EH Baik «agortua» ikusten du EEPren eskema

Joan den astean, Euskal Elkargoak EEPren hitzarmena berritzea onartu zuen, nahiz eragileek ez duten behar bezainbat emendatuko aurrekontua. EH Baik ondorioztatu du hizkuntza politikaren eskumena Ipar Euskal Herriaren esku izan behar litzatekeela.

EH Bairen prentsaurrekoa, goizean, Baionan, EEPren hitzarmenaren berritzeaz. BERRIA
EH Bairen prentsaurrekoa, goizean, Baionan, EEPren hitzarmenaren berritzeaz. BERRIA
Leire Casamajou Elkegarai.
BAIONA
2025eko abenduaren 15a
14:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Joan den abenduaren 11n, Euskal Hirigune Elkargoak amore eman zuen, eta EEP Euskararen Erakunde Publikoaren hitzarmena berritzea onartu. Hautetsiak «oso desengainatuta eta haserretuta» atera ziren biltzar nagusitik: nahiz ultimatuma emana zuten, azkenean onartu zuten 100.000 eurora mugatzea partaide bakoitzak aurrekontuari eginen dion ekarpen gehigarria. EH Baikoek alderdiaren irakurketa politikoaren berri eman dute goizean, Baionan antolatu duten prentsaurrekoan: ondorioztatu dute Euskal Elkargoak «arduraz jokatu» duela, baina EEPren eskema «agortua» dela. 

«Hasteko eta behin, finantzaketan erabakia izan den diru zama ez da inondik inora euskararen biziberritze prozesuak behar duena». Erraterako, EEPk 2023an egin zuen azterketaren arabera, 2,6 milioi euro gehiagoren beharra luke hizkuntza politika eraginkor baten plantan emateko, hots, partaide bakoitzak orain arte baino 650.000 euro gehiago ezartzea; ordea, 100.000 euro gehiago besterik ez dute eman, azkenean.

Batez ere, EH Baikoek Frantziako Estatuaren jarrera salatu dute, eta prefetarena azpimarratu: «Euskararen kontrako jarrera erasokorra erakutsi du, eta baita lurralde honetan euskara biziberritzeko dagoen borondatearekiko mespretxua ere». Horregatik uste dute, hain zuzen, EEPk ezin lezakeela horrela jarraitu, tresna hori «Frantziako Estatuaren interes eta neurrira eraikia» delako; hizkuntza politikaren konpetentzia eta antolaketa berria «Ipar Euskal Herriaren esku izatea» aldarrikatu dute. Halere, ez dute zehaztu konpetentzia hori Euskal Elkargoarena izan behar litzatekeen.

Oroitarazi dute zer helburu jarri zituen euskalgintzak euskararen biziraupenerako: 2050ean Ipar Euskal Herriko biztanleen %30 euskal hiztunak izatera iristea; bestela erranik, ondoko 25 urteetan 40.000 euskaldun hiztun berriren lortzea. Halere, EH Baikoek argi dute halako helbururik nekez bete daitekeela gaur egun plantan diren politikekin: «Auzia egiturazkoa da, politikoa zein juridikoa, eta hizkuntza politika eraginkorra izan dadin neurri azkarrak behar dira». Zerrendatu dituzte batzuk: euskararen ezagupen ofiziala eta babes juridikoa, ezagutzarako transmisio estrategia sendoa, luzerako hizkuntza plangintza eta finantzamendua... Funtsean, gaur egun ez den guzia.

Etorkizunera begira jarri dira gero, «martxoaren 15 eta 22an iraganen diren herriko bozei eta Euskal Hirigune Elkargoaren mandatu berriari begira». Adierazi dute «baitezpadakoa» izanen dela «euskararen eta hizkuntza politikaren gaia erdigunean kokatzea», eta, beharrezkoak diren aldaketa bultzatzeko, azpimarratu dute nolako garrantzia izanen duen «Ipar Euskal Herriko eragileen, hautetsien eta herritarren mobilizazioak». Abenduaren 27an Euskalgintzaren Kontseiluak antolatuko duen Euskaraz bizitzeko pizkundea ekitaldian parte hartzera ere deitu dute. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.