Uztailaren 20ko goizaldean istiluak izan ziren Azpeitian (Gipuzkoa) Ertzaintzaren eta zenbait gazteren artean. Gaur Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 16 urteko gazte bat atxilotu dute berriki, eta beste hamar gazte ikertzen ari dira.
Segurtasun Sailak ohar batean adierazi duenez, Urola Kostako ertzain etxea ari da kasua ikertzen, eta horren ondorioz egin dute atxiloketa: «Beharrezko polizia eginbideak egin ondoren, aske geratu zen». Gainera, beste hamar gazte ikertzen ari dira. Zera leporatzen diete guztiei: desordena publikoak eragitea eta agintaritzaren aurkako atentatua egitea. Ikerketa zabalik dago, eta ez dute baztertzen jende gehiago ikertzea edo atxilotzea.