«Karga guztia ezin dugu utzi etorri berrien gain»

Euskara zinegotzia da Leire Mitxelena oraindik ere euskaraz bizi diren herrietako batean, Arantzan. Arrakalak badira hizkuntza nagusitasunean, eta bertan sortuen «kontzientzian» ikusten du erronketako bat, heltzen direnei euskararen ateak irekitzeko beti.

Leire Mitxelena, herri sarrerako seinalearen aurrean. IÑIGO URIZ / FOKU
Leire Mitxelena, herri sarrerako seinalearen aurrean. IÑIGO URIZ / FOKU
arantxa iraola
2025eko urriaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Arantzan euskaraz bizi gara». Oraindik esan daitekeen esaldia da hori Euskara zinegotzi Leire Mitxelena Gamiorentzat. Baina ikusten dute hizkuntza nagusitasuna ahultzen ari dela ere. Umeen ondoan adi egoten da sarri. «Eskolatik kanpo, erdara aditzen da; parkean ere bai». 1989an sortua da bera, eta Arantzan bertan hazia. Aldea ikusten du. Bizilagun berriei zuzentzeko eran ikusten du diferentzietako bat. «Lehen, kanpoko umeren batzuk etortzen baziren, guk euskaraz egiten genien, eta euskaraz bizi ziren. Gaur euskaraz ikasten dute eskolan, baina hemengo haurrek erdaraz egiten diete». Umeek inguruan duten erdara ere zabaldu egin da, ez sinesteko eran. «Nik txikitan ETB1 irentsi nuen. Dena euskaraz, ez genuen bertzerik, ez Internet eta ez deus ere». 

Arantza Nafarroa Garaiko udalerri bat da, Bortzirietakoa. 620 biztanle ditu. Datuek ere erakusten dute Mitxelenak sumatzen duena. Ezagutzan beherakada izan da urteotan: 1991n herritarren %99,6 ziren euskaldunak; 2021ean, %91,9. Joan-etorriak nagusi diren mundu baten erakusgarri, Arantzan ere udalerrian jaiotakoen pisu demografikoa apaldu egin da urteotan. Gertatzen ari dena ulertzeko aldagaietako bat da. 1991n herritarren %90,9 ziren Arantzan bertan sortuak; 2021ean, %75. 2001ean, Hego Euskal Herritik kanpo sortutako inor ez zen bizi herrian; orain herritarren %4,6 dira, eta horietatik %73 Ameriketan jaioak dira.

Batzorde bat martxan dute propio eragiten ahalegintzeko. Oraintxe, esaterako, lehiaketa bat dute abian herrian sarri erabiltzen diren hitzak ezagutarazteko. Eta urteotan indartzen ari diren lan ildoetako bat da «harrera» egitea etorri berriei: euskararen berri emateko. Erroldatzean, sistematikoki denei ematen zaie euskarari buruzko informazioa, eta euskarazko hiztegitxo bat. «Ongietorri» ekitaldi bat ere prestatu zitzaien orain dela hiru urte, eta orain beste bat egitekoak dira. Bide horretan, bertan sortutako herritarren «kontzientzia» hauspotzeak garrantzia du Mitxelenarentzat, batez ere umeei begira. «Karga guztia ezin dugu utzi etorri berrien gain», azaldu du. «Eskolan D ereduan ikasten dute; hortik kanpo gure ardura da euskaraz ikasten segitzea, zeren eta etxean ez dute euskara jasoko». Eta badira zantzu positiboak, egonkortzen badira euskarak oraindik duen giharra erakusteko egokiak izan daitezkeenak. Horra: 2019an, kale neurketan, erabilera %81,9 izan zen; 2021ean, %94.

Ikusi gehiago

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.