Nola eman hauspoa arnasari

Arnasguneen ahultzeari buruzko ohartarazpenak gero eta argiagoak dira; horri aurre egiteko bideez solastatzeko modua izango da heldu den astean Azpeitian egingo den nazioarteko konferentzian.

UEMA eguna, Lesakan, lehengo urtean. GORKA RUBIO / FOKU
UEMA eguna, Lesakan. GORKA RUBIO / FOKU
arantxa iraola
2025eko urriaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Neurri eraginkorrik hartu ezean, eremu gehienetan erdara nagusituko da, eta ia arnasgunerik ez du izango euskarak. Uztailaren 10ean plazaratu zen Norantz doa euskara? Hego Euskal Herria 2036 proiekzio demolinguistikoa ikerlana, Siadecok UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen enkarguz egina. Oihartzun apartekoa izan zuen, batez ere arnasguneen gaineko ohartarazpenak. Proiekzioa betez gero, historian lehen aldiz, sozialki nagusi den ia lurralde eremurik gabe geldituko da euskara; arnasgune beteak, erabilera %80tik gora duten eremuak, guztiz desagertuko dira, eta arnasgune erasan deituak ere, %60tik gorako erabilera dutenak, galzorian egongo dira: 7.267 pertsona biziko dira tankera horretako eremuetan 2036an. Galera handia da, eta etengabea: 2021ean 82.791 biztanle bizi ziren halako eremuetan, eta 1991n 113.734 ziren. Proiekzio horren arabera, Bizkaian ez da geratuko euskararen nagusitasun eremuko herririk; soilik Gipuzkoan eta Nafarroan uharte bakan batzuk izango dira. UEMAn ez zituen ezustean hartu iragarpenak. «Datuek oso nabarmen erakusten zuten beherako joera», azaldu du UEMAko koordinatzaile Miren Segurolak, Azpeitian (Gipuzkoa), mankomunitatearen egoitza nagusian. 

Ondoan du Iñaki Iurrebaso soziolinguista. Berebiziko eragina izaten ari da haren doktore tesia euskararen egungo erronkak ulertzeko, eta arnasguneen garrantziari ere zoli erreparatzen dio bere azterlanetan. Galerak ekar ditzakeen ondorioez ohartarazi du: «Proiekzioaren kopuruei erreparatzen badiezu, egun dauden arnasgune erasan indartsuenak, alegia biztanle gehien dituztenak, Azpeitia, Azkoitia, Oñati, Lekeitio, Ondarroa... denak pasatuko dira euskararen nagusitasunik gabeko eremura». Zehaztapena egin du, ordea: «Ezer egiten ez badugu gertatuko da hori». Alegia, galbidea gerarazteko politika eraginkorrik ez bada abiarazten. Etengabe egiten dute ñabardura hori mankomunitatean. 

Etengabe sentitzen dute politika horien premia ere. Mankomunitateko bulegoetan, udaletatik-eta, gero eta sarriago jasotzen dituzte ezinegona erakusteko «alarma deiak». Gero eta aldakorragoa den errealitate soziolinguistiko bati erantzuteko bideak eskatzen dizkiete: aholkuak, baliabideak, irizpideak. «Hiztun tipologia aldatzen ari da. Lehen, arnasguneetan bizi zen bertan jaiotako herritarra, familia euskaldunekoa, guraso biak euskaldunak zituena... Horiek ziren 8 urtera arte erdaraz ikasten ez zuten komunitateak», azaldu du Segurolak. Aldatzen ari da hori. Erdalduntzea askoz ere «goiztiarragoa» da egun. Askotarikoak eta sakonak dira horren kausak. Esaterako, aldaketa demografikoak handiagoak dira, eta kontsumo ereduak erruz aldatu dira ikus-entzunezkoen erabilera orohartzailearen ondorioz.

