Gero eta globalizatuagoa den mundu honetan, Eusko Jaurlaritza ere nazioartera begira jarri da inoiz baino gehiago. Euskadi Globala estrategia da horren erakusgarri, zeinaren bidez nazioarteko sareak eraiki eta indartu nahi dituen. Horren barruan kokatu du euskal diasporarekin zubiak sendotzeko erronka ere. Izan ere, Ander Caballero (Bilbo, 1979) Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetako idazkari nagusiak azpimarratu duenez, diaspora «elementu garrantzitsua» da aukera berriak arakatzen laguntzeko. Botere leuna esaten dioten horren bidez eragitea nahi dute, hots, kulturaren, hizkuntzaren edo egiteko moduen bidez. Izan ere, Euskal Herria munduan ezagutzera emateko modua ematen du diasporak: «Gure ustez, diaspora Euskadik daukan soft power horren elementu nagusietakoa da».
Ikusi gehiago
Zein da Jaurlaritzak diasporarekin duen harremana?
Harremana oso gertukoa da, zintzoa eta emankorra. Eguneroko harremana dago: telefonoz deitzen digute, eskakizunak eta ekarpenak egiteko, iritzia emateko, eta baita kritika egiteko ere, noski. Azken finean, martxan ditugun programei lotuta beti dago hartu-eman bat, nahiz Gaztemundu edo Ateak Ireki, nahiz beka deialdiei eta bestelako mekanismoei dagokienez. Emankorra da, berba horietatik gauza asko ateratzen direlako. Orain, legearen kontuarekin ekarpen asko jaso ditugu, adibidez. Eta zintzoa da, ez dutelako ezer ezkutatzen. Eta horrela izan behar da; guk ere horrela ikusten dugu, batez ere, gutako asko diasporako kide izan garelako. Nik neuk 25 urte eman ditut Euskaditik kanpo bizitzen; 47 urte ditut orain, beraz, nire bizitzaren erdia baino gehiago hemendik kanpo eman dut.
Diaspora bera ere aldatu egingo zen urteekin, ordea. Nolakoa da gaur egun?
Gure diaspora oso aktiboa da. Beren esparruetan, herrietan, klubetan, komunitateetan, oso aktiboak dira. Hasiera batean arrazoi ekonomikoengatik alde egiten zuten gehienek, eta, gero, guda zela eta. Baina hurrengo belaunaldiak beste arrazoi batzuengatik hasi ziren edo hasi ginen kanpora joaten: ikasketengatik, lanera denboralditxo baterako joateko, Erasmusen norbait ezagutu duelako… Gaur egungo diaspora desberdina da: askoz ere konektatuago dago, sareetan dabil, ez dago horren antolatuta, eta Euskal Etxeak jada ez dira hain beharrezkoak haientzat. Egungo errealitatera egokituta dago, berria da, eta, hain justu ere, horregatik eguneratu eta indartu nahi ditugu zubiak.
Zer rol jokatzen du diasporak Jaurlaritzaren kanpo edo nazioarteko harremanetan?
Rol garrantzitsua dauka gaur egun, eta izan du lehen ere. Pentsa [Jose Antonio] Agirreren garaian zelako rola jokatu zuen. Edo geroxeago Laxalt familiak AEBetan, aboitistarrak Filipenetan, Belaustegigoitiak Mexikon, edo beste hainbatek Txilen, Uruguain edo Argentinan. Esan nahi dut: beti izan du rol bat. Batzuetan politikoa izan da, eta, beste batzuetan, ekonomikoa edo akademikoa. Diaspora harreman mekanismo bat baita azken finean, bozgorailu bat, Euskadiren irudia, balioak, kultura eta hizkuntza zabaltzeko. Gaur egun aukerak bilatzen lagundu du. Arlo ekonomikoan, inbertsioak erakarrita edo gure enpresen nazioartekotzean lagunduta; eta, arlo akademikoan, ikerketa prozesuak partekatuta, edo ikasleen trukea sustatuta.
«Nahiz eta txikiak izan zenbakietan, gure balioek, gure egiteko moduek, gure ezaugarri propioek pisu espezifiko handia izan dezakete esparru batzuetan»
Posible da lotura kultural edo tokikoetatik abiatuta harreman transnazionalak sortzea? Diplomaziaren mailako zerbait, herrialdeen artean eragina izan dezaketenak.
Bai, erabat. Diplomazia beti ikusi izan da gizon trajedunek egiten duten zerbait bezala. Baina gaur egungo diplomazia ez da hori. Gutako edozein izan daiteke diplomazialari moderno bat. Zu kanpora zoazenean, modu batean edo bestean harremanak egiten badituzu eta Euskadiren onurak saltzen badituzu, hori bada diplomazia egiteko modu bat. Beraz, diasporako kideak agente diplomatikoak dira? Erabat. Eta soft power horren aktibatzaileak direla? Zalantzarik gabe.
