Bulego bateko diskreziotik plaza publikora. Azken urtean, segurtasun indarren eta eskuin muturreko taldeen 81 biktima aitortu ditu Nafarroako Gobernuaren Erreparazio Batzordeak, horietako gehienak torturatuak. Aitortza bakoitzaren atzean istorio eta prozesu luze bat dago, eta, ebazpenen bidez, sinesten zaitut esaten die ofizialki Nafarroako Gobernuak. Gaur arratsaldean, berriz, jendaurreko ekitaldi bat egin du aitortza horiek guztiak gizartearen aurrean aurkezteko eta biktimak omentzeko. Hori egiten duen hirugarren aldia da.
Iruñeko Baluarte jauregian ordubeteko ekitaldia egin du Euskara, Memoria eta Bizikidetza Departamentuak. Aretoan, biktimak eta haien senideak elkartu dira, bai eta erakundeetako eta elkarteetako ordezkaritza zabal bat ere. Hitzaldien arteko tartean, Kukai dantza taldeak barrenak mugitu nahi izan ditu eszenografia berezi baten bidez. Iluntasunak hartu du agertokia, baina itxaropenaren argia ere irudikatu nahi izan dute dantzaren bidez.
Auzolan demokratikoa
Hain zuzen ere, ekitaldi amaieran Ana Ollo presidenteorde eta Memoria kontseilariak azpimarratu du «auzolan demokratiko» batean murgilduta dagoela Nafarroa, eta erreparazio prozesu horien guztien helburua dela motibazio politikoko biktimek jasan duten mina «sendatzea». «Prozesu oso luzea izan da, oztopoz betea, eta osatu gabea zuetako askorentzat; baina aldi berean, sendagarria, gertatutako guztia ezkutatu eta zenbaitetan justifikatu egiten zuen gizarte baten aurrean egina».
Hamar urte iragan dira Ollok kargu hori hartu eta Bake eta Bizikidetza zuzendaritza sortu zuenetik, eta nabarmendu du orduan ezinezkoa zirudiela halako ekitaldi bat egiteak. Ordu arte, torturaren errealitateari ez ikusi egin eta «ahanztura aktiboa» lantzen zela adierazi du. Horren adierazle, gogora ekarri du 2024an, lehen ekitaldia egin zuenetan, giza eskubideen defentsan ibilitako militante batek zer esan zion, hunkituta esan ere: «Inoiz ez nuen pentsatu ere egingo gobernuak biktimak aitortuko zituenik. Ametsik onenean, nire seme-alabek ikusiko zutela pentsatzen nuen».
«Prozesu oso luzea izan da, oztopoz betea eta osatu gabea zuetako askorentzat, baina, aldi berean, sendagarria»
ANA OLLO Nafarroako Gobernuko presidenteordea
Orain arte, Erreparazio Batzordeak 122 kasu aitortu ditu —horietarik 65 iaz, eta beste hamalau aurtengo lehen hiru hilabeteetan—. Gainera, beste ehun eskaera inguru jaso dituzte, eta horiek tramitatzen ari da batzordea.
Azken hamabost hilabeteetan aitortutako 81 biktima horien izenean hitz egin du Txaro Etxetxipia artazuarrak. «Beti izan naiz abertzale eta militante». Halaxe aurkeztu du bere burua. 16 urterekin, 1976an, batzar batera joan zen lehen aldiz, eta han atxilotu zuten. Mila pezetako isuna ordaindu eta fitxa poliziala egin zioten.
24 urterekin atxilotu zuten berriz. 72 ordu egin zituen polizien eskuetan: polizia onaren eta txarraren rola jokatzen zuten agenteen galdetegiak, kolpeak, mehatxuak, garrasiak... Egun haietako zertzelada batzuk baizik ez ditu deskribatu. Adibidez, komunak zikinak zirela, eta gora eta behera egiten zuela eskaileratan. Honako mehatxua ere egin zioten: «'Zu kalean saltoka zoaz poz betean, baina guk hori kenduko dizugu', esan zidaten».
«'Zu kalean saltoka zoaz poz betean, baina guk hori kenduko dizugu', esan zidaten poliziek»
TXARO ETXETXIPIA Torturaren biktima
Etxetxipiak aipatu duenez, esperientzia hark beldurra eta izua piztu zizkion. Oraindik ere arrastoak geratzen zaizkio. «Auto handiak nahiago izaten ditut, andere bat naizen itxura izateko polizien aurrean. Irratian ere gaztelerazko sintonia jartzen dut haien aurrean. Haientzat, zapaldu daitekeen txindurri bat naiz».
Aurretik, Martin Zabalza Bake eta Bizikidetza zuzendariak azaldu du nolakoa izaten den Erreparazio Batzordeak biktima bakoitzarekin erabiltzen duen metodologia, Istanbulgo Protokoloan oinarritua. «Erantzun tekniko eta zientifikoa da, eta koherentzia klinikoa eta forentsea lehenesten ditu». Haren esanetan, zuzenbide estatu batek «guztiz debekatuta» behar luke tortura erabiltzea. «Biktimak aitortuta, zuzenbide estatu moderno batek eskatzen duen egiarako eta erreparaziorako konpromisoa betetzen dugu».
