Barakaldoko hilketa matxistagatik atxilotutako gizona kartzelara bidali du epaileak

Homizidioa ez ezik, sexu erasoa ere egotzi dio. Emakumeen aurkako Indarkeriarako Barakaldoko Epaitegiak jarraituko du auziaren instrukzioarekin.

Dozenaka lagun bildu ziren astearte gauean hilketa matxista deitoratzera. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Dozenaka lagun bildu ziren astearte gauean hilketa matxista deitoratzera. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2025eko abenduaren 25a
10:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Josune M. D.-ren hilketa leporatuta igandean atxilotutako gizonezkoa behin-behinean espetxera bidaltzea ebatzi zuen atzo epaileak. Emakumea hiltzea ez ezik, hari sexu erasoa egitea ere egotzi zion. 54 urte zeuzkan biktimak, eta bi alaba zituen; 2003tik 132 emakume hil dira Euskal Herrian indarkeria matxistaren ondorioz.

Igande goizean aurkitu zuten Josune M. D.-ren gorpua bere etxean, Barakaldon (Bizkaia), eta iluntzean atxilotu zuten gizona. 27 urte ditu, eta emakumearen lankidea da; larunbat gauean gainerako lankideekin batera afaldu zuten, eta gero biktimaren etxera joan ziren. Autopsiak berretsia du bortxaz hil zutela andrea; hedabide batzuen arabera, eskuekin ito zuen. Sexualki eraso ziola ere uste dute ikerlariek.

Atxilotua atzo eraman zuten epailearen aurrera, Getxoko guardiako epaitegira, herri horretan atzeman baitzuten igandean. Ordu batzuen buruan, gizonaren deklarazioa entzun eta Ertzaintzak bildutako frogak aztertu ostean, gizona behin-behinean kartzelaratzea erabaki zuen epaileak, bi delitu leporatuta: homizioa eta sexu erasoa. Emakumeen aurkako Indarkeriarako Barakaldoko Epaitegiak jarraituko du auziaren instrukzioarekin.

Bigarren hilketa Barakaldon

Aurten indarkeria matxistak Euskal Herrian hildako zazpigarren emakumea da; gainera, ume bat ere zendu da bortizkeria bikarioaren ondorioz: maiatzean 13 urteko neskato bat hil zuen aitak Bilbon. Barakaldon bereziki zaila izan da urtea, urtarrilaren 3an beste hilketa matxista bat izan baitzuten herrian: Alicia, 84 urteko emakume bat, hil zuen semeak.

Erakundeek, mugimendu feministak eta herritarrek gogor gaitzetsi zuten asteartean Josune M. D.ren hilketa. Argitan emakumeentzako aholku etxeak gogora ekarri zuen bortizkeria matxista «estrukturala» dela: «Egungo diskurtso erreakzionario eta negazionistek diote indarkeria hau arazo indibidual eta pribatua dela, baina arazo kolektibo eta soziala da, eta guztion artean eta kalean egin behar diogu aurre».

Ildo horretan, funtsezko jo zuen fokua erasotzaileengan jartzea, eta ez biktimengan: «Berdintasuna onartzen ez duten gizon matxistengan; emakumeok objektuak ez garela onartzen ez dutenengan; menpeko eta sumiso bizitzera kondenatuta gaudela sinesten dutenengan». Elkartearen aburuz, «berdintasunaren aurkako erresistentzia» horrek «elikatu» egiten du emakumeen aurkako bortizkeria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.