Baten faltan, bi. Irungo Dunboa auzoan (Gipuzkoa) bi etxegabetze enpresatako kideak agertu dira astebetean, auzoko bi familiari jazartzera. Gaur, «kalean gaia hizpide denez, eta zurrumurru ugari dabiltzala ikusita», Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideek eta jazartutako bizilagunek agerraldia egin dute zer gertatu den azaltzeko eta euren analisia plazaratzeko.
Sindikatuak kontatu duenez, Desokupa Castilla y Leon enpresako kideak apirilaren 17an izan ziren Irunen lehen aldiz —ez da enpresa hori Euskal Herrira etorri den lehen aldia—. Orduko hartan, «familiari etxea alokatu zion etxejabearen aginduz, maizterrei mehatxuak egin zizkieten etxebizitza utz zezaten». Agindu zieten maiatzaren 5ean itzuliko zirela, eta, hori ikusita, maizterrak harremanetan jarri ziren etxebizitza sindikatuarekin.
Ikusi gehiago
«Aholkularitza eman diegu etxejabearekin duten gatazkan, eta gertu izan gara Desokupakoak itzultzen zirenerako», azaldu dute gaur, eta adierazi hedapen kanal bat ere sortu zutela «familia babesten laguntzeko». Etxegabetze enpresa, bitartean, «etengabe» aritu zen «familiari mehatxuka eta xantaia egiten», mezu eta dei bidez. Etxejabeak beste horrenbeste egin zuen.
Azkenean, maiatzaren 5ean ez, 28an agertu ziren Irunen Desokupa CyL enpresakoak, Luis Nuñez burua tartean, 12:30 aldera. Sindikatuko militanteek aurre egin zieten etxeko ezkaratzean, eta handik botatzea lortu. Enpresakoek esan zieten 15:00etan itzuliko zirela, eta 50 lagun inguru elkartu ziren atarian ordurako, baina ez zen Desokupa CyLko inor agertu. «Kikildu egin ziren erantzun antolatuarekin topo egin ondoren. Sare sozialen bidez jakin genuen Burgosera egin zutela hanka, jatetxe batean bazkaltzera», erantsi dute.
⚠️ DESOKUPA IRUNEN
— Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista (@EtxeSindikatua) May 28, 2026
Gaur DesocupaCyL gurekin antolatuta dagoen familia bat kaleratzen saiatu da.
Gure kideek aurre egin diete eta alde egin behar izan dute.
Itzuliko direla esan dute.
Desokupazio enpresa faxisten aurrean antolakuntza komunista! pic.twitter.com/phW2EqJwZd
Handik astebete baino gutxiagora, beste etxegabetze enpresa bat agertu zen Dunboan, beste familia bati jazartzera. Bizilagunek aurre egin zieten, eta, beraz, enpresa horretakoek ere alde egin zuten, baina «aste batzuen buruan» itzuliko direla hitzemanda.
Etxejabea, «gezurretan»
Gertakari horien harira, etxebizitza sindikatuak hiru kontu adierazi ditu. Batetik, etxegabetze enpresek ez dutela tokirik «ez Irunen, ez inon». Halako enpresak «faxistak» direla nabarmendu dute, «gorakada erreakzionarioaren testuinguruan ideia faxista esplizituak zabaltzeko bitartekoak», eta kideak «jazarroi eskuadristak» direla: «Enpresari eta jabe esplotatzaileen zerbitzura, indarkeria erabiltzen dute langileen aurka egiteko».
Bestalde, etxejabeak jo dituzte egoeraren erantzuletzat: «izan ere, haiek izan dira enpresak kontratatu eta finantzatu dituztenak». Desokupa CyLk jazarri dion familiaren kasuari erreparatuta, kontatu dute familia hori «Irungo iruzurgile eta esplotatzaile baten bidegabekerien biktima» izan dela: «Etxejabea gezurretan ari da, maizterrek ez baitiote ordaintzeari utzi sekula».
«[Etxegabetze enpresek] sare sozialetan indarra eta harropuzkeria erakusten dituzten arren, erresistentziaren aurrean koldartu egiten dira»
ETXEBIZITZA SINDIKATU SOZIALISTA
Sindikatuak azaldu du kasu horrek kutsu «arrazista» ere baduela. «Beste behin ere, migratzaileen babesgabetasuna probestuz etekin ekonomikoa atera nahi duen tokiko enpresari bat topatu dugu», adierazi dute, eta migratzaileak jomugatzat dauzkaten kontakizunak kritikatu: «Irunen zabalpen handia dute mezu arrazista horiek».
Azkenik, azpimarratu dute erantzun antolatuaren bitartez lortu dutela etxegabetzeak eragoztea, eta azken asteetan egindako lanari esker izan dela modua jendea gertu eta adi egon zedin Desokupa CyLko kideak agertzean. «Sare sozialetan indarra eta harropuzkeria erakusten dituzten arren, erresistentziaren aurrean koldartu egiten dira. Hemendik zera adierazi nahi diegu desokupazio enpresei eta etxejabeei: eman amore eta ez itzuli Irunera».