Arnasguneen gaia: kontzeptua eta ikusmoldea deituriko saioarekin hasiko da ostegunean Azpeitian (Gipuzkoa) Arnasguneak hizkuntza gutxituen biziberritzean nazioarteko konferentzia. Mikel Zalbideren hitzek beteko dute aretoa; Iñaki Iurrebaso eta Asier Basurto soziolinguistek propio elkarrizketatu dute konferentziarako, eta hark elkarrizketan esandakoekin osatu duten bideoa jarriko dute. Arnasguneak hizpide, beti aipatzen da Zalbide, beti gogora ekartzen da euskararen gaineko ikerketa soziolinguistikoetara hark ekarri zuela arnasguneen kontzeptua eta, hain justu ere, Joshua Fishman soziolinguistak proposatua zuen kontzeptu bat hartu zuela oinarri horretarako. Baina ekarri ez ezik, mamitu ere egin du gaia, eta eremu geografiko horien garrantziaz ohartarazteko hainbat gako eman ditu elkarrizketa horretan, argitasunez. Hizkuntzalaria eta soziolinguista da, euskaltzain osoa.
Azaldu du arnasguneak hizkuntzaren osasunaren erakusgarri argia direla. «Badago joera, gure artean, arnasguneak gauza arraro, xelebre, kurioso, bitxi, ohiz kanpoko direla pentsatzeko, eta ez dago dudarik, gaurko gizartean jende gehiena, leku gehienetan, gehienekin gai gehienez erdaraz mintzo delarik, gehienak gehienekin euskaraz bizi izatea bada bitxi. Baina bitxitasun hori termino soziolinguistikoetan ez da batere bitxi: oso normala baizik», azaldu du. «Hau da, osasun oneko hiztun herrietan justu-justu hori da normala; normala da, herrialde batean hizkuntza bat bada erabat nagusi, bertako jendea bertako jendearekin hizkuntza horretan jarduten ikustea eta entzutea. Beraz, arnasguneak ez dira bitxi eta anormal, gure artean dauden espaziorik normalenak baizik. Hori azpimarratu egin behar da, zeren badago joera zenbakiz txikiak direlako garrantzia kentzekoa».
«Arnasguneak ez dira bitxi eta anormal, gure artean dauden espaziorik normalenak baizik. Hori azpimarratu egin behar da, zeren eta badago joera zenbakiz txikiak direlako garrantzia kentzekoa»
«Eguneroko jardunean bizi mailako gauza gehienak era bizi, zorrotz, gatz-piperdunez» euskaraz esateak duen garrantziaz ohartarazi du, horrek hizkuntzari egiten dion ekarpenaz. «Begiratzen bada, azken 60 urteetako euskal idazle gehienak, ez guztiak, telebistako esatari eta beste horrelako asko eta asko, eta baita bestelako profesionalak ere, liburugile, testugile, irakasle on asko... haiek, edo haien gurasoak, arnasgune batetik edo arnasgune izandako esparru batetik datoz, eta hizkuntzaren erabilera ahalmen oparo eta beteagoa dute».
Erantzunen bila
Administrazioan jarduna da Zalbide, hizkuntza biziberritzeko politiketan, eta jardunean ikusten zituen herrenei buruzko gogoetek eraman zuten arnasguneez pentsatzen hastera, oraindik izenik jarri ez zienean ere. «Ikusten hasi ginen, oso goiz, D ereduak ez zituela ematen espero genituen emaitzak hurrengo belaunaldiaren euskalduntze aktiboari dagokionez, ez ulertzeari eta irakurtzeari dagokionez bakarrik, baizik eta euskaraz idatzi eta euskaraz lasai eta gogoz hitz egiteari dagokionez, eta horrek burua nekatzera eraman gintuen», gogora ekarri du. Hor konturatu zen euskararen «dentsitate handiko» eremuen garrantziaz: «Hor baita hizkuntza bizien, aktiboen eta gerorako transmititzeko aukera handienekoa». Horrek eraman zuen Fishmanen kontzeptura, eta 2001ean jarri zuen lehen aldiz idatziz.
Alor akademikoan-eta euskarak iragan hamarraldiotan egin dituen aurrerabideak guztiz goraipagarriak direla esan du, baina justu bizitzaren beste eremu xumeagoetan galdu duela indarra, berezkotasuna. «Gaur egun, jende askok lortzen du doktore tesia euskaraz egitea. Zenbat herri ezagutzen dituzue erdaraz bizi zirenak orain dela berrogei urte eta gaur arnasgune direnak? Zenbatetan lortu da eguneroko mintzajarduna erdaratik euskarara pasatzea?». Beraz, orain propio hor eragiteko ahalegina egin behar dela uste du. «Eguneroko mintzajardun arruntari aurrez aurre begiratu behar diogu».
«Zenbat herri ezagutzen dituzue erdaraz bizi zirenak orain dela berrogei urte eta gaur arnasgune direnak? Zenbatetan lortu da eguneroko mintzajarduna erdaratik euskarara pasatzea?»
Horregatik uste du eman behar zaiela «zentraltasuna» arnasguneei, aparteko garrantzia dutelako justu hizkuntzaren eremu horretan. «Arnasguneak txikiak dira, bai. Oso txikiak dira bereziki arnasgune beteak, baina ez dira hutsaren hurrengoa». Uste du barnean duten «altxorraz» jabetu behar dela: «Eguneroko mintzajarduna garantizatzea, belaunez belauneko transmisioa, mintza-aldaketarik ez izatea; hori besteek ez duten dohaina da, eta horregatik da arnasguneen kontu hau hain garrantzitsua». Zalbideren ustez, aurreko hamarraldietan egin dena «ukatzea, gutxiestea, kuestionatzea» ez da asmoa. «Beharrezkoa» izan zen. Baina arnasguneei ere propio erreparatu behar zaie. «Hau ez da gauza periferiko bat: zentrala da hizkuntza txikiok XXI. mendean ditugun erronka handien aurrean».
«Eguneroko mintza jarduna garantizatzea, belaunez belauneko transmisioa, mintza-aldaketarik ez izatea; hori besteek ez duten dohaina da, eta horregatik da arnasguneen kontu hau hain garrantzitsua»
Ikusi gehiago
Ikusi gehiago
Ikusi gehiago