Zortzi pertsona atxilotu dituzte Frantziako Poliziak eta Espainiako Guardia Zibilak, angulen trafiko sare bateko kide izatea leporatuta. Frantziako Poliziak sei pertsona hartu zituen atxilo asteartean —batzuk Senperen (Lapurdi)—, eta Guardia Zibilak beste bi pertsona atxilotu zituen egun hartan bertan Usurbilgo Aginaga auzoan (Gipuzkoa).
Baionako Justizia Auzitegiko fiskaltzak iazko martxoan abiatu zuen angulen trafikoari buruzko ikerketa. Fiskaltzaren arabera, Hendaiako (Lapurdi) angula arrantzale batek eta Frantziako handizkari batek antolatu zuten angulak legez kanpo salerosteko sarea. Angularen arauzko trazabilitatea saihesteko «sistema korapilatsu» bat osatu zuten: txandakatu egiten zituzten legez harrapatutako angulak eta legez kanpo arrantzatutakoak. Ikerketaren arabera, arrantzaleak legez kanpo harrapatutako bi tona angula baino gehiago eraman zizkion handizkariari.
Frantziako Poliziak atxilotutako sei pertsonak epailearen esku daude. Arrantzatzeko debekua ezarri die epaileak, eta atxilotuetako bati 100.000 euroko bermea ezarri dio.
Bost delitu
Baionako fiskaltzak bost delitu egotzi dizkie: konspirazio kriminal batean parte hartzea, faltsifikatutako dokumentuak erabiltzea, talde antolatu batek etxekoak ez diren animaliak edo haren produktuak baimenik gabe edukitzea edo garraiatzea, talde antolatu batek etxekoak ez diren animaliekin edo haren produktuekin baimenik gabeko transferentziak egitea, eta talde antolatu batek etxekoak ez diren animaliak edo haien produktuak baimendu gabe esportatzea.
Bestalde, Guardia Zibilak astearte goizean atxilotu zituen bi pertsona Aginagan, Usurbilen. Etxebizitza bat eta enpresa bat erregistratu zituzten guardia zibilek, eta angula bizi ugari konfiskatu zituzten, guztira 27 kilo. Irene Berasaluze Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak adierazi zuen aldundiak haztegi batean kontserbatu dituela berreskuratutako angulak.
Iazko urritik, Bizkaiko eta Gipuzkoako ibaietan debekatuta dago angula arrantzatzea.