Baliogabetu egin dute Osakidetzako anbulantzien kontratazio berria

Kontratazio Errekurtsoen Administrazio Organoak atzera bota du premiazko eta programatutako garraio zerbitzuak esleitzeko lizitazioa; sindikatuek eta patronal batek aurkeztutako helegiteak onetsi ostean hartu du erabakia.

Anbulantziak, Donostia ospitaleko larrialdietarako sarreran. GORKA RUBIO / FOKU.
Anbulantziak, Donostia ospitaleko larrialdietarako sarreran. GORKA RUBIO / FOKU.
edurne begiristain
2026ko azaroaren 19a
17:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kolokan geratu da Osakidetzako anbulantzia zerbitzuaren etorkizuna. Kontratazio Errekurtsoen Administrazio Organoak bertan behera utzi du Eusko Jaurlaritzak 1.400 milioi euro ingururen truke zazpi urtez esleitu nahi zuen kontratazio berria, lizitazioaren aurka aurkeztutako helegiteak aztertu ondotik. Organo horrek ondorioztatu du Osasun Sailak ez duela behar bezala justifikatu zerbitzua zuzenean emateko baliabide propiorik ez izatea. Hori hala, bertan behera geratu da oinarrizko bizi euskarriko eta garraio programatuko zerbitzuak kontratatzeko prozedura, eta, ondorioz, Osasun Sailaren asmoa zapuztu egin da, hau da, ezin izango ditu 2027ko urtarrilaren 1ean kontratu berriak martxan izan.

Bi lizitaziok osatzen zuten kontratazioa: batetik, premiazko osasun garraioarena, eta, bestetik, programatutakoarena. Osasun Sailak uztail hasieran egin zuen deialdia anbulantzietako zerbitzu horiek kontratatzeko baldintzak lizitatzeko. Aurreikusia zuen kontratuak lau urte irautea eta beste hiru urtez luzatu ahal izatea. Denera, 1.359 milioi euroren kontratuak ziren.

LABek ohar batean adierazi du ebazpenek berretsi egiten dutela Sektore Publikoko Kontratuen Legeak kudeaketa publiko zuzena lehenesten duela, eta Osasun Sailak ez duela egiaztatu, ezta behar bezala justifikatu ere, anbulantzia zerbitzua zuzenean emateko baliabide propiorik ez duela. Organoaren argudioa horixe bera da, hain justu: dioenez, kudeaketa pribatuaren aldeko argudio generikoak ez dira nahikoa, eta administrazioak benetako azterketa bat aurkeztu behar du.

LABek ontzat jo du ebazpena, eta esan agerian uzten duela anbulantzia zerbitzuaren pribatizazioa ez dela behar tekniko baten ondorio, «borondate politikoaren» emaitza baizik. Sindikatuaren iritziz, Osakidetzak badu zerbitzua bere gain hartzeko beharrezkoa den antolaketa egitura, baita kontratazio zerrendetan prestatutako profesionalak ere, larrialdi sanitarioetako teknikariak kasurako.

Aspaldiko gatazka

Kontratazio berriaren atzean dagoen auzia ez da berria. Azken urteotan anbulantzia zerbitzuaren kudeaketak hainbat arazo izan ditu. 2024ko azaroan, Eusko Jaurlaritzak eten egin zuen La Pau enpresarekin zuen kontratua; izan ere, enpresak hainbat irregulartasun izan zituen, besteak beste, soldatak ordaintzeko atzerapenak eta lan arloko salaketak.

Kontratua eten ondoren, behin-behineko konponbideak ezarri zituen Jaurlaritzak. Gipuzkoan, Ambulancias Gipuzkoa mantendu zen zerbitzuaren arduradun, eta kontratu hori Arabara ere zabaldu zuten. Bizkaian, berriz, Bizkanb marka sortu zuten. Egoera hori behin betiko bideratzeko abiatu zuen Osasun Sailak lizitazio berria, baina prozeduraren aurkako errekurtsoak aurkeztu zituzten sindikatuek —ESKk, LABek, ELAk eta LSB-USOk— eta patronal batek. ESKk eta LABek kanpo kudeaketaren eredua bera jarri zuten auzitan, eta zerbitzua Osakidetzaren egituran integratzeko eskatu.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA