David Pla euskal presoa (Iruñea, 1975). Goizeko lehen orduan irten da Osnyko espetxetik (Frantzia), bost urteko kartzela zigorra beteta. Gaueko 21:00ak pasata heldu da Ziburura (Lapurdi), eta hango elkarte batean egin diote harrera. Familiarekin elkartu da bertan, eta agurra eta lore eskaintza egin diote.
Pla 2015eko irailean atxilotu zuten, Baigorrin (Nafarroa Beherea), Iratxe Sorzabalekin batera. ETAko zuzendaritzako kidetzat jota, bost urteko kartzela zigorra ezarri zioten hari, eta zazpikoa Sorzabali. Plak eta Sorzabalek epaiketan konponbiderako saioak nabarmendu zituzten, eta esan atxilotuak izan arte Frantziarekin eta Espainiarekin elkarrizketak abiatzen saiatu zirela.
Albisuri debekua Frantzian
Mikel Albisu euskal preso ohiari, berriz, ukatu egin diote Frantziako estatuan sartzeko aukera. Eskakizuna egina zuen bere bikotekide eta euskal preso Marixol Iparragirreri bisita egin ahal izateko, Reauko espetxean (Frantzia) baitago. Epaileak, ordea, ukatu egin du aukera hori. Hogei urteko espetxealdia egiten ari da Iparragirre, eta, Mediabask-ek jakinarazi duenez, irailean Espainiaratu dezakete.