ENERGIA BERRIZTAGARRIAK

Basalgoko zentral eolikoari 6.000 alegazio aurkeztu dizkiote herritarrek

Eibarko, Elgetako eta Bergarako udalek ere kontrako alegazioak egin dituzte. Proiektua eta lurralde antolamenduaren araudia «bateraezinak» direla iritzi diote.

Haize errota batzuk, parke eoliko batean. MAURITZ ANTIN / EFE
Haize errota batzuk, parke eoliko batean. MAURITZ ANTIN / EFE
inaut matauko rada
2025eko abenduaren 23a
16:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sevillako Arena Power enpresaren proiektu eolikoari 6.000 alegazio baino gehiago aurkeztu dizkiote Debabarreneko eta Debagoieneko herritarrek (Gipuzkoa). Eibar, Soraluze, Bergara, Elgeta eta Elgoibar udalerriei eragingo diete azpiegiturek, eta bost argudio nagusitan oinarrituta egin dute proiektuaren kontra. Hori nahikoa ez dela, Bergarako Udalak aurreko astean eta Eibarkoak gaur alegazioak egin dizkiote ere proiektuari. Orain, Eusko Jaurlaritzaren ingurumen organoak ingurumen ebaluazioa egin behar du.

Herri alegazioen dokumentuetan jaso dute proiektua «bateraezina» dela lurralde antolamenduaren araudiarekin. Horrez gainera, proiektuak, besteak beste, kalte egingo die biztanleen osasunari eta bizitza kalitateari, ingurumen inpaktu «kritikoak» eragingo ditu, eta landa eremuaren eta kultura ondarearen pobretzea ekarriko du. Eta hori dena egingo litzateke baliabide eoliko egokia dela justifikatu gabe. Zehazki, udalerri horietan 6.282 herri alegazio jaso dituzte eragileek.

Horrez gain, Eibarko Mendiak Bizirik taldeak jakinarazi du 30 alegazio tekniko egin dituela. Taldeak gogorarazi duenez, zentral eolikoa eraikitzeko, sei metro zabal diren errepideak egin beharko dituzte mendian zehar, eta haize errota bakoitzak, gainera, 200 metro zabal den hormigoizko plataforma bat behar du. Uste dute lan horiek «lur mugimendu izugarriak» sortuko lituzketela, eta, gainera, 13.000 zuhaitz moztu beharko liratekeela.

Hasiera batean, ia 40 megawatteko potentziako parkea izan behar zuen, baina proiektua aldatu zuten: azken bertsioan aurreikusi dute sei aerosorgailu jartzea, 200 metro garai. Bost errotak 5 megawatteko potentzia izango lukete, eta beste batek, hirukoa: 28 MW guztira. Ebakuazio bide bat ere beharko luke, eta aurreikusia dute hori egiteak 35 milioi euroko inbertsioa eskatuko duela. Haize errotak Eibarren, Bergaran eta Soraluzen egongo lirateke, eta ebakuazio bideak, Elgeta eta Elgoibar herrien barna.

Udalak ere kontra

Bergara eta Eibar dira proiektuak hartzen duen eremuko udalerri jendetsuenak. Aurreko astean, Bergarako Udalak ere adierazi zuen alegazioa aurkeztu diola proiektuari, uste baitu ingurumenari «kalte kritiko eta konponezinak» eragingo lizkiokeela. Bost udalek lankidetzan egin dute proiektuaren ikerketa, eta Bergarako Udalak eskatu du bertan behera uzteko enpresak aurkeztutako ingurumen inpaktuaren txostena eta proiektua ez onartzeko gaur egun idatzita dagoen moduan.

Udal horren ustez, halako proiektuen bideragarritasuna ikertzeko, kontuan hartu beharko litzateke EAEko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala —nahiz eta oraindik ez den onartu— , lurraldearen antolamendurako txostenik berriena baita. Izan ere, azaldu dute onartzear dagoen berriztagarrien LPSa kontuan hartuz gero proiektua ez litzatekeela bideragarria izango.

BASALGOKO ZENTRAL EOLIKOA
Eibarko zinegotziak, alegazioen aurkezpenean, gaur. Erdian, Jon Iraola alkatea. EIBARKO UDALA

Eibarko Udalak gaur eman du alegazioaren berri. Jon Iraola alkatea izan da alegazioaren aurkezpenean, eta azaldu du proiektuak ez duela egungo legedia betetzen, eta uste dute, enpresaren plana ikertu eta gero, ingurumenari kalte egingo liokeela. Orokorrean, Eibarko Mendiak Bizirik plataformako lagunek emandako argudioen antzekoak erabili dituzte: ingurumenari, ondareari eta biztanleen osasunari kalte egingo diela parke eolikoak. Horrez gain, uste dute enpresak ez dituela behar adina eta behar bezain ondo aztertu alternatibak, eta nabarmendu dute aukera nagusiak sortuko lituzkeen kalteak ere ez direla behar bezala ikertu.

Aurkezpenean, Eibarko Udaleko kideek azaldu dute industria jarduerarik ezingo dela egin proiektua egingo den inguruan, eta uste dute ere inguru horretako basoak babestu behar direla. «Eibarrek ez du horrelako proiekturik merezi», adierazi du Iraolak X sare sozialean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.