ditzala «ustelkeria» kasuei buruz

Getxoko alkatea ez dago inputatua, eta Zaldibarko alkate ohia, aldiz, bai. Argudio hori erabilita, «arduratuta» egon behar lukeela erran dio EAJko presidenteak EH Bilduri, eta Aramaion izandako «beste praktika irregular» baten berri eman.

Aitor Esteban, urtarril erdialdean, Bilbon. MIGUEL TOÑA / FOKU
Aitor Esteban, urtarril erdialdean, Bilbon. MIGUEL TOÑA / FOKU
Iratxe Muxika
2026ko urtarrilaren 30a
12:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Getxoko (Bizkaia) Irurak Bat jauregiaren auzia ez da baretu oraindik. Atzo egin zuten osoko bilkura, eta aitzinera egin zuen Elkarrekin-ek aurkeztutako mozioak, EH Bilduren eta PPren babesa lortuta. Amaia Agirre Getxoko alkateak jakinarazi zuen ez duela asmorik kargua uzteko, eta, gaur, Aitor Esteban EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak esplikatu du ez dagoela nahikoa arrazoirik Agirrek dimisioa emateko. Euskadi Irratian egin ditu adierazpenak Estebanek, eta zehaztu alkateak «legitimitate osoa» duela karguari eusteko. Eta arrazoi bat nabarmendu du errandakoa justifikatzeko: «Agirre ez dago ikertua». Gehitu du «berririk balego» hartu beharreko neurriak hartuko lituzketela.
 
Baina Getxokoa EH Bilduri eraso egiteko baliatu du buruzagi jeltzaleak. Izan ere, Getxoko auzia Zaldibarko zabortegiarenarekin konparatu du, eta erran Arantza Baigorri Zaldibarko alkate ohia ikertzen ari direla, Agirre ez bezala. Esteban: «Agirrek beharrezko pauso guztiak eman ditu, eta dena lege barnean egin, teknikariek adierazitako moduan». EH Bilduk nahi du Agirrek dimisioa ematea, eta Estebanek koalizio subiranistari eskatu dio Getxora so egon beharrean begira dezala Zaldibarrera, eta eman ditzala «behar diren azalpen guztiak». «Ez daukagu bi alkateak konparatzerik», gaineratu du, «bata ikertua dago, eta bestea ez. EH Bilduk arduratuta egon beharko luke».

Horren harira, Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusiak atzo Radio Euskadin azaldu zuen EH Bildu beti izan zela Zaldibarko zabortegia eraikitzearen aurkakoa. Gaineratu zuen udaleko teknikari guztiek eta Bizkaiko Foru Aldundiak berak eman ziotela oniritzia HAPO hiri antolamendurako plan orokorra aldatzeari, eta alkateak hura berretsi baino ez zuela egin. Gero dimisioa eman zuen, «arrazoi pertsonalengatik», Otegik azaldu zuenez. Baigorri alkate izan aurreko lanpostuan dabil lanean orain, gizarte laguntzaile udal batean. «Ez zen interes pertsonalik izan tartean», zehaztu zuen.

«Atzo Otegik esan zuen haiek ez daukatela ustelkeria kasurik, eta nik gogoratu nahi dut hil honetan zer jakin dugun. Aramaioko Udalean bi kondena izan dira kontratazio publikoaren arloko ustelkeriagatik»

AITOR ESTEBAN EAJren EBBko presidentea

Aipamen horiei ere tira egin die gaur Estebanek, bertze kolpe batekin: «Atzo Otegik esan zuen haiek ez daukatela ustelkeria kasurik, eta nik gogoratu nahi dut hil honetan zer jakin dugun. Aramaioko Udalean bi kondena izan dira kontratazio publikoaren arloko ustelkeriagatik». 

Kontua da EAJk salaketa bat jarri ziola EH Bilduri, eta euskara teknikari bat eta Aramaioko kultur etxeko (Araba) bi langile kontratatzerakoan «praktika irregularrak» egitea leporatu. Arabako EAJk ohar bat atera zuen, eta salatu euskara teknikari berria «alkatearen ezaguna» zela. 

Baina Getxora bueltatuta, Estebanek alkatearen alde egiteko baliatu du elkarrizketa. Oposizioak, zehazki, zenbait zinegotzirekin «irmo» jokatu ez izana aurpegiratzen dio Agirreri, jauregi bat bota zutelako eraisteko baimenik izan gabe, eta bi zinegotzi jauregia eraisteko ardura zuen kooperatibako bazkide zirelako. Eta azken datu hori ez zutelako «behar zenean» jakinarazi.

«Sailburuak esan zuen ez zuela alarmarik piztu nahi, eta pentsatu zuen berak nahi zuen moduan jokatuko zuela jende guztiak. Baina EH Bilduk kontrakoa egin du, eta alarma pizteko pausoa eman»

AITOR ESTEBAN EAJren EBBko presidentea

Bada, Estebanek gezurtatu egin du delitu horiek gertatu izana, eta esplikatu du Agirrek ez zuela baimenik eman Irurak Bat jauregia botatzeko. «Alkateak isun bat jarri zion promotoreari, hura izan baitzen baimendu gabeko ekintza bat egin zuena». Alegia, jeltzalearen irudiko, alkateak enpresari eskatu zion ez zezala jauregia ukitu, baina hark berdin-berdin bota zuen. «Hori argitu beharreko kontu bat da», zehaztu du: «Nik gardentasunaren alde egingo dut». Juridikoki eta administratiboki «pauso legalak» eman direla defendatu du Estebanek, baina onartu du «espero gabeko zerbait» ateratzen bada «beharrezko neurriak» hartuko dituztela. «Gu gara hau dena argitzeko interesa dugun lehendabizikoak». 

Egoera horrek higadura ekar lekioke EAJri, eta presidenteak aitortu du ez dela egoera atsegina, eta «tentsioak eta deserosotasunak» sortzen dizkiola gaiak. «Gainera, ez da erraza hedabideak etengabe honi buruz hitz egiten aritzea, oraindik auzia ebatzi gabe egonda ere». Atzoko osoko bilkuran, Agirrek erran zuen «sorgin ehiza» egiten ari zirela hala bere kontra nola EAJren kontra, eta gaur Estebanek azaldu du «erabat» ulertzen duela hark errandakoa. 

Alarma, «Bilduren errua»

Baina Getxokoa ez da izan solasgai bakarra. Aste honetan zabaldu da Osakidetzak txerto iraungiak jarri dizkiela dozenaka haurri, eta gai horri buruz ere galdetu diote Estebani. «Osasun sailburuak zintzoegi jokatu zuen, eta pentsatu aurrena talde politikoei jakinaraziko ziela huts batzuk egon zirela». Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila konturatu da erregistro akatsak izan dituztela txertoak jartzeko garaian, eta paziente batzuei ez zaiela dosi iraungia eman. Bertzalde, txerto hexabalente iraungia hartu zuten pazienteen kopurua aitzinetik ezagutarazitakoa baino txikiagoa da. 

«Aitortu dute gaizki egin dutela», erran du Estebanek, «eta ondo dago hori». Alberto Martinez sailburua eta Miren Lorea Bilbao Osakidetzako zuzendari nagusia azalpenak ematen ari dira asteon, eta EAJko presidenteak EH Bildu jo du, hein handi batean, arazoak oihartzun handia hartu izanaren erantzuletzat. Honela kontatu du: «Sailburuak esan zuen ez zuela alarmarik piztu nahi, eta pentsatu zuen berak nahi zuen moduan jokatuko zuela jende guztiak. Baina EH Bilduk kontrakoa egin du, eta alarma pizteko pausoa eman». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.