Starbucks multinazionalak jarritako salaketa baten harira, deklaratzera deitu dituzte Palestinaren aldeko zenbait ekintzatan parte hartu duten lau euskal herritar. Iazko urrian Iruñean Palestinaren aldeko mobilizazioak antolatu zituzten hiru mugimendutako kideek jaso dute salaketa: IAS Ikasle Antolakunde Sozialistak urriaren 2an egindako ikasle grebaren deitzaileak, Palestinarekin Elkartasuna plataformak urriaren 4an antolatutako mobilizazio nazionalaren deitzaileak, eta Euskal Herriko Mugimendu Feministak antolatutako elkarretaratzearen deitzaileak. Horrez gain, Iruñeko Alde Zaharreko ekintzaile bat ere deitu dute deklaratzera.
Palestinarekin Elkartasuna plataformak ohar baten bidez jakinarazi duenez, oraingoa ez da multinazionala «Palestinaren aldeko elkartasuna kriminalizatzen» ahalegintzen den aurreneko aldia. Aipatu du, adibidez, 2023an salaketa bat jarri ziola Workers United sindikatuari, urte hartako urrian sare sozialetan Palestinaren aldeko mezu bat jartzeagatik. Oharrean gaineratu dute Iruñeko Alde Zaharrean multinazionalaren frankizia ireki zutenetik, hamaika izan direla «bere kontrako kritikak eta seinalamenduak», eta salaketa honen bidez, jasandako kalteen «errudun bila» dabilela konpainia.
Halere, plataformak nabarmendu du salaketaren helburua dela Palestinaren aldeko ekintzaileen «errepresioa» gogortzea, eta beste bi «errepresio kasu» jarri ditu adibidetzat: «Iruñean bi lagun atxilotu zituzten urtarrilean, urriaren 15eko mobilizazio egunean izandako protesten harira, eta, aurretik, zortzi pertsona auzipetu zituzten Israelgo talde batek Vueltan parte hartzearen aurka protesta egiteagatik, eta dozenaka laguni isunak jarri».
Hala, martxoaren 21ean Durangon egingo duten Oihu Bat Palestinara jaialdira joateko deia egin dute; izan ere, etekinen parte bat «errepresioari aurre egiteko» baliatuko dute.