«Jendeak deitzen du esanez: 'Hara, gure umea jolastokian erdaraz entzun dugu'. Lehen, halakoak ez ziren askotan entzuten»

MIREN SEGUROLA UEMAko koordinatzailea

Orain arte nagusiki euskaraz bizi izan den edozein herri txikitan gero eta ohikoagoa den egoera bat deskribatu du Segurolak:  «2 urteko gelan, egun, haurren erdiak dira atzerrian jaiotakoen seme-alabak, eta beste erdiak bertan jaioetakoenak. Bertan jaiotako batzuen etxeetan, gainera, bi hizkuntzetan hitz egiten dute...». Hizkuntza ohiturak erruz aldatzen ditu horrek. Ume eta nerabeek pantailetara begira erdarazko ozeanoetan egiten dituzten ordu ugariek ere bai. Gaitasuna apaltzen da, erabilera ere bai. «Eta irakasleek, gurasoek, lehen ikusten ez zituzten gauzak ikusten dituzte». Gero eta usuago: «Jendeak deitzen du esanez: 'Hara, gure umea jolastokian erdaraz entzun dut'. Lehen, halakoak ez ziren askotan entzuten. Orain azaleratzen ari dira». Gaiaren gainean ezagutza eta gogoeta handitze aldera, nazioarteko konferentzia bat egingo da heldu den astean Azpeitian, eta horren antolaketan dabiltza, buru-belarri. 

Neurtzen

Arnasguneak «zenbagarri» egiteko ahaleginean, «erabilera» hartzen dute ardatz mankomunitatean. Etxeko erabilera eta kaleko erabilera aintzat hartuta, bien batezbestekoa ateratzen dute erabilera neurtzeko, eta udalerri bakoitzean hizkuntza nagusitasuna zein den ebazteko. Siadecok 2036ra begira egindako proiekzioan bestelako irizpidea erabili zuten, zentsuko datuak bakarrik hartu baitzituzten kontuan, eta, ondorioz, etxeko erabilera bakarrik. «Orduan, ematen duen 2021eko argazkia, adibidez, guk ematen duguna baino okerragoa da», zehaztu du Iurrebasok. Baina, oro har, neurketa era batera edo bestera eginda ere, «beherako» joera argia da. Hego Euskal Herrira begirakoak dira azterketa horiek; Ipar Euskal Herrian daturik ez da halako neurketak egiteko. Eskura diren datuen arabera, ordea, han ere erdararen nagusitasun handiko eremuak dira ugarienak.

UEMAren kalkulu irizpideen arabera, 9.424 pertsona bizi dira egun arnasgune beteetan. Udalerrien %4 besterik ez dira, biztanleriaren %0,3. Arnasgune erasanetan, populazioaren %4,2 inguru. «Beraz, orotara %4,5 bizi dira arnasguneetan», laburbildu du Iurrebasok. Atzetik, euskarak eta gaztelaniak pareko indarra duten tokiak daude: biztanleen %7 dira hor. «Berez, ez dira euskararen aldeko dinamika sortzen duten guneak, baina argazki orokorrean ere zona interesgarriak dira. Luzera begira, lortu beharko genuke arnasguneetara ekartzea horiek. Hor daude: Bergara, Gernika, Zumaia, Oiartzun, Zarautz, Tolosa, Baztan, Bera... Tankera horretako herriak, zeintzuetan euskarak baduen tokia», azaldu du Iurrebasok. Salbuespena izango dira aurrerantzean ere, dena den, halako espazioak: hamar biztanletik bederatzi bizi dira erdara nagusi den tokietan.

«Luzera begira, lortu beharko genuke arnasguneetara ekartzea horiek: Bergara, Gernika, Zumaia, Oiartzun, Zarautz, Tolosa, Baztan, Bera... Tankera horretako herriak»

IÑAKI IURREBASO Soziolinguista

«128.000 lagun bizi dira egun arnasguneetan. Hori da gaur egun daukaguna», azaldu du Iurrebasok. UEMAk, hala ere, horiek baino udalerri gehiago hartzen ditu: arnasgune kategorian sartzeko, erabileran sendotasuna erakutsi behar da, baina ezagutzaren irizpideari lotuta, udalerri euskaldun izendapenaren barruan sartzen herri gehiago: mankomunitateko kide diren herri guztietan, biztanleen %70etik gora euskalduna da. Erabilera datuei-eta erreparatuta, euskarak duen nagusitasunera begira, hainbat klasifikaziotan egon daitezke gero udalerri horiek. Etsenplu bat jarri du Iurrebasok: «Hernanin eta azkena sartu diren beste udalerri zenbaitetan, erabilera %30en bueltan dago». Segurola: «Alegia, gaztelera nagusi den udalerri euskalduna da».

UEMA barruko herriak, beraz, askotarikoak dira. Horregatik, garrantzitsua da usu agertzen den nahasmendu bat argitzea: «UEMAko udalerri denak ez dira arnasguneak». Segurolak egin du zehaztapena: «167 udalerri euskaldun daude, eta horietatik arnasgune dira 96». 167 horietatik 118 daude UEMAn. Sare oso trinkoa da gaur egun. Nabarmengarria da egindako bidea. 1991n jarri zen martxan mankomunitatea, eta hemeretzi udal zeuden hasieran barruan. Egun, herri txikiak ez ezik, tartean dira Zarautz, Hernani, Tolosa, Bergara, Bermeo, Hondarribia, Azpeitia, Oñati eta halako beste batzuk ere. Guztien artean, zehazki, 353.000 biztanleko lurgunea osatzen dute .

Aurrerabide eske

Siadecok egindako azterlana hainbat eragileri erakusteko modua izan dute UEMAko ordezkariek, baita goi agintariei ere. «Jaso dugu denak daudela kezkatuta; denek ikusten dute zerbait egin beharra dagoela, baina, diagnostiko komun hori izateaz gain, ez dugu adostasun komunik atera», adierazi du Segurolak. Egiten diren urratsak «zeharkakotasunez» egin beharko direla nabarmendu du Iurrebasok. «Herri hauetan gertatzen ari denaren atzean ekonomia dago, lurralde antolaketa eta hirigintza dago, demografia dago». Ikuspegi zabal horrek sakoneko aldaketak eskatzen dituela ohartarazi du Segurolak, beste etsenplu baten bidez: «Zeharkakotasuna ez da Ogasun Sailak bere euskara plana egingo duela ez dakit zer euskalduntzeko, baizik, adibiderako, euskararen mesedetan erabiltzea politika fiskala».

Adibideak badituzte, politika okerrek ekarritako galbideenak. «Hainbat herritako umeak, lehenengo zikloa amaitutakoan, eremu euskaldun batera bidali beharrean eremu askoz erdaldunagora bideratzen dituzte ikastera». Horrek areagotu egiten du haur eta nerabeen «erdalduntzea». Bilboko herritarrek inguruko udalerri askotan bizilekua hartzeko egon izan diren mugimendu «masiboak» ditu hizpide Iurrebasok, horrek utzitako ondorio soziolinguistikoak: «%80ko erabilera zena orain %20koa da, adibidez». Halakoak mahai gainean jartzen dituztenean askotan galdera zailak sortzen direla onartu du. «Orduan zer ari zarete esaten: ez zaiela utziko erdaldunei herri euskaldunetan etxea erosten?». Halakoak entzun izan dituzte. Eta ez da hori planteamendua. «Baina agian denboran luzatu egin behar dira gauzak. Ez gara ari planteatzen EGA eskatzea inori, baina bai, adibidez, herriek beren gain hartu ahal izateko moduko hazkunde bat izatea, jasangarria», zehaztu du Segurolak. Era berean, beharrezkoa iruditzen zaie, ahal bada, bertako herritarrei erraztasunak ematea beren herrian bizitzeko, eta herri «biziak» izateko. «Hiztun komunitate batentzat, bizirik ez dagoen herri bat hildako herri bat da». 

Bi lan ildo dituzte UEMAn. Baga: mintzakidetza gainerako erakundeekin eta eragileekin. «Hizkuntza politikan eragiten saiatzea eta horren garrantzia ezagutaraztea benetan arnasguneak aintzat hartzeko hizkuntza politikak diseinatzean», azaldu du Segurolak. Biga: esku hartzea. «Gure udalerrietan, bakoitzean dagoen errealitatearen arabera, esku hartze zuzenak egin ditugu». Hor, besteak beste, herritarrak «ahalduntzen» saiatzen dira. «Gure teknikariak egunero daude gure udalerrietako ikastetxeetan, udaletxeetan, eragileekin». 

«Denok beti ari gara esaten hiztun gehiago behar ditugula, hiztun gehiago... Bai, behar ditugu. Baina ditugun hauek zaintzen ez baditugu, igual alferrik izango dira gainerako guztiak»

MIREN SEGUROLA UEMAko koordinatzailea

Bidea lantzen segitze aldera, abendurako dokumentu bat ontzen ari dira aurrerabideak zehazteko. Muinean, hala ere, argi dute: «hizkuntza politika orokor batean» egin behar dira urratsak. Hor arnasguneei dagokien tokia ematea nahi dute. Segurola: «Denok beti ari gara esaten hiztun gehiago behar ditugula, hiztun gehiago... Bai, behar ditugu. Baina ditugun hauek zaintzen eta babesten ez baditugu, igual alferrik izango dira gainerako guztiak». 

