Estatus politikoa. Egoeraren azterketa

Ate asko eta etxe bakarra

Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako autogobernuak bide bat egin du lau hamarkadotan. Adostasuna zabala da hura eguneratzeko beharraren inguruan; ez, ordea, etorkizuneko egituraketak izan beharreko osagaiez.

jon olano
2018ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herria egitura bakarrean batzen duen Euskal Elkargoa lehen urratsak egiten ari den aldi berean, Hego Euskal Herrian, autogobernuaren bilakaerak sistema autonomikoaren abantailak eta mugak utzi ditu agerian. Gernikako Estatutuak haren erreforma prozesu betean ospatuko ditu lau hamarkadak datorren urtean, eta, Nafarroan, berriz, oraingoz ez da eztabaidarik zabaldu 1982ko Foru Hobekuntzaren Legea eguneratzeko. Edozein gisara, estatus politikoaren eztabaidak mahai gainean jarri ditu hainbat gai: zer-nolako autogobernu maila lortu da hamarkadotan? Zer da premiazkoa aldatzea? Zein norabidetan? Erabaki eskubideak zein aukera ditu? Zertan datza proposamen federalista? Zein aukera eskaintzen ditu Europako Batasunak? Galderoi erantzuteko, lau aditurengana jo du BERRIAk: Amalur Alvarez Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlaria, Pilar Perez Fuentes EHUko Historia irakasle erretiratua, Ander Errasti Etika eta Filosofia Politikoko doktorea eta Patxi Zabaleta abokatu eta Aralarren sortzailearengana.

Diagnostikoa: mugaketa aurrerapausoak

Oro har, gazi-gozoa da urteotan garatutako autogobernuaz egiten duten balorazioa. Errastiren iritziz, «aktore askok barneratu» zuten trantsizio garaiko erakundetzearen aldeko apustua «errekonozimendu logika baten jarraipena edo gauzatzea» zela, baina frogatutzat jo du aitortza hori ez dela gertatu: «Agerikoa da Katalunian eta Euskal Herrian, batez ere Euskal Autonomia Erkidegoan, subjektu politikoaren aldarrikapena hasieratik zetorrela, ez zela etorri estatuaren deszentralizazio prozesu baten ondorioz». Beraz, uste du bi dinamika horien arteko talka bat dagoela; «Batetik, estatuak uste du EAE estatuaren zesio batzuen ondorio dela, eta bestetik, beste batzuek uste dute jada bazela subjektu politiko bat, eta hark estatuan izan dezakeen egokitzapena ez dagoela estatuaren zesioaren mende, hemen eskatzen diren eskubide, botere eta erakundetze gaitasunaren mende baizik». Horiek ezin bateratzea da gatazkak mahai gaineratzen duen ondorio nagusia, Errastiren hitzetan.

1979ko estatutua «mugarri historikotzat» du Perez Fuentesek: «1978ko konstituziotik eratorritako estatutuak historian lehen aldiz ematen digu autogobernua». Kontrara, autonomien sistema «sendoa» iruditzen bazaio ere, «konpondu beharreko arazoak» ere baditu: «Konstituzioak, dagoen bezala, ezin du bermatu sistema autonomikoaren funtzionamendua; batetik, gabeziak dituelako gobernu arteko harremanak egituratzeko, eta, bestetik, ez dituelako eskumenak behar bezala zehazten. Federazio sendoenetan, elementu horiek ezinbestekoak dira».

Nafarroan, ordea, eztabaida hori «lurperatuta» dagoela uste du Zabaletak: «Nafarroako amejoramenduaren historian, badago gezur bat denok ontzat ematen duguna, dialektikoki komeni zaigulako batzuetan: amejoramendua foruen jarraipena dela, eta ez da hala». Zabaletaren esanetan, «bigarren mailako estatutua» da Nafarroakoa: «Bai sorreratik, ez zelako bozkatu, bai edukiarengatik ere». Funtsean, ahulezia bat ikusten die 1979ko eta 1982ko testuei: ez dutela balio izan beren edukia betearazteko: «Okerrena ez da EAEko estatutuari ez zaizkiola falta zaizkion 37 eskumen horiek eman, baizik eta ez duela heldulekurik ez emanda ere ezer egiteko, ekarrarazteko edo exijitzeko». Hori gertatzen da ez dagoelako «aldebikotasunik», Zabaletaren ustetan: «Horretarako, burujabetzak bi aldeetan egon behar du».

