Comunitat Palestina de Catalunyak (CPC), Katalunian bizi diren hainbat palestinarrek osaturiko elkarteak, CAFeko zuzendaritzaren eta Jerusalemgo trenaren lanetan zerikusia izan duten sei enpresaren aurkako kereila aurkeztu du Espainiako Auzitegi Nazionalean. Pauso hau aurreko salaketa jarri eta bederatzi hilabetera iritsi da. Otsailean, fiskaltzak auzia tramiterako onartu zuen, eta ikertuko zuela hitzeman zien salatzaileei, baina, denbora tarte horretan pausorik eman ez duela ikusita, auzibide berri honi ekitea erabaki dute.
«Fiskaltzaren jarrera gure salaketa ikertzeari uko egitea dela interpretatzen dugu», adierazi du CPCk, ohar batean, eta erantsi du horregatik jo dutela Auzitegi Nazionalera. Aurreko salaketan egin bezala, argudiatu dute Jerusalemgo trena ezinbesteko azpiegitura dela Palestinako okupazioari eusteko, eta, horrenbestez, eskatu dute hura eraikitzearen arduradunek «erantzukizun penalik» ba ote duten ikertzeko. Azaldu dute nazioarteko zuzenbidea urratzen duela proiektuak, eta, haien ustez, Espainiako Kode penaleko 611.5, 611.6 eta 614 artikuluak hausten ditu. Hiru artikulu horietan, gatazka armatuetan izandako erantzukizunen zigorrak ezartzen dira.
Salaketan, CAFeko eta Jerusalemgo tren proiektuarekin harremana duten beste sei enpresetako administrazio kontseiluetako eta zuzendaritzako kideak ikertzea eskatu dute. Beste enpresetako lau CAFen barnekoak dira: CAF Turkey & Engineering, CAF Signalling, CAF Israel LTD eta CAF Investment Project. Beste biak, Lavi Light Rail - Operation and Maintenance LTD eta CFIR Light Rail LTD. CAFek, bestalde, hainbatetan adierazi du Jerusalemgo proiektuak ez duela eskubiderik urratzen.Â
Salaketa CPCk egin du, baina hainbat elkarterekin lankidetzan irekitako auzibide bat da. Tartean daude, besteak beste, Euskal Herriko BDZ, Paz con Dignidad-OMAL, Novact, Suds, DESCA eta CSCA.Â
Â