Espainiako bozak

Ertzaintzak hiru pertsona atxilotu ditu Bilbon, Voxen aurkako protesta batean

Atxilotuei agintearekiko desobedientzia eta Hauteskunde Legea urratzea leporatzen die Poliziak. Beste sei lagun ere ikertuko dituzte.

jarraia173385.jpg
jon olano
2019ko azaroaren 6a
09:43
Entzun

Voxek hauteskunde kanpaina egiteko gune bat jarri du gaur arratsaldean Atxuriko Enkarnazio plazan, Bilbon. 17:15 aldera, protesta egitera joan zaizkie herritar ugari, eta Ertzaintzaren hainbat furgoneta joan dira bertara; Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, hiru lagun atxilotu dituzte.

Atxilotuak polizia etxean daude, eta agintearekiko desobedientzia eta Hauteskunde Legea urratzea egotzi diete. Gainera, beste sei lagunen aurkako diligentziak zabaldu dituzte, Hauteskunde Legea urratzea leporatuta.

Apirilean ere liskarrak izan ziren Bilbon, Voxek Euskalduna jauregian eginiko ekitaldi baten kontra eginiko protestetan. Urriaren 20an, berriz, Ertzaintzak dozenaka lagunek osatutako elkarretaratze bat desegin zuen, Bilbon bertan, Voxen ekitaldi baten kontra protestan ari zirela.

Gaur bertan jakinarazi dutenez, sei lagun deklaratzera deitu dituzte abenduaren 2rako eta 3rako Donostiako epaitegian, apirilaren 13an Errenterian (Gipuzkoa) Ciudadanosek antolatutako ekitaldiaren aurkako protestan parte hartzea egotzita. Tentsioa izan zen, eta Ertzaintza oldartu egin zitzaien protestan ari zirenei. Ciudadanosek gertatutakoa salatu zuen Espainiako Estatuko fiskalaren aurrean, eta Gipuzkoako fiskalak ikerketa abiatu zuen maiatzean, aztertzeko mehatxu, irain edo gorroto deliturik egin ote zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.