Libre utzi dute «terrorismoa goraipatzeagatik» Biriatun atzo atxilotutako gizona

Kargurik gabe utzi dute aske Frantziako Poliziak atzo goizean atxilotu zuen militante politikoa. Atxiloaldiari lotua zaion berezko ikerketa besterik ez dute bururaino eramanen.

Errepresioaren kontrako manifestaziora deitzeko zenbait militantek Baionako auzitegiaren aitzinean egindako prentsaurrekoa, apirilean. GUILLAUME FAUVEAU
Errepresioaren kontrako manifestaziora deitzeko zenbait militantek Baionako auzitegiaren aitzinean egindako prentsaurrekoa, apirilean. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai
2026ko maiatzaren 20a
10:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Atxiloaldia luzatu zioten, baina, azkenean, libre utzi dute atzo goizean Biriatun atxilotutako militante politikoa, kargurik gabe.

Gaur goizean, jadanik, Mariel Garrigos Baionako prokuradoreak zenbait argibide eman zituen aferaz: «Baiezta dezaket [atzo] goizean atxilotu genuela eta zaintzapean atxiki, sare sozialetan bideo bat zabalduz terrorismoaren gorazarre egin izanarekin loturik egon daitezkeen egitateengatik». Atxiloaldia luzatu zioten, eta gaur bertan erabakitzekoa zuten prozeduran zer urrats egin.

Azkenerako, kargurik gabe utzi dute gizona aske; atxiloaldiari lotua zaion berezko ikerketa besterik ez dute bururaino eramanen.

Frantziako Poliziak atzo goizean atxilotu zuen militante politikoa, Biriatun (Lapurdi). Baieztatu dutenez, gizonaren bikotekidea atzo arratsaldean deklaratzera deitu zuten.

Gizon gaztea Urruñakoa da jatorriz, herriko ikastolako irakaslea. Hain zuzen ere, Urruñako ikastolako irakasleek, langileek eta bulegoak «elkartasun osoa» adierazi zioten atzo ohar batean, eta elkarretaratzera deitu zuten Urruñako pilota plazan, 17:30ean.

Larunbatean, manifestazioa egin zuten Baionan hainbat kolektibok deituta, azken hilabeteetako errepresioa salatzeko. «Gure borroka ildoak segitu eta kolektiboki indartuko ditugu, hori baita, azken finean, erantzunik hoberena errepresioaren aurka», adierazi zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE