Atzean gelditu dira Lekeition (Bizkaia) uda garaiko zalaparta eta estutasunak, eta, eguraldi epelak laguntzen duen arren, ez dabil jende askorik kalean arrastiko lehenengo orduetan. Lekeitiarrek Eskolape deitzen duten plazaren inguruetan lagun taldeak daude, terrazetan jesarrita. Euskaraz dihardute gehienek, gaztelaniaz baten batzuek. Portu aldeko jatetxeetan, berriz, ingelesa, frantsesa eta alemana entzuten dira barra-barra; udako denboraldia igaro den arren, turistak dabiltza non-nahi. Karteletan eguneko menuaren berri erdara hutsez ematen duten jatetxeak ez dira gutxi.
Euskararentzat arnasgune da Lekeitio: euskaraz bizi eta horretaz harro dagoen herria. Baina, soziolinguistikako terminologia erabilita, arnasgune erasana da, hots, euskararen behialako nagusitasun erabatekoan pitzadura batzuk agertu zaizkio. 2021eko datuen arabera, lekeitiarren %83,6 euskaldunak dira. Euskararen erabilera, baina, %68koa da kalean, eta etxean are murritzagoa da: %61,8.
«Lekeition euskaraz bizitzeko aukera badago», azaldu du Ander Goikoetxea Vazquez zinegotziak (Lekeitio, 1990). «Euskaraz eroso bizi gara, baina datuak guk nahi baino eskasagoak dira. Ezagutzaren eta erabileraren artean badago aldea, eta hori gainditzeko egin behar dugu lan».
Hainbat arrazoi daude alde hori azaltzeko. Lekeitio ez dago mundutik aparte, eta haraino ere iristen dira joera uniformizatzaileen olatuaren zipriztinak: globalizazioa, hedabide handien eragina, kultura kontsumitzeko modu berriak eta abar.
Euskararen egoera hizpide hartzen denean, immigrazioaren eragina izaten da gehien aipatzen diren aldagaietako bat. Lekeition, gutxi gorabehera, herritarren %15ek dute jatorria Euskal Herritik kanpo. Goikoetxearen aburuz, horrek izan dezake eraginik, baina ez du azaltzen erabilera %68ra jaitsi izana: «Arazoa hemendik kanpora botatzea geure burua kontsolatzeko modu bat da. Kanpotik etorri den jende horri euskalduntzeko aukerak eman behar zaizkio, euskara ikasteko bideak erraztu, baina badakienari ere esan behar diogu euskaraz berba egiteko».
«Arnasgune erasan garen herriok badugu arriskua; erabilerak %60tik behera eginez gero, oso zaila da horri buelta ematea»
ANDER GOIKOETXEA VAZQUEZ Lekeitioko euskara zinegotzia
Arnasguneetan euskararen egoera konponduta dagoelako uste okerrak ere izan dezake zerikusirik, Goikoetxearen iritziz: «Batzuetan, gure herrian euskaraz bizi gaitezkeela ikusita, erosotasunean erortzen gara, eta ez dugu ikusten benetako egoera zein den. Zorionez, herrian badago horren kontziente den jendea, lanerako prest dagoena, eta herritarrak zein udala horretan gabiltza beharrean».
Arratsak aurrera egin ahala areagotu da mugimendua Lekeitioko kaleetan. Umeak eskolatik ateratzeko ordua da. Begiraleek lagunduta, haur multzo bat plazara heldu eta jolasean hasi da, euskaraz. «Askotan pentsatzen dugu umeengan dagoela arazoa, baina Lekeition behintzat hutsunea 45 urtetik gorakoen artean dugu», azaldu du Goikoetxeak. Baina demografia ez dute alde: Lekeition ere, beste hainbat herritan bezala, jaiotze kopurua gero eta txikiagoa da, eta, gainera, etxebizitza lortzeko dagoen «arazo potoloa» dela eta, lekeitiar gazte asko beste herri batzuetara joan dira.
Turismoaren eragina
Lekeitiok badu beste ezaugarri bat, euskararen egoera ulertzeko garrantzia duena: turismoak pisu handia du, eta udan biztanle kopurua asko handitzen da. Horren ondorioz, euskararen erabilera apaldu egiten da udan.
Bitxia bada ere, Lekeitio arnasgune izateak badu zerikusirik turismoaren nagusitasun horretan: historikoki, Bilbo inguruko guraso askok herria aukeratu dute oporrak igarotzeko lekutzat, seme-alabei euskal giroan murgiltzeko aukera ematearren. «Nik uste dut lekeitiarrok batzuetan ez garela horren kontziente, eta balioetsi beharko genuke jende asko Lekeitiora etortzen dela herri euskaldun batera etorri nahi duelako. Horri herri gisa erantzun beharko genioke».
Erabileraren beherakada kezkatzeko modukoa da, baina herritarrak ez daude lo. Iaz Dzast euskara taldea sortu zen, zenbait herritarrek bultzatuta, eta geroztik beharrean ari da, udalarekin elkarlanean. Udalak ere, UEMAk lagunduta, zenbait ekinbide jarri ditu abian: iritsi berrientzako harrera planak, Bai Euskarari agiria herriko dendarien artean sustatzeko kanpainak eta abar.
Garrantzi handia du erroldatu berri diren herritarrekin egindako lanak: «Kanpotik datorren batek ez badu ulertzen zergatik egiten dugun euskaraz denok erdaraz jakinda, gerta daiteke gatazka sortzea edo jendea mintzea. Baina gauzak behar den modura azalduta, emaitzak askoz hobeak dira, eta lortzen da jende horrek euskara enpatiaz eta zerbait positibotzat ikustea».
«Hutsuneak hutsune, bagoaz aurrera», erantsi du Goikoetxeak.«Arnasgune garen herriok politika propioa behar dugu. Eta arnasgune erasan garen herriok badugu arriskua; erabilerak %60tik behera eginez gero, oso zaila da horri buelta ematea».
Erlazionatuta