Paradoxa da. Vox populi da 1981eko otsailaren 23an Guardia Zibileko eta Espainiako armadako kide batzuek estatu kolpe bat emateko zuten motibazioen artean Euskal Herriko egoera politikoa eta, zehatzago, ETAren jarduera armatua zegoela. Kolpe saiakeraren aurreko urtean (1980), ia ehun lagun hil zituen ETAk, horietako asko poliziak edo militarrak, eta, ezaguna denez, mendeku gosea zegoen kuarteletan. Atzo zabaldutako paperetan ere ageri da Antonio Tejero kolpistari eginiko errieta, Donostian zela guardia zibilen artean zegoen giro gaiztotua idatziz jasotzeko moduagatik. Paradoxa da; izan ere, kargu hartzen dioteneko komunikazioa dago desklasifikatutako agirien artean, baina ez Tejeroren idatzia bera. Eta, batez ere, paradoxikoa da ETAren erreferentziak bakanak izatea atzo desklasifikatutako milaka folioen artean, hura izanik kolpe saiakera horren arrazoi nagusietako bat. Espainiako Gobernuak aurrez abisua eman zuen «aurkitu duten guztia» desklasifikatuko zutela, eta paradoxak iradokitzen du aurkitutako guztia ez dela zehatz-mehatz gaiaz dagoen —edo zegoen— agiritegi guztia.
Ikusi gehiago
BERRIAk kontsultatutako historialari batek dio atzokoak «zirrikitu bat» zabaldu duela, ez baitio paradoxa izateari uzten 1981eko agiriak argitara ateratzeak baina ez lehenagokoak, hala nola Martxoaren 3ari (1976) eta 1978ko sanferminei buruzkoak; are gehiago Espainiako Estatuan otsailaren 23ko kolpe saiakerak duen dimentsio politikoa aintzat hartuta. Zirrikitu bat, errazagoa eta denboraren sekuentzian logikoagoa litzatekeelako agiri zaharragoak desklasifikatzea, baina zirrikitu bat baino ez, oraingoz borondate eskasa erakutsi dutelako egia azaleratzeko; bai dokumentuak ikusgai jartzeko, bai artxiboetarako sarbidea ez oztopatzeko. Agian, galdera da ezertan aldatu ote duen atzokoak kontakizun ofiziala, eta zertan aldatuko luketen 1976ko edo 1978ko paperek. Eta paper horiek nola iritsiko diren historialari, ikerlari eta kazetarien eskuetara, azeriak zaintzen baldin badu dokumentuen oilategia.