Autogobernua eguneratzeko beharraren inguruko adostasuna badago, beraz. Ez, ordea, nola egin behar den hori. Juridikoki behintzat, autogobernuan sakontzeko aukerak ikusten ditu Alvarezek: «Ez dago konstituzioa berritu beharrik horretarako. Beste kontu bat da juridikoki jasotzen den hori errespetatu den edo ez. Katalunia da adibidea: errespetatu ez denean, behar bat sortzen da beste tresna batzuk aldarrikatzeko, ordura artekoak ez direlako bermatzen». Aitorpen faltan kokatzen du gatazka, eta, beraz, konponbidea aitortza zabalagoan eta autonomia erabakitzeko gaitasunez hornitzean kokatzen du».

Egitura berri baterantz: nondik jo

Zein forma hartu behar du euskal autogobernuaren hurrengo pausoak? Zein eduki jaso behar ditu? Errastiren iritziz, joera dago, Euskal Herriaren erakundetzeaz pentsatzean, gogoeta «estatu erakundeetan» islatzeko: «Ulertzekoa da, estatu nazioa delako joera nagusia. Baina esango nuke ez dagoela horren argi ez ote litzatekeen posible izango etorkizuneko jokaleku batean Euskal Herria aberri gisa erakundetzea estatu gisa osatu gabe». Ikusteko dago hori posible den, baina, Errastiren irudiko, aintzat hartu beharra dago hiriek gero eta pisu handiagoa dutela lurraldeen erakundetzean: «Euskal Herria nazio gisa osatu dela pentsatzera iristeko, ez dugu nahitaez pentsatu behar estatu bat bilakatu behar dela. Teorian, beste aukera batzuk badaude. Horiek gauzatzeko bide argirik badago gaur egun? Agerikoa da ezetz, baina ez ditzagun baztertu».

Beharrezko ikusten du estatus politikoa eguneratzea. Hiru dira «pizgarri» nagusiak: «Bat: lehen aldiz, guztiok dugu gaitasuna bakean eztabaidatzeko. Bi: Europako Batasunik ez zegoen 1979ko estatutua onartu zenean; garrantzitsua da estatutu berriak hori islatzea nolabait. Hiru: estatutua izan behar da egun gizarteak dauzkan behar berriei erantzuteko eman beharko diren legeen oinarrian egon beharko den funtsezko testua». Zeintzuk dira behar horiek? «Genero berdintasuna, klima aldaketa, energiaren kudeaketa eraginkorragoa… Gaur egungo estatutuak ez du oinarri finkorik ematen, egoera soziala guztiz aldatu den neurrian».

Erreforma hori zedarritu behar dela uste du, ordea, Perez Fuentesek: «Estatutua indarrean dagoen arauditik kanpo erreformatzea ez da bideragarria; frustrazioa eragingo du». Hori horrela, uste du euskal herritarrek «interes propioagatik, erreforma konstituzional baten defendatzaile nagusiak» izan behar dutela: «Ez dugu nahi gure gizartea porrot egingo duten eta haustura eragiten duten proiektu bideraezinetan sartzea».

