Josune M. D.-ren hilketa matxista deitoratzeko elkarretaratzeak egin dituzte gaur Barakaldoko herritarrek (Bizkaia). Igandean aurkitu zuten 54 urteko emakumearen gorpua bere etxean, Desertu auzoan, eta gaur isilean agurtu dute dozenaka herrikidek; goizean, Barakaldoko Udalak (Bizkaia) deitutako elkarretaratzean, eta arratsaldean, mugimendu feministak eta Argitan elkarteak antolatutako mobilizazioan. Aurtengo bigarren erailketa matxista izan da Barakaldon, eta zazpigarrena Euskal Herrian.
Emakumeen aurkako indarkeriarik ez lelopean egin dute eguerdiko bilkura. Aurpegi goibelek bete dute Herriko Plaza, inguruan zeuden puzgarriekin, buruhandiekin eta izotz pistarekin kontrastean. Hamabost minutuko isiltasuna hautsi dute txaloek eta erakundeetako ordezkarien adierazpenek. Elkarretaratzean egon dira erakunde nagusien ordezkariak, hala nola Amaia del Campo Barakaldoko alkatea, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia eta Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria. Barakaldoko alkateak «erabateko gaitzespena, haserrea, amorrua eta, bereziki, min sakona» adierazi ditu, eta laguntza eskaini dio biktimaren familiari. Gainera, nabarmendu du egoerari «buelta emateko modu bakarra prebentzioa eta hezkuntza» direla.
Ikusi gehiago
Elgarresta arduratuta agertu da aurtengo erailketa matxisten kopuruarekin: «2025. urtean, orain arte, zazpi emakume hil dituzte. 2003tik aurrera, urtean bi eta hiru biktimakoa izan da batezbestekoa; eta 2019an, adibidez, ez zuten inor erail». Emakundeko zuzendariaren aburuz, emakumeen kontrako indarkeria matxismoak eta berdintasunik ezak elikatzen dute: «Oso inportantea da matxismo hori desaktibatzea». Etxanobek, berriz, deitoratu egin du «gabon sasoian hastear gaudenean erailketa baten ondorioz kontzentratu beharra». Instituzioek «matxismoaren aurka lanean» jarraituko dutela argitu du, baina «ezinbestekotzat» jo du gizarteak «aski da» esatea.
Arratsaldean, feministen protestak
Instituzioen itzaletik at mintzatu da, aldiz, Mireia Saiz Argitan emakumeentzako aholku etxeko kidea. Elkartea egunero aritzen da matxismoaren kontra: urtean, batez beste, 300 emakume ingururi eskaintzen diete aholkularitza eta informazioa. Hain zuzen, Argitan-ek antolatu du Barakaldon arratsaldean izan den mobilizazioa, Bide Onera plazan, indarkeria matxista «estrukturala» dela salatzeko. Saizek nabarmendu du Josuneren kasua ez dela «bakana», emakume asko egunero «egoera zaurgarrian» bizi direla, eta horien aurka «presio sozial erreala» egin behar dela: «Egungo diskurtso erreakzionario eta negazionistek diote indarkeria hau arazo indibidual eta pribatua dela, baina arazo kolektibo eta soziala da, eta guztion artean eta kalean egin behar diogu aurre».
Ildo horretan, Argitan-ek funtsezko jo du fokua erasotzaileengan jartzea, eta ez biktimengan: «Berdintasuna onartzen ez duten gizon matxistengan; emakumeok objektuak ez garela onartzen ez dutenengan; menpeko eta sumiso bizitzera kondenatuta gaudela sinesten dutenengan». Elkartearen aburuz, «berdintasunaren aurkako erresistentzia» horrek «elikatu» egiten du emakumeen aurkako bortizkeria.
«Instituzioek feminismotik barneratu duten bakarra marketina izan da: hitzak eta koloreak. Baina ez dute betetzen atzean dagoen erreminten eta baliabideen beharra»
MIREIA SAIZ Argitan-eko kidea
Gainera, Saiz oso kritiko agertu da erakundeek indarkeria matxistari erantzuteko duten moduarekin: «Instituzioek feminismotik barneratu duten bakarra marketina izan da: hitzak eta koloreak. Baina ez dute betetzen atzean dagoen erreminten eta baliabideen beharra». Argitan-eko kidearen hitzetan, erakundeek ez dute genero perspektiba barneratuta, eta horrek eragiten du «emakumeen beharrak betetzeko baliabideak urriak» izatea. «Ez da nahikoa adierazpen politikoki zuzenak egitea; erakundeek autokritika egin beharko lukete, eta hausnarketa prozesu bat abiatu».
Instituzioek gaur goizean egin bezala, mugimendu feministak arratsaldean salatu du Barakaldoko hilketa matxista. Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak kaleak hartzeko deia zabaldu du. «Urtea amaitzear denean, beste emakume bat erauzi dute gure artetik, bere etxean, ustezko segurtasun eremu horretan», deitoratu du talde horrek. Gogora ekarri du bortizkeria matxista egiturazkoa dela: «Sistema honek gure gorputzak eta bizitzak kontrolpean mantendu nahi ditu, eta indarkeria erabiltzen du bere ordena mantentzeko».

Era berean, erakunde publikoei eskatu die «baliabide errealak, integralak eta norabide politiko argia» jartzeko indarkeriaren «erroari» aurre egiteko: «Prebentzioa eta babesa ez dira aukera bat, baizik eta betebehar bat». Eta gizarteari galdegin dio pasibotasunez ez jokatzeko: «Erantzukizun kolektiboa dugu inguruan gertatzen diren erasoak salatzeko eta sistema honen oinarriak pitzatzeko».
Ohi bezala, Hego Euskal Herriko hiriburuetan protesta bilkurak antolatu ditu Mundu Martxak. Deialdi horiekin bat egin dute Euskal Herriko Gazte Feministek eta Itaiak; azken horrek, hiriburuetan ez ezik, beste herri batzuetan ere egin ditu elkarretaratzeak: Azkoitian, Tolosan (Gipuzkoa), Altsasun, Lizarran (Nafarroa) eta Gernika-Lumon (Bizkaia), besteak beste.
Legebiltzarrean ere bai
Eusko Legebiltzarrean, datorren urteko aurrekontuak onartzeko saioa egin dute gaur, baina atzoko hilketa salatzeko tartea ere hartu dute. Saioaren hasieran, legebiltzarreko lehendakari Bakartxo Tejeriak adierazpen instituzional bat irakurri du, eta, horren ostean, minutu bateko isilunea egin dute.
Atxilotua, epailearen aurrera eramateko zain
Igande goizaldean hil zuten Josune M.D., 54 urteko emakumea. Ertzaintzak 27 urteko gizon bat atxilotu zuen igande gauean; hainbat hedabideren arabera, biktimaren lankidea da, eta haren etxean izan ziren biak igande goizaldean, gainerako lankideekin afaldu ondoren. Autopsiaren lehen emaitzek atzo adierazi zuten bortxaz hil zutela andrea; Ertzaintzak oraindik ez du zehaztu zer egozten dioten gizonari, baina atzo arratsaldean emakumearen etxera eraman zuten, igande goizaldean gertatutakoa berregiteko. Datozen orduetan eramango dute atxilotua epailearen aurrera.