Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan, EH Bilduk Bingen Zupiriari galdetu dio ea zer iritzi duen eskuin muturreko kide izan daitezkeen ertzainen inguruan. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuaren ustez, gizartearen sentsibilitate politiko berak daude ia 8.000 ertzainen artean, eta ez dago gizartean baino eskuin muturreko gehiago. «Ertzaintzaren Akademian, Arkautin, ez zaio inori azterketa ideologikorik egiten, legebiltzar honetan inoiz inori azterketa ideologikorik egin ez zaion bezala. Ez lehen eta ez orain», zehaztu du.
Gorka Ortiz de Ginea EH Bilduko legebiltzarkideak gaiari buruzko iritzia eskatu dio, eta gogora ekarri du Alemanian iaz sakon ikertu zituztela 400 polizia eskuin muturreko kide zirelako. Bide beretik, Sindic erakundeak ofizioz aztertu zuen Katalunian zenbat eskuin muturreko kide edo haren aldeko segurtasun indarrean artean, eta ondorio nagusia izan zen sakonago aztertu beharko litzatekeela polizien artean sektore batzuen politizazioa.
Zupiriak, lehen mintzaldian, ez du kezkarik azaldu. «Nik pentsatzen dut seguruenik talde horretan ere euskal gizarte osoan dauden ideologia guztiak egongo direla». Oinarrizko zerbitzu bat eskaintzen duten heinean, ertzainei «profesionaltasuna» eskatu behar zaiela iritzi dio, baita «giza eskubideekiko, legearekiko eta herritarrekiko errespetu osoz jardutea» ere.
Ortiz de Ginearen arabera, iaz Datuak Babesteko Euskal Agintaritzak ohartarazi zuen Ertzaintzaren barrutik datuak igorri zitzaizkiola Alvise Perez eskuin muturreko europarlamentari espainiarrari. Era berean, ertzainen artean «nahiko nabariak dira» Blue lives matter-en bereizgarri diren eskumuturrak —Black Lives Matter (Beltzen biziak axola du) mugimenduaren kontrakoa da, AEBetan sortua, eta beltzak indarkeriaz erail izana leporatzen zaien poliziei babesa agertzen die, uniforme urdinari erreferentzia eginez—. «Eskuin muturreko olatua ez da txantxa bat. Uste dugu euskal Polizia ezin dela bihurtu eskuin muturraren babesleku bat, eta uste dugu zure gobernuak etxeko lanak egin behar dituela hau gerta ez dadin».
Zupiriak erantzun dio Ertzaintzaren zeregina dela lasaitasun publikoa eta legea eta ordena mantentzea: «Hori zuzen edo desegoki egiten den, horixe epaitu behar dugu». Haren esanetan, horretarako markoa da Europako Kontseiluak 2001ean proposatutako Poliziaren Etikaren Europako Kodea, eta hori erreferentzia gisa erabili zen Poliziaren Legean. «Jokabide desegoki bat aurkitzen ez den bitartean, ertzainek gainontzeko herritarrok dauzkagun eskubide zibil eta politiko berberak dituzte, eta niri horiek defendatzea dagokit».