Antolatzaileek emandako datuen arabera, 250 lagun inguruk parte hartu zuten atzo Bardeako martxaren 36. ekitaldian. Urtero bezala, tiro eremua eraisteko eskatu zuten lau kilometroko ibilbidean, eta Poligonoaren eraispena leloa irakur zitekeen manifestazioa ireki zuen pankartan. Gerraren aurkako, bakearen aldeko eta Palestinarekiko elkartasuna adierazteko oihuak izan ziren ibilbidean.
Milagros Rubiok eta Eduardo Nabaskuesek, Tiro Eremuaren Aurkako Asanbladaren eledun gisa, esan zuten «gero eta arrazoi gehiago» daudela bakearen alde aritzeko. «Tiro eremua desegin egin behar da. Espainiako Armadak erabiltzen du gehien, baina NATOko beste armada batzuek ere erabiltzen dute», salatu zuten. Izan ere, bozeramaileek azaldu zuten Bardeakoa dela Europa osoan ezaugarri jakin batzuk dituen bakarra «haien armak probatzeko». Eta garbi hitz egin zuten probatzen diren arma horien eraginari buruz. «Hemen probatzen dituzte haurrak, emakumeak eta gizonak hil eta etxeak eraitsiko dituzten armak. Mundu osoa suntsitzen ari diren gerrek kezkatzen gaituzte, bereziki Palestinako genozidioak eta Israelek eta AEBek Iran eta beste herrialde batzuen aurka egiten ari diren gerrak».
«Hemen probatzen dituzte haurrak, emakumeak eta gizonak hil eta etxeak eraitsiko dituzten armak», ohartarazi du Tiro Eremuaren Aurkako Asanbladak.
Gogoratu zuten gerrak, «samina» eragiteaz gain, bitarteko ekonomikoak eramaten dituela armen industriara eta azpiegitura militarrera, eta diru hori «zerbitzu sozial publikoek» galtzen dutela. Ziurtatu zuten inguruko herrientzat ere arriskutsua dela Bardeako tiro eremua. «Zer gertatuko litzateke gerraren bat hedatuko balitz eta NATOk parte hartuko balu? Tiro eremua jomuga militar bihur daiteke», ohartarazi zuten. Halaber, Rubiok eta Nabaskuesek Ablitasko aerodromoari erreparatu zioten, «jarduera militar handia baitago han».
Eztabaidak Madrilen eta Iruñean
EH Bilduk, EAJk, Podemos eta Sumarrek legez besteko proposamen bat erregistratu dute Espainiako Kongresuan, Bardeako tiro eremuan jarduera militarra bukarazi dezaten. 75 urtez egon da tiro eremua martxan, eta hura amaiarazteko eskea ekainaren 10ean eztabaidatuko dute diputatuek Madrilen. Gainera, hurrengo egunean, ekainaren 11n, Nafarroako Parlamentuan eduki bera jaso duen mozio bat eztabaidatuko dute parlamentariek.
Aurreko astean, EH Bilduk azpimarratu zuen tiro eremua ixtea «Nafarroaren aldarrikapen historiko, sozial eta instituzionala» dela: «Garaia iritsi da, 75 urteko jarduera militarraren ondoren, amaiera emateko frankismotik jasotako eta nafarren borondatea kontuan hartu gabe hamarkadetan mantendutako inposizio bati».
2028an amaituko da Bardeako Mankomunitatearen eta Espainiako Defentsa Ministerioaren arteko kontratua tiro eremuari dagokionez. Kontratu hori ez berritzeko eskatu dute Bardeako martxan parte hartu zutenek, baina baita alderdi politiko eta sindikatuek ere. «Duela 75 urte inposatu ziguten, frankismo betean. Exijitzen dugu berriro luzapenik ez sinatzeko».