Ez dago loturarik 2025eko urrian Palestinari elkartasuna adierazteko mobilizazioen deitzaileen eta Iruñeko Alde Zaharreko Starbucks kafetegiak mobilizazio horien ostean izandako kalteen artean. Epaileak artxibatu egin du lau pertsonaren kontrako salaketa, Palestinarekin Elkartasuna plataformak jakinarazi duenez.
Iazko urrian Palestinaren aldeko zenbait mobilizazio egin zituzten Iruñean. Mobilizazio horien hiru deitzailek eta ekintzaile batek Starbucks multinazionalaren salaketak jaso zituzten: IAS Ikasle Antolakunde Sozialistak urriaren 2an egindako ikasle grebaren deitzaileak, Palestinarekin Elkartasuna plataformak urriaren 4an antolatutako mobilizazio nazionalaren deitzaileak, eta Euskal Herriko Mugimendu Feministak antolatutako elkarretaratzearen deitzaileak. Horrez gain, Iruñeko Alde Zaharreko ekintzaile bat ere deitu dute deklaratzera.
Pintura gorria
Starbucksen arabera, mobilizazio egunetan pintura gorria bota zuten haren erakusleihoetara. Multinazionalak salatu du lokaleko kristalak hautsi zizkiotela 2024ko abenduaren eta iazko maiatzaren artean.
Palestinarekin Elkartasuna plataformaren ustez, «argi» geratu da ekintzaileen kontrako salaketa mobilizazioen deitzaileak eta gizarte eragileak beldurtzeko saio bat izan da. «Hala ere, Poliziak eta instrukzio epaileak egin duten lotura hain zen justifikatu gabea, ezen ezin izan dute kasuarekin aurrera egin», erantsi du plataformak.
Starbucksek 2023an salaketa bat jarri zuen AEBetako Workers United sindikatuaren kontra, urte hartako urrian sare sozialetan Palestinaren aldeko mezu bat jartzeagatik.