Historia garaikidean doktorea

Marti Serra: «Azken urteetan, mugimendu ekologista eduki askoz politikoagoa lantzen ari da»

Serrak Lemoizen jarri du Euskal Herriko mugimendu ekologistaren abiapuntua, eta azaldu du mugimendu oso politizatua zena «ekologizatuz» joan zela gutxinaka. Hala ere, azaldu du eduki politiko hori bueltan dela azken urteetan.

MARTI SERRA
Marti Serra, Bilbon, azaroan. ARITZ LOIOLA / FOKU
inaut matauko rada
BILBO
2025eko abenduaren 9a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lau urtez Euskal Herriko eta Mallorcako (Balear Uharteak, Herrialde Katalanak) mugimendu ekologisten sorrerak aztertzen ibili ostean, ikerketa horren fruitua labetik atera berri du Marti Serrak (Son Sardina, Mallorca, 1994): Mugimendu ekologistaren sorrera Euskadin: mobilizazioak, eztabaidak eta esperientzia pertsonalak (1972-1989) liburua. Bizkaiko hainbat lekutan aurkezten ari da liburua egunotan, gaur egungo mugimendu ekologistaren sorrera eta bilakaera entzuleei azalduz.

Mallorcar bat Euskal Herriko mugimendu ekologistaren historia ikertzen. Zer dela eta?

Txantxa dirudi, baina 14 urte nituela lagun baten aitak Mikel Laboaren disko bat oparitu zidan, eta entzun nuenean, esan nuen: «Hau ze ostia da». Eta ordutik beti izan dut buruan noizbait denboraldi bat Bilbon ematea. Karrera amaitu nuenean, ikerketa master bat egin nahi nuen, eta ikusi nuen EHUn Historia Garaikideko Master bat zegoela, eta Bilbora etorri nintzen. Oso gustura egon nintzen, eta ikusi nuen ikerketarako baliabide gehiago daudela hemen, eta hemen geratu nintzen doktoretza egiten.

Eta zergatik euskal ekologismoaren historia ikertu?

Mallorcatik horrekin nentorren. Han, 1977an, uhartetxo bat urbanizatu nahi zuten luxuzko urbanizazio bat egiteko. Anarkista batzuek okupatu egin zuten hamabost egunez, eta oso deigarria iruditu zitzaidan. Mallorcako ekologismoa ikertzen hasi nintzen pixka bat, eta ikusi nuen eztabaida politikoko elementu garrantzitsuenetako bat dela. Hona etorri nintzenean, hemengo ekologismora egin nuen jauzi, eta nuklearren kontrako mugimendu oso indartsu bat aurkitu nuen, Lemoizko borrokatik abiatutakoa, eta erabaki nuen doktore tesian Mallorcako eta EAEko ekologismoak alderatzea.

Zer alde ikusi duzu?

Hemengo mugimendu ekologistaren sorrera mugimendu antinuklear bat zen batik bat, oso indartsua, oso politizatua, oso abertzalea eta oso ezkertiarra, eta gutxinaka ekologizatuz joan ziren. Eta Mallorcan guztiz kontrakoa: txoritxoekin hasi zen mugimendu bat zen, baina hasi ziren konturatzen turismoaren garapenak ekologian eragina duela, eta hausnartzen hasi ziren eta asko politizatu ziren. Eta hala, 1980ko hamarkadan bi mugimenduek eduki politiko bera zuten.

«Bizkaian eta Gipuzkoan hertsiki antinuklearrak ziren oso, eta Araban eta Nafarroan aurreratuago zeuden kontu ekologistetan»

Liburuan Euskal Herrian zentratu zara. Nola sortu zen bertako mugimendu ekologista?

Tesian ez bezala, liburuan Nafarroako bilakaera ere aztertu dut, oso kasu interesgarria delako. Bizkaian eta Gipuzkoan hertsiki antinuklearrak ziren oso, eta Araban eta Nafarroan aurreratuago zeuden kontu ekologistetan; bizikletaren erabileraz hitz egiten zuten 80ko urteetan, eta izugarrizko tontakeriatzat hartu zen, orduan inork ez baitzuen horretaz hitz egiten.

