Aurtengo bigarren seihilekoan hasiko dira Gasteizko Zabalgana auzorako tranbiaren obrak

120 milioi euro inbertituko dituzte proiektuan, eta Eusko Jaurlaritzak, Arabako Aldundiak eta Gasteizko Udalak elkarrekin finantzatuko dute.

Maider Etxebarria, Imanol Pradales, Ramiro Gonzalez eta Susana Garcia Chueca, gaurko agerraldian. ARABAKO ALDUNDIA
Maider Etxebarria, Imanol Pradales, Ramiro Gonzalez eta Susana Garcia Chueca, gaurko agerraldian. ARABAKO ALDUNDIA
edurne begiristain
2026ko urtarrilaren 19a
17:08
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gasteizko tranbia Zabalgana auzora eta Betoñuko kotxetegi berrietara zabaltzeko lehen obrak aurtengo bigarren seihilekoan hasiko dituzte; hain justu ere, Aldaiarako adarraren obrak dira abiatuko dituztenak.

Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak gaur sinatu dute tranbia zabaltzeko lanen hitzarmena. Sinadura ekitaldian izan dira Imanol Pradales lehendakaria, Susana Garcia Chueca Jaurlaritzako Mugikortasun sailburua eta Euskal Trenbide Sareko presidentea, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia, eta Maider Etxebarria Gasteizko alkatea.

Guztira, 120,7 milioi euroko inbertsioa egingo dute tranbiaren adar berrirako. Hiru instituzioen artean finantzatuko dute: Jaurlaritzak aurrekontuaren %65 jarriko du, aldundiak %17,5, eta udalak beste horrenbeste. Euskal Trenbide Sareak hartuko du kotxetegi berrien kostua bere gain, eta udalak horretarako utzitako lurzoruan eraikiko dute.

Gasteizko Udalak jakinarazi duenez, tranbiak erdigunetik iristeko bideak zati komun bat izango du Lovainan, eta bertan bi adarretan banatuko da: Aldaiara eta Mariturrira. Hasierako zati komun horretan, 7,5 minutuko maiztasuna izango du tranbiak, eta Aldaiako adarrean eta Mariturrikoan, 15 minutukoa. Denera, bide berria 6,3 kilometro luze izango da.

Aldaiako adarraren obrak aurten hasiko dituzte, eta gainerakoak datozen hilabeteetan lizitatuko dituzte. Aldaiako adarra Nazio Batuen Hiribidean barna joango da; kilometro bat luze izango da, eta bi geltoki izango ditu: aurrenekoa, Zabalganeko ikastetxe publikoaren ondoan, eta bigarrena, hiribide horretako 47. zenbakiaren parean. Tarte horretan, hiribidea berrantolatu egingo da, zirkulazioaren noranzko bakoitzean bide lerro bakarra izan dezaten ibilgailuek zirkulatzeko.

Hurrengoa, Mariturrikoa

Ibilbidearen beste bi adarrei dagokienez, Mariturrikoa izango da egingo duten lehena: Zabalgana etorbidearen eta Nazio Batuen arteko biribilgunean hasi eta Sofia Erregina etorbideko 1. zenbakian dagoen geltokiraino iritsiko da. Tarte horretan azpiestazio elektriko bat eta lau geltoki egongo dira.

Erdiko adarra, berriz, Lovaina plazatik igaroko da, tranbiaren sarera konektatzen den lekutik, Zabalgana auzoa lotu arte. Bost geltoki izango ditu, horietako bat Lovainakoa, eta azpiestazio elektriko bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.