Udal eta foru hauteskundeak

Atutxa: «Eudeleko ordezkaritza estatutuek zehazten dute»

EAJren BBBeko presidenteak EH Bilduri eskatu dio 2019an onartu zituen estatutuak errespetatzeko.

Itxaso Atutxa eta Arnaldo Otegi, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ/ FOKU
2023ko ekainaren 21a
16:54
Entzun 00:00:0000:00:00

Eudel Euskal Udalen Elkartearen presidentetzaren inguruan EH Bilduren eta EAJren artean sortutako ika-mika ez da baretu. Asteon, Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusiak adierazi zuen koalizio subiranistari dagokiola elkartearen presidentetza hartzea, maiatzeko bozetan zinegotzi gehien lortu zuen indarra izan zelako. EAJk, baina, berehala itxi zion atea aukera horri, argudiatuta jeltzaleek lortu zutela boto gehien eta haiei dagokiela kargu hori hartzea. Baina EH Bilduk azpimarratu du ez duela zertan horrela izan, eta eskatu du beste aldagai batzuk kontuan hartzeko: zinegotzi eta alkatetza kopurua. Koalizioak 1.050 zinegotzi ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoan– EAJk baino 70 gehiago – eta 107 udal – EAJk 90—.

Gaur, Itxaso Atutxa EAJren BBBeko presidenteak EH Bilduri erantzun dio Eudelen estatutuek ezartzen dutela alderdi bakoitzak bertan izan behar duen ordezkaritza, «eta ez EAJk». Eta gogorarazi zion alderdi subiranistak berak estatutu horien alde bozkatu zuela 2019an.

Atutxak Euskadi Irratian adierazi du EH Bilduk Eudeleko presidentetza aldarrikatzeak «koherentziarik eza» islatzen duela: «Hauteskunde gauetik behin baino gehiagotan ikusi dugunez, koalizio independentistak ez dio eusten koherentziari». Izan ere, gogoratu du EH Bilduk elkartearen estatutuak onartu zituela 2019an, eta erabaki hura errespetatzeko galdegin dio. Are: 2019an egin bezala, alderdi bakoitzari dagokion ordezkaritzaren araberako zerrenda bateratua aurkezteko proposamena babesteko eskatu dio Atutxak EH Bilduri. Koalizioaren jarrera deitoratu du jeltzaleak: «Guk ez dugu aldatu jarrera, eta ez dakit zergatik ari den orain EH Bildu iruzur egiten. Badakit ordezkaritza nabarmena lortu dutela, baina argi dago EH Bilduk berak onartutako estatutuek zehazten dutela bakoitzari zer ordezkaritza dagokion».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.