Sagarren adibidea

Zergatik dira bada hain garrantzitsuak arnasguneak? «Kopuruak hain baxuak izanagatik ere» hor «sortzen» den euskarari erreparatu behar zaiola esplikatu behar izaten du sarri Iurrebasok. «Pisu demografikoan, herritarren %0,3 bakarrik bizi dira arnasgune beteetan, baina euskararen %10 ekoizten dute». Sagarren adibidea erabiltzen du hori azaltzeko. «Euskaraz egiten ditugun esaldiak balira sagarrak, zenbat sagar sortu dira Azpeitian, zenbat Bilbon, zenbat Errezilen, zenbat Errenterian? Horrek ematen dituen emaitzak nahiko harrigarriak dira, zeren eta Azpeitian Bilbon bezainbeste sortzen da: sagarrak balira, zakukada handixeagoa litzateke Azpeitikoa Bilbokoa baino». Zergatik? Bada, Bilbon euskararen erabilera gutxitan izaten delako egun osokoa; arnasguneetan, aldiz, bai. Baita, oro har, udalerri euskaldunetan ere. Datu bat eman du Iurrebasok: «UEMAn egoteko baldintza betetzen duten herrietan biztanleen %14 bizi dira; erabileraren %59 egiten dute».

Ikusi gehiago

«Ikuspegi garrantzitsua da hori», erantsi du Iurrebasok. «Gehienbat azken urteotan asko nagusitu delako ideia bat: euskaldun gehienak, gaur egun, Bilbo bezalako ingurune oso urbanoetan bizi dira. Egia da. Eta aurrera begira hori kontuan hartu behar da zalantzarik gabe, garrantzitsua da. Baina hau ere garrantzitsua da. Egiten den euskararen erdia baino gehiago egiten da UEMAko herrietan». Horregatik egin behar da ahalegina 2036ko proiekzioan ikusten denari galga jartzeko. «Izan ere, proiekzioak erakusten diguna da asmatzen ez badugu, esnatzen ez bagara atzerakada batean sar gaitezkeela, eta bereziki garrantzitsua da daukaguna zaintzea». 

«Egunero euskaraz bizi dena da arnasguneetako jendea, euskaraz errazago egiten duena da arnasguneetako jendea»

IÑAKI IURREBASO Soziolinguista

Inguruko beste hizkuntza gutxiagotu batzuei begiratzeko gomendioa ere eman du Iurrebasok, bi adibide jarrita. «Gorago ditugu katalanak, eta beherago irlandarrak. Irlandatik zerk bereizten gaitu? Ez gaitu bereizten horrenbeste ezagutzak. Hemengo mailatik oso behera ez dabil han gaelikoa, han hitz egiten omen dakitenen kopurua. Ezin da zuzenean konparatu, baina aldea ez da oso handia», azaldu du. «Aldea da hemen badagoela jendea euskaraz bizi dena, egunero, normal. Datuen arabera, bagara %13; han ez da %1era iristen inondik inora ere. Hemen, hiztunen %8 gai dira euskaraz errazago hitz egiteko erdaraz baino, han horrelakorik apenas geratzen den. Eta hemen badago lurralde bat non euskara nagusi den: arnasguneak. Eta hiru gai horiek lotuta daude: guztiz lotuta. Egunero euskaraz bizi dena da arnasguneetako jendea, euskaraz errazago egiten duena da arnasguneetako jendea».

Hortik Iurrebasoren ohartarazpena: «Eremu euskaldun horiek galtzen badira, euskaraz errazago egiten duen hiztuna sortzeko habitata galtzen da, eta horrek, luzera, berekin ekarriko du, zalantzarik gabe, nagusitasunezko hiztunen jaitsiera bat eta egunero nagusiki euskaraz bizi diren hiztunen jaitsiera bat. Eta horrek Irlandara garamatza». Alegia, euskarak presente jarraituko du «jarduera protokolario eta sinbolikoetan», baina hizkuntza «nagusia, funtzionala» gero eta gutxiagotan izango da. 

arnasguneen definizioak

1991: Fishmanena
Joshua Fishman soziolinguistak Kanadako errealitate linguistikora begira garatutako kontzeptu bat da. 1991n eman zuen definizioa, horra: «Dentsitate handiko eremu bat, non hizkuntza gutxitua hizkuntza hegemonikoari nagusitzen zaion eta ez duen inolako mehatxurik sentitzen».


