Enviserreko grebalariek «jasanarazitako jokabide erabat onartezina» salatu du Beatriz Artolazabal Gasteizko alkateordeak: haren etxeko atea jo omen dute, eta «Artolazabal, faxista; hori ez da bidea» dioten eskuorriak bota; gaur goizean gertatu da hori. Bere Instagram kontuan zabaldu dituen argazkietan eskuorriak azaltzen dira: Artolazabalen bisaia ageri da, Hitlerren bibote bat gehituta, eta mezua ondoan. Irudi horretaz gainera, beste bat ere zabaldu omen dute: panpina bat Artolazabalen burua sugarretan hartua duena, Judimendiko suan.
Idatzi du jokabide horiek «edozein muga demokratiko edo protestatzeko legezko muga» gainditzen dutela. Azpimarratu du lan gatazka bat ezin dela gatazka pertsonal bilakatu, Poliziarekin harremanetan sartu dela eta inkesta bat bidean dagoela.
Atzo bertan salatu zuten Enviserreko lorezainek Gasteizko Udalak «legea urratuz» segatu dituela Olarizuko zelaiak, datorren astelehenean Olarizuko erromeria egiteko. Sindikatuek zabaldu duten bideo batean, traktore bat ikusten da belarra mozten, Udaltzaingoaren zaintzapean. Lan Ikuskaritzak, gero, lan horiek geldiarazteko agindu du, «legez kanpokoak direlako eta grebalariak ordeztea dakarrelako».
Enviserreko lorezainek hilabeteak daramatzate greban; enpresa hori Gasteizko Udalaren azpikontrata bat da. Langileek «lan baldintza duinak eta soldata egokiak» bermatuko dituen hitzarmen bat eskatu dute, baina oraindik ez dute akordiorik lortu. Enviserreko arduradunek diote egungo baldintzek udalak ezarritako gutxienekoak betetzen dituztela; aldiz, udalak dio berak ezin duela eragin enpresa pribatuaren lan baldintzetan. Greba mugagabea martxoaren 26an hasi zen, eta bost hilabete baino gehiago daramatzate mobilizazioetan.