Atxiloketak Luhuson, ETAren «armagabetzea oztopatzeko»

«Gizarte zibilak bere gain ardura hartu, eta ETAren armategia desegiteari ekin dio», idatzi, eta operazioren berri eman du Twitter kontu batek. Gutxienez hiru lagun atxilotu dituzte

Operazioa salatu zuen Twitter kontuak — @bakeaEHan— atzo iluntzean zabaldutako irudia; ustez, armak indargabetzeko gailuak lirateke. BERRIA.
Erredakzioa
Baiona
2016ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
ETAren armagabetzeari beste kolpe bat eman diote Frantziako eta Espainiako estatuek. Atzo iluntzean, polizia operazioa egin zuten Luhuso eta Heleta arteko etxe batean (Lapurdi) Frantziako Poliziak eta Guardia Zibilak. Espainiako Barne Ministerioak jakinarazi zuenez, hiru lagun atxilotu zituzten —bost, beste iturri batzuen arabera—. Etxe bat miatu zuten, eta Barne Ministerioaren oharraren arabera, «zehaztu gabeko arma eta lehergai kopuru bat» ere aurkitu zuten bertan. Edizio hau ixteko unean, ez zegoen informazio gehiago, eta zabalik jarraitzen zuen operazioak.

20:30 pasatxoan, Twitter kontu bat —@bakeaEHan— sortu eta haren bidez salatu zuten ezezagun batzuek polizia operazioa egiten ari zirela Luhuson: «Gizarte zibilak bere gain ardura hartu, eta ETAren armategia desegiteari ekin dio», jarri zuten mezu batean. «Operazio poliziala martxan Luhuson, gizarte zibilaren bidezko ETAren armagabetzea oztopatzeko. Etorri bake prozesua babestera», hurrengoan. Luhusora «berehala» joateko deia egin zieten herritarrei, elkarretaratze baketsu bidez «prozesua babesteko». Denbora gutxiren buruan, dozenaka pertsona inguratu ziren miatzen ari ziren etxearen ingurura, atxilotuei babesa agertzera. Aipatutako mezuez gain, ustez armak indargabetzeko erabiltzen ari ziren gailu batzuen argazkiak ere zabaldu zituzten aipatutako Twitter kontutik.

2014ko otsailean iragarri zuen ETAk armak zigilatzeko prozesua. Erakutsi ere egin zuen, bideo batean, baliogabetuta zuela arma kopuru bat.Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko kideek egiaztatu zuten gainera keinu hura.

Armagabetzeari «boikota»

Geroztik, ordea, hainbat operazio egin dituzte Parisek eta Madrilek prozesu horren aurka. Azkena, azaroaren 6an: Espainiako eta Frantziako poliziek Mikel Irastorza atxilotu zuten Azkainen (Lapurdi). ETAren armagabetzea «boikotatu» nahi dutela salatu zuten orduan nazioarteko begiraleek. Urriaren erdian, berriz, ETAren hainbat arma atzeman zituen Frantziako Poliziak Oisen, Paristik gertu. Egun batzuetara ETAk ohar baten bidez erantzun zuen zigilatze prozesutik kanpo utziak zituela arma horiek.

Urrian bertan, ETAk jardun armatua utziko zuela iragarri zueneko bosgarren urteurrenean, Foro Sozialak ETAri eskatu zion, armagabetzea «euskal gizartearekin» batera egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.