Kultura, erlijio eta herrialde jakin batzuetako diasporak ezagunak egin dira haien rola oso garrantzitsua bilakatu delako. Gu txikiak izanik ere, posible da horrelakorik lortzea?
Ez dut uste txikitasunak, zenbaki aldetik, inpaktu diferentzia bat ezartzen duenik. Agian, juduen edo irlandarren kasua da hori. Egia da zenbakiak diferenteak direla, baina haien inpaktua benetako ahalmena baino handiagoa izan da askotan. Ingelesez esaten den moduan: punch above your weight [zure ahalmenaren gainetik aritu]. Guk ere badugu hori egiteko aukera, zergatik ez? Nahiz eta txikiak izan zenbakietan, gure balioek, gure egiteko moduek, gure ezaugarri propioek pisu espezifiko handia izan dezakete esparru batzuetan: polizia kluster batean, industria politiketan, kultura edo hizkuntza gutxituen politiketan... Uste dut aukera asko dauzkagula, bai diasporaren bitartez, bai kanpo harremanetatik egiten dugun lanaren bitartez, gure herriarentzako onura handiak lortzeko.
Diasporaren eta euskal gizartearen arteko zubiak indartu nahi dituzue. Nola egingo duzue hori?
Harremanak indartzeko kontu hori ez da oraingoa, ez da berria. Prozesu luze bat egon da, eta horren emaitza da. Bat gatoz, egoera diferentea den heinean, diaspora desberdina den heinean, eta beharrak ere aldatu diren heinean, harremana ere aldatu egin behar dela. Tira, aldatu baino gehiago, eguneratu. Dinamizatu egin nahi dugu diasporarekin dugun harremana. Eta horretarako eguneratu nahi dugu legea, 32 urte ditu orain indarrean denak eta.

Diaspora sarri kulturarekin lotu izan da, folklorearekin. Baina hori baino gehiago da: identitatea, komunitatea. Eta hori argi ikusten da Jaurlaritza prestatzen ari den lege berrian. Diaspora modu zabalago batean interpretatzen du testuak.
Diasporak beti izan du kultura bere ezaugarri nagusietako bat. Gure izaera mantentzeko tresna edo mekanismoak beti izan dira hizkuntza eta kultura: dantza, kantua, artea, literatura eta abar. Eta horren adibide dira Argentinan egin ziren argitalpenak edo AEBetako dantza taldeak. Beraz, kultura beti izango da ildo nagusi bat, eta legeari ekarpenak egin dizkion agenteetako bat Kultura Saila izan da. Lege honetan aukera itzelak ikusten dituzte gure kultura mundura zabaltzeko.
Diasporak zein ekarpen egin dio?
Bi urte hauetan, legearen testu proposamena argitaratu aurretik, entzute prozesu zabal bat egin dugu ekarpenak jasotzeko. Prozesu horrekin zera lortu gura izan dugu: diaspora legearen eguneraketaren parte aktibo izatea. Zelanbait, lege hau bere lege lez hartzea nahi genuen.
Eta zer eskatzen dizuete?
Lehenik eta behin, eskatzen digute harremana eguneratzeko. Eskerrak eman dizkigute prozesuari behingoz heldu diogulako, baina kulturatik harago joateko eskatu digute. Zutabe horri eustea, noski, baina bestelako harreman bat sortzeko gura dago. Aukerak badaude, adibidez, euskal jatorriko ikasleak hona etorri eta ikasketak bertan egiteko, edo laneratzea errazteko. Beste esparru batzuetan, arlo sozialean esaterako, agente aktibo izan nahi dute. Kongresua eta Aholku Batzordea ere errealitate berrira egokitzeko eskatzen digute.
«Diasporak beti izan du kultura bere ezaugarri nagusietako bat. Baina harago joateko eskatu digute; zutabe horri eustea, noski, baina bestelako harreman bat sortzeko».
Jaurlaritzak ordezkaritzak ditu mundu zabalean, baina, horiez gain, Euskal Etxeak ere badaude, eta pisu handia izan dute orain arte diaspora antolatzeko moduan. Baina beste ordezkaritza mota batzuk sortu dira. Zer garrantzi du sare horrek?
