Artxibatu egin dute Voxek Santurtzin egindako ekitaldian atxilotu zuten emakumearen kontrako auzia

Ekitaldiaren kontrako elkarretaratzean izandako istiluen ondorioz atxilotu zuten andrea, 2020an, eta, besteak beste, ​​ordena publikoaren aurkako delitua egotzi zioten. Deklarazioa instrukzio epea bukatuta hartu ziotenez, auzitegiak baliogabetzat jo du.

Voxen ekitaldi baten kontrako elkarretaratzea Gasteizen, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Voxen ekitaldi baten kontrako elkarretaratzea Gasteizen, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
June Montero
2026ko uztailaren 28a
16:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizkaiko Probintzia Auzitegiak artxibatu egin du Vox alderdiak Santurtzin (Bizkaia) 2020an antolatutako ekitaldiko istiluen ondorioz atxilotu zuten emakumearen kontrako auzia. Irailaren 3an, ekitaldia izan zen egunean, alderdi ultraeskuindarrak informazio mahai bat jarri zuen Santurtziko parkean, eta bertan gertatu ziren liskarrak. Javier Ortega Smith alderdiaren orduko idazkari nagusia ere egon zen ekitaldian. Egun hartan bertan atxilotu zuten andrea, eta Barakaldoko 1. Instrukzio Epaitegiak ordena publikoaren aurkako delituak, agintaritzaren agenteen aurkako atentatua eta erresistentzia, kalteak eta lesioak egotzi zizkioten. 

Ikertu gisa hartu beharreko deklarazioa, baina, ez zioten hartu 2022ko maiatzaren 10era arte, eta atzerapen hori baliatu du Hiru Abokatuak bulegoko Oskar Sanchez abokatuak defentsa oinarritzeko. Izan ere, azaldu duenez, legeak hamabi hilabeteko gehieneko epea ezartzen du halako prozeduren instrukziorako, eta deklarazioa urte eta erdi igarota hartu zioten auzipetuari. Gainera, ez zuten instrukzioa luzatzeko inolako eskaririk egin, eta, beraz, defentsa eskubidea urratu zutela argudiatu zuen abokatuak apelazio errekurtsoan.  

Fiskaltzak eta Voxen akusazio partikularrak defentsaren argudioari aurka egin dioten arren, auzitegiak ontzat jo du defentsaren arrazoibidea, eta deklarazioa baliogabea dela ebatzi. Uztailaren 16ko autoan, auzitegiak jakinarazi zuen ikertuak «zer egozten zaion jakiteko eskubidea» duela. «Zaila da irudikatzea nola egin daitekeen deklarazioa instrukzio epea amaitu ondoren, defentsarako eskubideari kalte larririk egin gabe», erantsi du. Halaber, auzipetuaren abokatuak jakinarazi duenez, erabakia «irmoa» da, eta akusazio partikularrak ezingo du errekurtsorik aurkeztu. 

Ez da bakarra

Auzia artxibatu dioten emakumea, ordea, ez da egun hartan atxilo hartu zuten bakarra. Ertzaintzaren eta protestari antifaxisten arteko liskarren ondorioz, hamazazpi lagun inguru atxilotu zituzten guztira, haietako bost adingabeak. Helduak Barakaldoko 1. Instrukzio Epaitegiak auzipetu zituen, eta adingabeen auziak, berriz, Bizkaiko Adingabeen Fiskaltzaren esku geratu ziren. Oraindik ez dute zehaztu auzipetu horien kasuetan ere deklarazioa instrukzio epea gaindituta hartu zieten ala ez. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA