Artxibatu egin dute iazko uztailean Azpeitian izandako liskarren harira zabaldutako auzia

23 lagun ikertzen ari ziren, desordena publikoak eta autoritatearen kontrako atentatua egin izana egotzita. Azpeitia Errepresioaren Aurka plataformak deituta, elkarretaratze jendetsua egin dute.

Errepresioaren Aurka plataformaren agerraldia, atzo, Azpeitian. JON URBE / FOKU
Errepresioaren Aurka plataformaren agerraldia, atzo, Azpeitian. JON URBE / FOKU
Isabel Jaurena.
2026ko irailaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Artxibatu egin dute iazko uztailean Azpeitian (Gipuzkoa) izandako liskarren harira zabaldutako auzia. Hain zuzen, Ertzaintzaren eta herriko zenbait gazteren artean istiluak izan ziren iaz, eta horren harira 23 gazte ikertzen ari ziren, desordena publikoak eta autoritatearen kontrako atentatua egin izana egotzita. «Berri pozgarria da kasua artxibatu izana, baina auzia ez da hor amaitzen». Izan ere, salatu dute «azpijoko» bat izan dela guztia, eta gogoratu Azpeitiko liskarrak «Euskal Herrian Poliziak eragindako beste hainbat istilurekin batera» gertatu zirela.

Azpeitia Errepresioaren Aurka plataformak eman du horren berri, atzo iluntzean herrian egindako agerraldi jendetsu batean. Esplikatu zutenez, Poliziaren sindikatuek aho batez gaitzetsi zuten iaz Azpeitian gertatutakoa, «Polizia babesgabe» dagoela salatuz. «Izan ere, Poliziaren eta Eusko Jaurlaritzaren partetik sinetsarazi nahi digute Poliziaren kontrako kanpaina irrazional bat dagoela martxan, eta kanpaina horren barruko kriminalizazio gisa ulertzen dugu gertakaria. Hori guztia baliatzen dute, gainera, Polizia modernizatzeko eta baliabidez hornitu dezatela eskatzeko», adierazi zuten. Horrek ondorioak dituela nabarmendu zuten, Santurtzin (Bizkaia) gertatutakoa gogora ekarrita. 

Auzia abiarazi zuten istiluak gaztetxearen urteurrenean gertatu ziren: Ertzaintzako agenteek isuna jarri zioten pintaketa bat egiten ari zen gazte bati; zehazki, Azpeitiko gaztetxearen arabera, pilen edukiontzi batean «ACAB» idazteagatik —all cops are bastards ingelesez, polizia guztiak sasikumeak dira euskaraz—. Orduan, gaztetxearen oharraren arabera, zenbait lagun «desadostasuna adieraztera» joan ziren agenteengana. Poliziak, berriz, patruila gehiago bidali zituen eremu hartara, eta Urola kalea itxi zuen.

Handik Udaltzaingoaren egoitzara joan ziren zenbait gazte, desadostasuna adierazteko. Orduan, udalaren arabera, ikusita jendea elkartzen ari zela egoitzaren kanpoko aldean, udaltzainek Ertzaintzari deitu zioten. Han gertatutakoaren inguruan, baina, bi bertsio daude. Ertzaintzak adierazi zuen gazteak indarrez sartu zirela komisariara, baina gaztetxeko kideek ukatu egin zuten hori. Kontrara, salatu zuten poliziak gazteei oldartu zitzaizkiela, eta gazte bat atzeman eta identifikatu zutela. Hain zuzen, hura aske utzi zutenean amaitu ziren liskarrak. Ondoko egunetan, ikerketa abiatu zuten, eta 23 lagun identifikatu; azkenean ez da zigorrik egonen horien kontra. 

Halere, plataformako kideen irudiko, Azpeitiko kasuak «helburua bete» zuen Poliziarendako eta Eusko Jaurlaritzarendako. «Momentuan behar zuen kontakizuna sortu zuen, eta horretarako ez zien axola izan 23 pertsona auzipetu eta urtebeteko prozesu batera bidaltzeak», gehitu zuten. 

Esparru erreakzionarioa

Salatu dute halako egoerek «elikatu» egiten dutela esparru erreakzionarioa, «faxismoari bidea irekiz». «Segurtasun faltaz hitz egingo dute, baina benetako segurtasun falta elikatzen duten horren eskutik dator: atzerritar bati tiro egiten dion arrazista da arriskua, Donostian gertatu den bezala; Gasteizen, Bilbon eta hamaika txokotan eraso homofoboak egiten dituztenak dira gure segurtasuna ezbaian jartzen dutenak; etxebizitzekin espekulatu eta kaleratzearen mehatxua izatea da segurtasun falta», nabarmendu zuten.

Horren aitzinean antolakuntzaren balioa azpimarratu zuten, horri esker lortu baitute «azpijoko» horren «kontakizun faltsua» gezurtatzea eta jasandako «kriminalizazio basatiari» aurre egitea. «Harro esan dezakegu antolakuntza horrek eragin erreal bat izan duela kasuaren artxiboan ere».

Dena den, gogoratu dute plataformaren lana ez dela guztiz akitu, bi auziri erantzuteko sortu baitzuten. Gaztetxeko istiluei lotutakoa bat, eta duela bi urte Voxen kontra egindako protestari lotutakoa bertzea. Hain zuzen, Vox alderdiak agerraldi bat egin zuen Azpeitian 2024ko apirilean, eta horren kontra protesta egin zuten herritarrek; haietako hogeik epailearen aitzinean deklaratu behar izan dute. Herritarrak sinetsita daude biak «errepresio kasu argiak» direla, eta horregatik sortu zuten plataforma. 

Alderdi ultraeskuindarraren kasuak irekita segitzen du Gipuzkoako Auzitegian, plataformak erran zuenez. Hala, antolakuntzara batzeko deia egin dute: «Borroka honetatik ere irakaspenak aterata, herritar orori deia egiten diogu klase elkartasuna antolatzen jarraitzera eta eskubide zibil eta politikoen alde tinko borrokatzera».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA