«Atutxak ez dezala galdu Rosa Zarraren hilketagatik barkamena eskatzeko aukera»

Gaur 30 urte bete dira Ertzaintzaren pilotakada batek Zarra hil zuenetik. Urteurreneko ekitaldian esan dute Ertzaintzak eragindako urraketa guztiak aitortzeko garaia dela.

Rosa Zarra oroitzeko ekitaldia, Donostiako Olaeta plazan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Rosa Zarra oroitzeko ekitaldia, Donostiako Olaeta plazan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2025eko ekainaren 29a
16:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Ertzaintzak eragindakoak bigarren mailako biktima gisa sailkatzen dituzten inertziak amaiarazteko garaia dela adierazi dute gaur Donostian. Astelehenean beteko dira 30 urte Poliziak Rosa Zarra hil zuenetik, eta, hura oroitzeko ekitaldian, nabarmendu dute aitortza instituzionalerako eskubidea esparru indibidualetik kolektibora igaro behar dela. Ertzaintzak hildakoak, torturatutakoak eta zauritutakoak gogoan, Egiari Zor fundazioak eta Zarraren familiak eskari zehatzak egin dizkiote Eusko Jaurlaritzari: autokritika zintzoa egitea, Ertzaintzak eragindako mina aitortzea, erantzukizunak onartzea eta erreparaziorako borondatea agertzea.

Ekitaldian gogorarazi dute ia 30 urte borrokaren ostean lortu dutela Zarraren heriotza Ertzaintzak eragin zuela frogatzea eta «ez hanka ez buru ez zuen bertsio ofiziala» gezurtatzea, aurtengo martxoan. «Baina, horretarako, Rosaren familiak bizitza erdia eman behar izan du negazionismoaren, inpunitatearen eta kontakizun gezurti bat inposatzeko saiakeraren aurkako borroka etengabean; 30 urteko ibilbide nekeza, mingarria eta zaila izan da», kontatu dute. Hitzaldian zenbait aldiz aipatu dute 1995. urtean Segurtasun sailburu zena, Juan Mari Atutxa, eta galdegin diote ez dezala galdu barkamena eskatzeko aukera.

15100076
Rosa Zarra oroitzeko ekitaldia, Donostiako Olaeta plazan. ANDONI CANELLADA / FOKU

Dena den, urteurrena baliatu dute gogorarazteko Zarraren familiaren borroka «egin zietena ofizialki aitortu dezaten borrokan jarraitzen duten ehunka familiaren eta milaka pertsonaren borroka» dela, eta helburu duela «giza eskubideen bermatzaile izatera deituta daudenek eragindako urraketa bakar bat ere» ez ahaztea.

«[Aitortza lortzeko], Zarraren familiak bizitza erdia eman behar izan du negazionismoaren, inpunitatearen eta kontakizun gezurti bat inposatzeko saiakeraren aurkako borroka etengabean»

PILAR GARAIALDE Egiari Zor fundazioa

Aipatu dute askotarikoak direla Ertzaintzak eragindako biktimak —hildakoak, torturatutakoak eta zauritutakoak—, eta datuak ere eman dituzte: hamalau hildako, 311 torturatu eta ehunka zauritu. «Aitortza hauen harira, isiltasun hotza izan da Jaurlaritzaren adierazpen publikoa», gaitzetsi dute. Gogor jo dute Gasteizko gobernuaren aurka: «Aitortzarako, justiziarako eta erreparaziorako eskubidea aldarrikatu duten bakoitzean, biktimak legitimitatea kentzeko helburuarekin, edozein gezur, akusazio edo justifikazio erabili dute».

Lau eskari Jaurlaritzari

Ekitaldiaren antolatzaileen irudiko, gaur egun ukaezina da Euskal Herriko gatazka politikoaren harira estatu aparatuek milaka pertsonaren giza eskubideak urratu zituztela, eta Ertzaintzak ere parte hartu zuela urraketa horietan. Adierazi dute azken hamarkadako bilakaera positiboa dela, baina, hala ere, uste dute bide luzea dagoela egiteko, «Rosa bezalakoak bigarren mailako biktima gisa sailkatu nahi dituzten inertziak desaktibatzeko».

15100190
Rosa Zarra oroitzeko ekitaldia, Donostiako Olaeta plazan. ANDONI CANELLADA / FOKU

Amaitzeko, Jaurlaritzako kideei mintzatu zaizkie. Azken urteetan biktimen inguruan egin dituzten adierazpen batzuk txalotu dituzte, eta, iritzi diote, bide beretik, «guztiz logikoa» dela Ertzaintzak biktimak eragin izanaren erantzukizuna ere norbaitek hartzea. Horregatik, lau eskaera egin dizkiete Imanol Pradales lehendakariari eta Bingen Zupiria Segurtasun sailburuari: autokritika zintzoa egitea, Ertzaintzak eragindako mina aitortzea, erantzukizunak onartzea eta erreparaziorako borondatea agertzea.

Olaeta plazan egin duten ekitaldian —Zarra hil zuten tokitik gertu—, emanaldia egin du Mugan musika taldeak; gero, Iñaki Goñi Rosa Zarraren ilobak hiru bertso eskaini dizkio izebari, eta hitza hartu dute Ales Elosegi mediku erretiratuak, Maider eta Rosa biktimaren alabek eta Egiari Zor fundazioko Pilar Garaialdek. EH Bilduko eta Sortuko ordezkariak ere bertaratu dira. Guztiek batera Txoria txori abestuz amaitu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.