Eredu federala argitzen

Urriaren 25ean, Espainiako sistema politikoa norabide federalean erreformatzearen aldeko adierazpen bat argitarat zuen talde batek, eta 250 inguru dira jada atxikimendua adierazi diotenak. Perez Fuentes izan da sustatzaileetako bat. Azaldu du nondik sortu zen proposamena: egoera politikoari buruzko «kezka bat» konpartitzen zuten pertsonak elkartu ziren, «irtenbideak bilatzeko» asmoz. Kezka horiek ziren, nagusiki, Kataluniako egoera politikoa, eztabaida hori Euskal Herrira etortzeko aukera eta, funtsean, «identitateak eta partaidetza sentimenduak, elkarbizitza eta aberaste elementu bat izan beharrean, etengabeko artegatasun» elementu bat izatea.

«Ezinegon» horri irtenbide bat eman nahi izan zioten, bi «balio» ardatz hartuta: «Sentsibilitate eta instituzio ezberdinen arteko leialtasuna eta ekitatea elkarbizitza demokratikoaren oinarri gisa». Prozesu horretan sortu zen konbentzimendu bat: formula federala zela «irtenbide posiblerik onena». Proposamenaren bertuteak zerrendatu ditu: uste du irtenbide «bideragarria» dela, «legalki posible» delako; horrez gain, «erabilgarria» dela, «ez duelako ondorengo arazorik sortzen»; eta «integratzailea» ere badela, «partaidetza sentimendu guztiak errespetatzen dituelako eta hausturak saihesten dituelako». Halaber, estatuaren erreforma federala «beharrezko» deritzo euskal autogobernua «defendatzeko»: «Alternatiba federala modurik onena da boterea hiru esparrutan egituratzeko: erkidegoak, Espainiako Estatua eta Europako Batasuna». Harago doa: federalismoa «ideal demokratikoen adierazpen sakona» dela uste dute, «bakea, askatasuna eta ongizate komuna bermatzen» dituelako: «Erradikalki demokratikoa da proposamena, ez delako zati batentzako irtenbide bat, guztiontzako baizik».

Kritikoagoak dira Alvarez, Zabaleta eta Errasti, nor bere lan esparrutik. Ikuspegi juridikotik, Alvarezek dio federalismoa izan dela aitortza gabezia egoerak bideratzeko erabili ohi izan den proposamenetako bat, «gehiengo bakarraren logika saihestu eta testuinguru demokratiko berean gehiengo ugari eta desberdinak bateratzeko aukera» ematen duelako: «Printzipio federalak demos desberdin horiek egituratzeko bidea eskaintzen du». Horregatik, ordea, uste du Euskal Herriko Federalistak taldeak zabaldutako proposamenak ez diola aurre egiten aitorpen gabeziaren arazoari: batetik, konstituzioaren erreforma bat proposatzen dutenez gero, «subjektu erabakitzailea espainiar demos-a» delako oraindik ere; bestetik, auzia «eskuduntza sistemaren eraginkortasunik ezean» kokatzen duelako. Horrek ez luke autogobernuan «hobetze kualitatiborik» eragingo, Alvarezen iritziz. Hortaz, nola ulertu behar da proposamen federala: eskumen zerrenda gisa edo harreman eredu gisa? Alvarez: «Harremanak egituratzeko moduan ulertzen dut federalismoa, ez sistema konpetentzialean. Hark ere sortzen ditu arazoak, baina sistema konpetentzialak arazoak sortzen ditu horren atzean aldebikoa ez den harreman bat dagoelako».

Antzeko kritika egiten dio Errastik, uste baitu bi gai nahasten direla federalismoaz hitz egitean: «Batetik, legegintzaren ikuspegitik, egia da orekaren bat bilatzen saiatu dela self rule eta shared rule esaten zaienaren artean; oreka administratibo hutsa, alegia, zein eskumenetan dagokion legeak egiteko gaitasuna eta zein eskumenetan estatuari». Errastiren arabera, oreka hori «nahiko txukun mantentzen saiatu dira», eta, beraz, estatuak «ezaugarri federalak» ditu. Bestetik, ordea, botere politikoari dagokionez, Errastik agerikotzat du ez dagoela «botere partekatu bat» eta boterea «estatuko erakundeetan» dagoela: «Ez da kultura federal bat barneratu; federal hitzaren beraren sustraian dago esanahia: foedus, ituna, eta hori ez da garatu».

Itunaz mintzo da Zabaleta ere. Harentzat, proposamen federalista onargarri da soilik «estatu federatuek erabaki eskubidea baldin badaukate». Juan Luis Ibarra Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Auzitegi Nagusiko presidenteak asteazkenean esan zuen erabakitzeko eskubidea ezin dela erabili konstituzioz kanpoko zuzenbide iturri gisa, eta uste horren aurkakoa da Zabaleta: «Hori gezurra da. Legea demokraziaren azpian dago; herritarren borondatea legea aldatzeko gai da. Hori da demokraziaren oinarrizko arau bat». Federalisten proposamenari erreferentzia eginez, uste du «PSOEren ildoko pentsalari eta intelektualek legearen lehentasuna» defendatu izan dutela, eta hori ez dela demokratikoa: «Aldebikotasunaren eta aldebakartasunaren arteko lehia argitu behar da: aldebikotasuna bai, baina alde bakoitza burujabea izanez».

Burujabetza kontzeptuaren aurkakoa da, baina, Perez Fuentes: «Subiranotasun hitza ere ez genuke erabili beharko, zaharkituta dago. Interdependentziaz hitz egin beharra dago. Kontua da nola banatzen ditugun botereak».

Historiara jo zalea da Zabaleta, eta paralelismoak topatzen ditu gaur egungo proposamen federalistaren, 1841eko Lege Pakzionatuaren eta 1200eko Gasteizko Voluntaria Entrega esaten zaionaren artean. «Paktismoak» batzen ditu hirurak, haren ustez: «Lege Pakzionatua ezin zen pakzionatua izan, irabazle eta galtzaile batzuen artekoa zelako. Gauza bera da Gasteizko Voluntaria Entrega famatua. Noren borondatezkoa? Borondatez Gaztelara pasatzeko erabakia hartu zuten haiek, gero mantentzen al dute borondate hori banantzeko? Edo borondate horrek soilik balio al zuen Espainiarengana joateko?». Hortaz, «erro bera» ikusten die hirurei: «Denak dira zuhaitz beraren adarrak: Erdi Aroko paktismoa, Voluntaria Entrega, federalismoa eta legearen lehentasuna enbor beretik datoz. Federalismoaren teoria da erdi aroko pakzionismoaren gaurkotzea». Horri erantzuteko, oinarri juridiko-filosofikoetara jo behar dela uste du: «Itun bat egiteko, lehen baldintza da ituna egiten duen bakoitzaren askatasuna. Ezin dute itunik egin otsoek eta ardiek. Hori itun itxurako beste edozer izango da».

Erabakitzeko eskubidea: bideak eta balioak

Federalismoaren aldekoa ez da azken aste eta hilabeteetan plazaratutako manifestu bakarra. Dozenaka lagunek apirilean zabaldu zuten beste bat, Demokrazia Bai izenpean, eta sinatzaileetako bat da Zabaleta. Horren arabera, euskal herritarrek «herri eta nazio bezala aintzatesten» dituen estatus bat behar dute: «Berdintasunean oinarritutako aldebikotasuna gure bi erkidegoen eta estatuaren artean. Hau guretzat funtsezko kontzeptua da, burujabetzaren eta autogobernuaren ahalmenak instituzionalizatzerakoan oinarritzat hartu beharrekoa, kontsulta eta erreferendumei dagozkien eskumen oso eta esklusiboak barne, haiek baitira oinarrizko tresna gure bizikidetza demokratikoarentzat». Erabakitzeko eskubidea jasota dago Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak estatus politiko berrirako onartutako oinarrietan ere.

Askotariko gogoetak sortzen dituen kontzeptua da hori ere, ordea: hala esanahiaz, nola bideragarritasunaz, beharraz edo komenigarritasunaz. Alvarezen iritziz, zuzenbidea ez da traba, uste baitu erabakitzeko eskubidea garatzeko aukera jasota dagoela konstituzioan; autonomiarako eskubidean, printzipio demokratikoan nahiz eskubide historikoetan: «Disposizio horiek guztiak dira erabakitzeko eskubidea».

