Aske geratu dira atzo arratsaldean Voxen aurka protestatzeagatik atxilotutako hiru lagunak. Santiago Abascal buru duen alderdik hauteskunde kanpaina egiteko gune bat jarri zuen Atxurin, eta hainbat herritarrek protesta egin zuten. Hiru pertsona atxilotu zituzten,agintearekiko desobedientzia eta Hauteskunde Legea urratzea egotzita, eta 00:30 aldera utzi dituzte aske. Beste zortzi lagun ere inputatuta daude, hauteskunde askatasunaren aurkako delituarengatik.
Atzo jakinarazi zuten beste sei lagun deklaratzera deitu zituela Fiskaltzak, apirilaren 13an Errenterian (Gipuzkoa) Ciudadanosek emandako mitinean protesta egiteagatik. Ciudadanosek salaketa jarri zuen Espainiako Estatuko Fiskaltzan, eta ezker abertzalea eta Ernai jo zituen gertatutakoaren erantzuletzat. Protesten harira, Gipuzkoako Fiskaltzak ikerketa bat abiatu zuen maiatzean, mehatxu, irain edo gorroto deliturik egin al zuten argitzeko, eta, gutxienez, bederatzi lagun ikertu dituzte.