Legeak berak jasotzen dituen berritasunetako bat hori da. Euskal Etxeak izan dira, oraindik ere badira eta gero ere izango dira diaspora antolatzeko ezinbesteko tresna. Leku batzuetan gehiago eta beste batzuetan gutxiago, noski. Batzuek leku fisiko baten beharra izango dute, eta beste batzuek, berriz, nahiago izango dute sareak eskaintzen dituen aukerak baliatu: enpresa sareak, profesional sareak, ikasleenak, edo kanpoan bizi direnak konektatzeko tresnek eskaintzen dituztenak. Sare horien rolak nolakoa izan beharko lukeen jasotzen du legeak, zehazten baitu antolatutako komunitateez gain, komunitate birtualak ere egon daitezkeela. Horiei ere balioa eman gura diegu.
Beste aldaketa nagusietako bat identitatearen aitortzan dago. Aurrerantzean lau belaunaldirainoko herritarrak aitortuko dira, eta beste migrazio arrazoi batzuk ere aintzat hartuko dira.
Garrantzi handia ematen diogu horri, zabaldu egiten dugulako euskaldun sentipen edo identitate hori. Batetik, belaunaldi ikuspegitik, laugarren belaunaldiraino heltzea proposatzen dugulako. Eta, bestetik, afinitatezko diaspora bat sortzea ere proposatzen dugulako. Komunitate askotan ikusi baitugu asko direla euskal jatorriko arbasorik izan gabe euskal identitatearekin bat egiten dutenak. Bere komunitatean ikusi dute zer esanahi duen euskaldun izateak eta euskaldun sentitzeak, eta horren parte izan nahi dute. Horrek balio itzela du, eta ekarpen izugarria egiten dio Euskadiri.
Ez zaie herritartasuna aitortuko, baina eskubide batzuk aitortuko zaizkie hona etortzen direnean.
Hori lehen ere bazen haien eskubideetako bat. Baina legean jasotzea garrantzitsua zen bai haientzat, bai guretzat, Euskadi global honen parte sentitu eta izan daitezen nahi dugulako.
«Komunitate askotan ikusi dugu asko direla euskal jatorriko arbasorik izan gabe euskal identitatearekin bat egiten dutenak. Horrek balio itzela du, eta ekarpen izugarria egiten dio Euskadiri»
Migrazioari buruzko interpretazio zentro bat ere sortu nahi du Jaurlaritzak. Non egongo da, eta zein izango da haren xedea?
Legean aipatzen den proiektu bat da, bai, eta euskal emigrazioaren historia jasoko du. Lehenik eta behin, ostera ere diasporarekin partekatzea da gure asmoa. Azken finean, beren izatearen eta historiaren parte delako. Beraz, ongi aztertu gura dugu; ikusi non jarri behar den, edo zer forma hartu behar duen. Oraingoz, ez dago ezer zehaztuta. Prozesu bat zabaldu gura dugu, ekarpenak jasotzeko eta bidea haiekin batera egiteko.
Izan ere, migrazioaz hainbeste hitz egiten den garaiotan, garrantzitsua da euskal diaspora gizarteari ere ezagutaraztea. Askotan ahaztu egiten baita Euskal Herria ere herri emigrantea izan zela. Diasporaren Egunak balio du horretarako ere.
Erabat, erabat. Hala izan zen. Migrazioak edo kanpora joan beharrak beste ezaugarri batzuk ditu gaur, baina joaten garen herrialdeetan oraindik, euskaldunak garen heinean, ongietorriak izaten gara. Eta hori kontuan hartu behar dugu oraingo egoerarekin. Guk ere migranteei harrera hori egingo dien gizarte bat eta herri bat izan gura dugu. Bidezkoa da.
Diasporaren Egunak bat egingo du aurten diktadura osteko lehen Eusko Jaurlaritzaren 90. urteurrenarekin. Uztartu egingo dituzue bi gaiak. Zer garrantzi du horrek?
Oso garrantzitsua da zentzu askotan. Lehenik eta behin, Agirrek berak diasporaren ezaugarri asko bete zituelako kanpora joan behar izan zuenean egoera eta baldintza haietan. Horrez gain, Agirrek berak diasporari antolakuntza maila jakin bat eman zion. Jakin zuen sare moduko bat ontzen eta ondo erabiltzen. Beraz, alde horretatik, garrantzi handia dauka Diasporaren Eguna eta 90. urtemuga Agirreren figuraren inguruan batzeak. Bestalde, estatu bat ez badugu ere, nazio bat gara, eta diaspora da gure izaera eta gure herriaren ezaugarriak gure mugetatik kanpo transmititzeko daukagun tresna printzipal bat. Agirrek ere hori aldarrikatu zuen, eta praktikan jarri. Beraz, aitortza moduko bat ere bada, hark egindako lanari eginikoa.