Sustrai Erakuntzak helegitea jarri du Nafarroako Ingurumen zuzendariak AGR Biogas enpresari emandako ingurumen baimen bateratuaren kontra. Arroitzen (Nafarroa) biogas lantegi bat egiteko proiektuari eman zion baimena Nafarroako administrazioak, eta Sustrai Erakuntzak esan du «biometanizazio planten kontrolik gabeko hedapenari aurre egitea» dela helegitearen xedea.
Izan ere, gaur egun, behin-behinean debekatuta dago Nafarroan biometanizazio lantegiak egiteko baimenak ematea, baina fundazioak uste du debekua ez dela errespetatzen: «Nafarroako Gobernuak onartutako ustezko moratoria ez da helburua betetzen ari. Moratoria honen xedea ez zen arau esparru bat ezartzea planta mota horren funtzionamenduaren baldintzak definitzeko. Besterik gabe, urtebeteko epea eman zuen tramitean zeuden planten egoera aztertzeko».
Gainera, txartzat jo dute luzapen horrek eraginik ez izatea tramitatzeko prozesuan dauden lantegietan; Arroizkoa da horietako bat.
Irregulartasunak tramitazioan
Fundazioak proiektuaren xehetasunak ere ekarri ditu hizpidera. Azaldu dutenez, proiektuak «jomugan» jarriko du Arroizko nekazaritza lurren eta herritarren osasuna. Gainera, tramitazio prozesuan «irregulartasunak» daudela nabarmendu du Sustrai Erakuntzak: lantegiak urtean 137.754 tona digestato isuriko ditu —biometanizazio prozesua egin ondoren gelditzen den hondakina da digestatoa—, eta horretarako 2.600 hektarea beharko dira. Bada, fundazioak salatu duenez, horretarako hautatu diren lursail guztiek ez dituzte betetzen hori egin ahal izateko baldintzak; hori dela eta, beharko liratekeen 2.600 hektareetatik soilik 1.600 izango lirateke egokiak.
Gainera, salatu dute proiektuari dagokion idatzian ez dela zehazten lantegiak nondik jasoko dituen hondakinak. Energia ekoizteko, 140.000 tona jaso beharko ditu urtean, eta uste dute hondakin horiek urrundik garraiatu beharko dituztela lantegira, «erregai fosilen kantitate handiak kontsumituz», alegia: «Faktore hori aintzakotzat hartu beharko litzateke ustez energia berriztagarria sortzeko helburua duen planta honen balantze energetikoan. Bestalde, ez da kontuan izan zenbat erregai fosil kontsumitu beharko litzatekeen digestatoak laboreetan barreiatzeko».
Hori dela eta, fundazioak uste du proiektua kaltegarria dela hala ingurumenarentzat nola jendearentzat, eta, horregatik, eraginak «egoki aztertu» beharko liratekeela. Hala, uste dute beharrezkoa dela «benetako moratoria bat» ezartzea.