Barne eta kanpo autodeterminazioa bereizi ohi direnez gero, bien arteko aldeaz mintzo da Errasti: «Batzuetan, barne autodeterminazioa gauzatzeko, ez dago beste aukerarik estatu independentea sortzea baino». Hori da egin beharreko galdera, haren iritziz: badagoen beste aukerarik; «Adostasun zabala dagoenez ezin diogula uko egin autodeterminazioari egun dauzkagun nahi, behar eta asmoei erantzuteko, euskal gizarteak bere buruari galdetu behar dio ea autodeterminazio horrek estatuaren barruan biderik ote duen edo ez».

Zabaletak, berriz, nahiago du diskurtso politikoaren esparruari erreparatu, ezinbestekoa iruditzen baitzaio erabakitzeko eskubidea eguneroko bizimoduarekin eta etorkizunarekin lotzea: «Erabakitzeko eskubideak ba al du loturarik Naval ontziola mantentzearekin? Nire ustez, bai. Ba al du loturarik egun batzuk barru Bardean NATOko hegazkinek egingo dituzten maniobrekin? Bai. Berdin Iparraldean migratzaileekin, Euskal Herriak arazo horri erantzun bat emateko ahalmena izan beharko lukeelako eta ez daukalako. Baina hori horrela adierazten ez dugun bitartean, gure herriak ez du erantzunik emango».

Bestelako iritzia du Perez Fuentesek. Aitortu du, hitzez hitz, erabakitzeko eskubideak «oinarrizko eskubide bati» egiten diola erreferentzia —alegia, askatasun printzipioari—: «Generikoki, inork ezin du ukatu, eta ideia liberal eta demokratikoen parte da». Egungo testuinguru politikoan, ordea, kontzeptuak beste esanahi batzuk dituela uste du, burujabetza, nazioa eta lurralde arteko harremanak ulertzeko era zehatz batekin lotura dutenak: «Testuinguru honetan, autodeterminazio eta sezesio eskubideaz ari gara».

Ñabardura eginda, Perez Fuentesek uste du «prozesu engainagarriak» direla, «sinplifikatzaileak, banaketa eragiten dutenak», eta, beraz, ez direla «eredu demokratikoak»; are, «sakonki antidemokratikoa» iruditzen zaio: «Erabakitzeko eskubideak subjektu uniforme eta sentipenetan homogeneo baten ideia jasotzen du; alegia, zati baten inposizioa beste zatiarekiko, bigarren hori herriaren parte ontologikotzat jotzen ez delarik, nahiz eta gizarte beraren parte izan». Proposamen federalistaren abiapuntua «aniztasuna» denez gero, uste du horrek «nagusitasun demokratikoa eta etikoa» duela erabakitzeko eskubidearekiko: «Aho batez pentsatzen eta sentitzen duela dioen subjektu baten erabakitzeko eskubideak kultura demokratiko eskasa dauka, eta ez da inklusiboa. Ezin da irtenbidea izan, ez delako operatiboa, haustura sozial eta politikoa sortzen duelako».

Haustura sozial eta politikoa eragitea egozten dio Perez Fuentesek erabakitzeko eskubideari, baina Alvarez ez dator bat baieztapen horrekin: «Aitorpen gabezia batek eta proiektu politiko bat aurrera ateratzeko blokeoek sortzen dute polarizazioa; erreferendumek polarizazio hori azaleratu baino ez dute egiten». Era berean, uste du «modu natural batean eztabaidatzean eta demokratikoki erabaki ahal izatean», onartu behar dela «joko demokratikoan zure aukerak irabazi edo galdu egin dezakeela. Eta batzuek ez dakite joko demokratiko horretan jolasten».

Kontzertu ekonomikotik kontzertu politikora

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta EAJk estatus politikoa eguneratzeko bidean defendatutako proposamena izan da Kontzertu Ekonomikoaren eredua alor politikora eramatea. Posible da? Zein ezaugarri izan beharko lituzke hitzarmen horrek?

Kontzertua eta Hitzarmena «garrantzitsuak» dira, baina «ez dira sublimatu behar», Zabaletaren iritziz: «Agerikoa da estatuko zati garen bitartean, estatuko gastuetarako eman behar dugula kupoa eta emaitza. Hor ere, eztabaida mendekotasunean oinarrituta egon da». Uste duen arren biak, «eskubide historiko diren heinean», defendatu behar direla, azpimarratu du ez direla «aldebikoak»: «Aldebiko itxura dute. Pakzionismoak beti du itun baten itxura, bere zilegitasuna eta sistemarena defendatzeko: horregatik daramatza 800 urte». Tresna «partzialak» eta «behar bezalakoak» ez direla pentsatzen duen arren, horiek baliatzearen aldekoa da. Eskubide historikoak eguneratzeko modu bakarra ikusten du, ordea: erabakitzeko eskubidea.

«Formalki» aldebiko harreman bat irudikatzen badute ere, Errastik uste du Kontzertuaren eta Hitzarmenaren kasuan ere bistan geratu dela «estatuak unean-unean izan dituenpizgarri politikoen mende» egon dela: «Estatuan ez dago shared power edo partekatutako botere eredu garatu bat, eta, beraz, esatea estatua federazio bat dela uste dut ez dela egokia analitikoki». Areago, «ezerk» ez dio pentsarazten edozein erreforma prozesutan estatuko eragileek norabide federala hartzeko asmoa dutenik.

Europako aukerak eta nazioarteko praktikak

Alvarezek amaitzear du erabakitzeko eskubideari buruzko doktorego tesia, eta nazioarteko adibide batzuk aztertu ditu bertan. Harentzat, Eskoziakoa da lurralde gatazka bat bideratzeko eredurik egokiena: «Eskoziaren aitortzatik» abiatu zen erreferendumaren negoziazio prozesua, eta «bi gobernuek aldebiko hitzarmen bat sinatu zuten». Ez da izan Espainiak jarraitutako bidea, eta uste du hori porrot bat dela estatuarentzat berarentzat: «Horrelako prozesuak blokeatzeak kalitate demokratikoa jaisten du, eta estatua bera galtzaile ateratzen da».

Errastik, berriz, aukerak ikusten dizkio Europako Batasunaren testuinguruari, aldaketak gerta litezkeelako epe motz-ertainera: «[Espainiako] Estatuak ez badauka pizgarririk federalizatzeko, eta Europako Batasuna oso erakunde konplexua bada ere, egitura federal baterantz baldin badoa, egon liteke estatu batekin baino Europako Batasunarekin federatzeko aukera garatzen saiatzeko aukera». Hala ere, Errastirentzat berarentzat ez dago argi Europako Batasunak horretarako gaitasuna duen: «Behintzat, badirudi Europako hauteskundeen ondoren [2019ko maiatza], momentu konstituziogile batean sartuko garela, Europako Batasunak bere burua birpentsatu beharko duela, eta agian zabal liteke leihoren bat hori garatzen saiatzeko».

Proposamen federalistak lurraldeen arteko «harreman horizontalak» sustatzen dituenez gero, Perez Fuentesek uste du eredu hori egokia litzatekeela Arabaren, Bizkaiaren, Gipuzkoaren eta Nafarroaren arteko lankidetza areagotzeko; hain justu, lurralde arteko lankidetzaren ikuspegitik, Europako Batasuneko kide izatearen aukerak balioetsi ditu: «Euskal Herri penintsularrak inoiz ez du historian zehar gaur bezainbeste aukera eduki Euskal Herri kontinentalarekin harremanetan egoteko: mugimendu askatasuna, Akitania-Euskadi-Nafarroa euroeskualdea... ».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.