2001: Mikel Zalbiderena

 

2001ean, Mikel Zalbide soziolinguistak arnasgune deitu zituen gune horiek. Deskripzio hau egin zuen: «Demografikoki euskal hiztun asko biltzen dituzten guneak, non euskara modu naturalean transmititzen den, eta bertako herritarrentzat beren bizimodua euskaraz egitea gauza normala den». Ordurako bidea egina zuen udalerri euskaldunen mankomunitate UEMAk, 1991. urtean eratua baita. Hasieran, udalerri euskaldun kontzeptuaren inguruan ardaztu zuten jarduna. Zalbideren ekarpena aintzat hartuta, ordea, bereizi egiten dituzte orain mankomunitate barruko herriak: ezagutza indizea %70etik gorakoa izatea aski da udalerri euskalduna izateko. Erabilera irizpideak ere konplitu behar dira, ordea, arnasgune izendapena izateko: arnasguneak dira udalerri euskaldunak izanik %60tik gorakoa dutenak euskararen erabilera sintetikoa, alegia, kaleko erabileraren eta etxeko erabileraren arteko batezbestekoa. %80ra bitartekoa dutenak arnasgune erasanak dira; hortik gorakoak, arnasgune osoak. 


2023: Erakundeen arteko lanketa
Urteotan, arnasgune kontzeptua zabaldu egin da askotan, eta euskarak nagusitasuna duen eremu geografikoak izendatzeko bakarrik ez da erabili, baizik eta euskaraz funtzionatzen duten gune soziofuntzionalez aritzeko ere erabili da sarritan. Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta UEMAk lantalde bat jarri zuten martxan 2023an, propio arnasguneen gaia gizarteratzeko, eta kontzeptuaren definizio berri bat landu zuten. Erakunde horietako kideak aritu ziren langintza horretan, arloko adituekin batera. Tartean egon zen Mikel Zalbide bera. Gune soziofuntzionalak ez zituzten sartu definizioan. 

nazioarteko «konexioan» ariko dira arnasguneez azpeitian

Arnasguneak hizkuntza gutxituen biziberritzean deituriko nazioarteko konferentzia heldu den astean egingo da, euskararen arnasguneetako batean, Azpeitian (Gipuzkoa). UEMAk, Soziolinguistika Klusterrak eta UEU Udako Euskal Unibertsitateak elkarlanean jardun dute antolaketan, Coppetiers fundazioarekin batera. Hilaren 16an eta 17an izango da, ostegunean eta ostiralean. Nazioartetik helduko dira hainbat solaskide. Besteak beste, Eskoziatik, Kanadatik, Galesetik, Herrialde Katalanetatik, Hego Tiroletik eta Serbiatik etorritako solaskideak ariko dira, eta baita arloan ari diren Euskal Herriko aditu itzal handikoak ere. Soziolinguistika Klusterreko ikertzaile Asier Basurtok azaldu du «Euskal Herriaz gaindiko konexioa» ardatz hartuta gaia aztertzeko bidea ireki nahi dutela konferentziarekin, antzeko egoeretan dauden hizkuntza komunitateetako ordezkariekin batera hausnartzeko modua izateko, eta esaten diren guztiak «argitaratuta» uzteko. Mikel Zalbideren gogoeta batzuekin hasiko dute bilkura, eta osteguneko hitzaldi nagusia Conchur O Giollagain ikertzaileak emango du; Irlandako eta Eskoziako kasuetan oinarrituta, beste komunitate askotan ere zer gertatzen den ulertzeko gakoak ematen ahaleginduko da. Ostiralean, amaierako hitzen aurretik, Gogoeta batzuk euskararen indarberritzerako lurralde-estrategia bati begira hitzaldia emango du Iñaki Iurrebaso soziolinguistak. Berrehun lagun baino gehiago izena emanda daude topaketarako, eta irekia dago oraindik matrikulatzea, bezperara arte. Soreasu antzokian izango da.  
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.