Bilbotik hogei kilometrora zentral nuklear bat ireki nahi zutenez, Bizkaian indarrak hor jartzen zituzten; Araban, ordea, premia hori ez zutenez, ekologismora iristeko prozesu erreflexibo azkarrago bat izan zuten. Nafarroan, adibidez, Belaguako kasua dago, 70eko urteetan haran guztia urbanizatu nahi izan zuten, eta horren kontrako mugimendua egon zen. Izaban 3.000 edo 4.000 pertsonarentzako luxuzko urbanizazio bat egin nahi zuten. Imajina dezakezu zer zen hori; ez zuen ez hanka ez buru.

Zein esango zenuke dela mugimenduaren abiapuntua?

Lemoiztik dator; noski, aurretik beste gatazka batzuk zeuden. Erandion, adibidez, gasaren kontra manifestatzen hasi ziren, ez kutsaduraren aurka, eta bi pertsona hil zituen Poliziak manifestazioetan, Josu Murueta eta Anton Fernandez. Baina errepresio horrek asko hoztu zuen giroa Lemoiz arte, inork ez baitzuen txintik esan nahi bi hildakoren ostean.

Eta gero etorri zen Lemoiz. Hasieran ez zen oposizio handirik egon, baina eraikitzen hasi eta urtebetera Deban beste bat eraikitzen hasi nahi zuten, eta hor hasi ziren gauzak mugitzen: Aranzadi elkarteak txosten bat egin zuen kontra; orduko Mutrikuko udal frankista ere, Espainiako gorte frankistetako prokuradore bat ere, Manuel Maria Escudero, kontra jarri zen, eta 1976an Gipuzkoako Foru Aldundiak debekatu egin zuen hura eraikitzea. Eta Lemoizkoak, hori ikusita, mugitzen hasi ziren; ostera dena garatu zen gatazka funtsezkoa Lemoizkoa da.

«XX. mendearen amaieran, neoliberalismoren garaipenarekin, erantzukizun indibiduala existitzen zen soilik, eta ekologismoan ere izan zuen eragina»

Zer bilakaera izan zuen ostera mugimenduak?

Hasieran, dena oso antinuklearra zen, eta bereziki oposizio politikoa zen: euskal herri langileari inposatzen zitzaion proiektu espainol eta kapitalistatzat hartzen zen. Ondoren, aldatuz joan zen, eta mende amaieran mugimendu ekologista askoz indibidualagoa zen: «Birziklatu!», esaten zen, adibidez. Gaur egun berreskuratzen ari den eduki politiko hori galdu zuen.

Lemoiz geratzea lortu ostean, jende askok mugimendua utzi zuen, baina beste batzuk mugimendu lokalagoetan integratzen hasi ziren, nahiz eta koordinatuta zeuden, Euskadiko Topaketa Ekologistak sortu baitzituzten. Hor izan zuten hausnarketa prozesuaren ostean, benetako mugimendu ekologista antolatu bat sortu zen, Eguzki taldean gorpuztua; Euskal Herrian sortu zen lehen eragile hertsiki ekologista zen.

Ideologikoki non kokatuko zenuke lehen mugimendu ekologista hori?

Lehen fasean oso mugatuta zeuden diktaduragatik, eta oso moderatua zen mugimendua, espetxeratua izateko arriskua handia zelako. Diktadura amaitu ostean, askatasun handiagoa zegoen ideia abertzaleak eta ezkertiarrak erakusteko, eta 1976an 50.000 pertsonako manifestazio bat egon zen Plentzian. Zergatik 50.000 pertsona Plentzian, ia inork entzun ez zuen zentral nuklear baten kontra? Gobernu Zibilak baimendutako lehenengo manifestazioetariko bat izan zelako. Beraz, mundu guztia batu zen.

1977an batzorde antinuklearrak han eta hemen sortu ziren, eta horiek oso politizatuta zeuden: oso ezkertiarrak eta abertzaleak ziren, eta ostera KAS alternatiba, Herri Batasuna eta Euskadiko Ezkerra izango zirenen oinarria sortu zen. Eta Lemoiz geratzea lortu zenean, hor ekologismora pasatu ziren batzuk. XX. mendearen amaieran, neoliberalismoren garaipenarekin, erantzukizun indibiduala existitzen zen soilik, eta ekologismoan ere izan zuen eragina. Baina esango nuke azken urteetan mugimendu ekologista eduki askoz politikoagoa lantzen ari dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.