Arroizko herritar gehienak biogasa ekoizteko makroplantaren egitasmoaren aurka azaldu dira

Stop Biogas plataformak 508 sinadura batu ditu, eta Nafarroako Gobernuari eskaera bat egin: ez dezala baimenik eman herrian biometanizazio lantegi bat eraikitzeko.

Stop Biogas Arroitz
Arroizko herritarrek sortutako Stop Biogas plataformako kideak gaur goizean, Nafarroako Gobernuaren egoitza baten aurrean, sinadurak aurkezten. BERRIA
kristina martin
2026ko urtarrilaren 9a
20:52
Entzun 00:00:00 00:00:00

Stop Biogas plataforma osatu dute Arroizko herritarrek (Nafarroa). Nafarroako Gobernuari eskatu diote ez diezaiola baimenik eman AGR Biogas enpresari herrian biometanizazioko makroplanta bat egiteko. Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Sailaren egoitzara joan dira gaur goizean, eta batu dituzten 508 sinadurak aurkeztu. Babes horiekin batera, mezu argi bat helarazi diote: arroiztar gehienak proiektuaren aurka daude.

Izan ere, plataformak azaldu duenez, herrian erroldatutako 18 urtetik gorakoen %60ren babesa du eskaerak. «865 pertsona zeuden 2023ko hautesle erroldan», adierazi dute. Uste dute esanguratsua dela bozkatzeko eskubidea duten herritarren %60 biometanizazio plantaren aurka egotea: «Proiektuak pizten duen gaitzespen zabalaren eta sakonaren adierazle garbia da».

Arroizko Udalari ere zuzen-zuzenean aipatu dute. Nabarmendu dute udala gobernatzen duen alderdia, hau da, PSN haiek baino babes eskasagoa bilduta dagoela agintean; alderdi horrek 312 boto eskuratu zituen, zehazki. Hain zuzen, gaitzetsi egin dute udal gobernuak hilabeteetan biogas proiektua babestu izana.

Stop Biogas plataformak salatu duenez, proiektua gauzatuko balitz, lantegi horrek ahalmena izango luke nekazaritzatik eta abeltzaintzatik eratorrirako 140.000 tona hondakin tratatzeko urtean, baina «Arroitzen 12.000 tona hondakin ere» ez direla sortzen. Halaber, esan dute industria hondakinak ere tratatu asmo dituztela lantegian, gero nekazaritzarako lurren ongarri gisa erabiltzeko. Plataformaren iritziz, lurrak nitrato eta metal astunekin kutsatuko lirateke hori eginez gero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.