Iosu Alberdi.

Autogobernua eta euskara

2025eko irailaren 19a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Legebiltzarreko politika orokorreko eztabaidan, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek, EAJko Joseba Diez Antxustegik eta PSE-EEko Eneko Anduezak gobernua osatzen duten alderdien arteko sintonia ona nabarmendu zuten. Agerian geratu zen, baina, badirela desadostasunak ere; hain zuzen, Pradalesek berak funtsezkotzat jo zituen bi auzitan: autogobernuaren geroa eta euskara.

Estatutua berritzeko eztabaidaren harira, Anduezak aspaldi jarri zuen bere marra gorria erabakitzeko eskubidean —atzo «autodeterminazio eskubideagatik» ordezkatu zuen—. Bigarrenari dagokionez, berriz, bere mintzaldiaren zati bat eskaini zion Enplegu Publikoaren Legearen balizko erreforma kritikatzeari. Hark ez du euskararen kontrako erasorik ikusten ebazpenetan, eta «nazionalisten diskurtsoaz» eta «euskaldunak beren hizkuntzaren aurkako konplot baten biktima gisa aurkezteaz» aritu zen.

Hain zuzen, bi auzi horietan herri akordioak proposatu zizkion EH Bilduk Pradalesi. Eta agerikoa da, formulazio zehatzetan ez bada ere, koalizio subiranistak eta EAJk badituztela puntu komunak. Biek adierazi dute berme sistema bat eta aitortza nazional bat jaso beharko liratekeela estatus berri batean, eta hiru batzar nagusietan «erabakitzeko eskubidea» aitortzea ere defendatu zuten. Era berean, Enplegu Publikoaren Legearen erreformarako proposamen bana aurkeztu dute, oldarraldi judizialari erantzun bat emateko asmoz. Akordioak ixteko abiapuntuak badaude, beraz, eta gehiengo bat ere bai: 75 parlamentaritatik 54.

Hala zirudien, baina, aurreko legealdian ere, euskara ardatz izan zuen beste eztabaida batean. EAJk, EH Bilduk, PSEk eta Elkarrekin Podemosek itun bat sinatu zuten Hezkuntza Legearen oinarriak ezartzeko, baina sozialistek hizkuntza ereduen inguruan ezarritako exijentzien ostean, EH Bildu mahaitik altxa zen, eta gobernuko bi alderdien botoekin soilik onartu zen. Ikusteko dago, beraz, PSE-EEren hamabi eserlekuek eta haren gobernuko bazkide izaerak zer pisu izango duten aurrerantzean ere, Pradalesen hitzetan, euskal autogobernuaren, identitatearen eta instituzioen etorkizuna jokoan dagoen honetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.