Auzitegi bereko bi epaitegitan aurrera, eta beste bitan, atzera. 2023ko abenduan Zaballako espetxera (Araba) egindako martxa batengatik zigortutako lagunen helegiteak aintzat hartu dituzte Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako 1. eta 3. epaitegiek, haiei jarritako isunak «konstituzioaren aurkakoak» direlakoan. Bestelako bidea hartu dute, baina, 2. eta 4. epaitegiek: haiek atzera bota dituzte helegiteak, «poliziaren egiazkotasun printzipioan» oinarrituta.
Hala ere, isunei «modu kolektiboan» erantzuteko erabakia berretsi du Askek. Guztira, 96.480 euro ordaindu beharko dituzte, errekurtsoa jartzeak eragindako errekarguak eta gastu judizialak kontuan hartuta. Horri aurre egiteko, abian jarriko dituzte dirua biltzeko dinamikak eta «elkartasunaren debekuaren aurkako kanpaina politikoa», eta parte hartzera deitu dituzte horrekin bat datozen norbanako eta kolektibo guztiak.
Erlazionatuta
2023ko abenduaren 30ean, euskal presoei elkartasuna adierazteko Zaballako espetxera egindako martxa baten ondoren, desordena publikoa, erresistentzia eta desobedientzia egotzi zien Ertzaintzak Aske antolakundeko 128 kideri. Mozal legea aplikatuta, 1.200 euroko isuna jarri zioten bakoitzari. Antolakundeak salatu zuen ekinaldian parte hartu zutenei «heriotza mehatxuak egin» zizkietela poliziek, eta «jipoitu, goitik behera grabatu eta miaketetan ukituak egin» zizkietela.
Eusko Jaurlaritzak ez zituen zigortutako lagunek aurkeztutako helegiteak aintzat hartu, eta auzitara joko zutela iragarri zuen Askek. Gaur, epaileek hartutako erabakien berri eman dute Izpiñe Bidaurrazaga eta Kai Karasatorre antolakundeko kideek, Gasteizko Justizia Jauregiaren aurrean egindako prentsaurrekoan. Haiekin egon dira isuna jasotako hainbat lagun.
Askek azaldu duenez, helegite bana aurkeztu zuten zigortutako 128 pertsonek, eta Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako epaitegietatik bik ez dituzte aintzat hartu. Gaitzetsi dutenez, sententzia horien bitartez, «agerian geratu dira justiziaren desoreka eta epaileen subjektibotasuna». «Izan ere, bi epailek isunaren aplikazioa konstituzioaren aurkakotzat hartu dute, eta beste biek, aldiz, ontzat jo dute, poliziaren egiazkotasun printzipioa oinarri hartuta».
Elkartasun dinamika
Guztira, 153.600 euro eskatzen zizkioten hasieran. Hala ere, «ondorio ekonomikoei erreparatuta, oraindik egoera larria» dela aitortu dute Bidaurrazagak eta Karasatorrek, epaiak gorabehera, 96.480 euro ordaindu beharko baitituzte. «Errekurtsoak aurkezteak eragindako errekarguak eta gastu judizialak gehitu behar zaizkie —berretsitako— isunei», azaldu dutenez.
Zigorrei «modu kolektiboan» aurre egiteko erabakia berretsi du Askek. Batetik, elkartasun dinamika bat abian jarriko dute, isunek dakarten kalte ekonomikoari aurre egiteko. Hala, laguntza bonuak eta kamisetak salduko dituzte, eta diru ekarpenak egiteko modua ere emango dute. Bestalde, «elkartasunaren debekuaren aurkako kanpaina politikoa» abiatuko dute.