Baso erdi hutsak, baxoa osoki euskaraz egitea aldarrikatzeko

Basoa erdi hutsik ikusten dute Etxepare lizeoko ikasleek baxoa euskaraz pasatzeari dagokionez, eta, beraz, baso erdi hutsak pausatu dituzte Baionako suprefeturaren aitzinean, Frantziako Gobernuaren erdizkako neurriak salatzeko.

Baso hutsak pausatu dituzte Etxepareko ikasleek Baionako suprefeturan, baxoa osoki euskaraz egitea aldarrikatzeko. GUILLAUME FAUVEAU
Baso hutsak pausatu dituzte Etxepareko ikasleek Baionako suprefeturan, baxoa osoki euskaraz egitea aldarrikatzeko. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2026ko ekainaren 3a
12:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Baxoa euskaraz pasatzeko bidean seinale «baikor» batzuk igorri ditu azken egunotan Frantziako Gobernuak. Baina, dirudienez, ez aski: baso hutsak pausatu dituzte goiz honetan Baionako suprefeturaren atarian Bernat Etxepareko dozenaka ikaslek, neurrien eskasia salatzeko. Ekintza sinbolikoa da, baina, bederen, argi da zer erran nahi duten: basoa erdi hutsik ikusten dutela neurri berrien iragarpenari dagokionez. Ez baitakarte arras haiek aspaldian galdetzen dutena, baxoa osoki euskaraz pasatu ahal izatea. Manifestazioa egin dute Baionako karriketan barna, lizeotik suprefeturara. 

Baxoa euskaraz protesta
Baxoa osoki euskaraz pasatzea aldarrikatzeko protesta, goiz honetan, Baionako suprefeturan. GUILLAUME FAUVEAU

«Aitortu behar da urtetako borrokak fruitua dakarrela: urrats erdi bat aitzina. Baina ez da nahikoa: nola konformatu gaitezke baso erdiarekin soilik? Bererzitasun bat euskaraz egiten ahalko da; bestea, aldiz, ez. Ez du zentzurik. Erdia soilik eman gure isilarazteko? Ez, ez gara isilduko baxoa osoki euskaraz lortu arte», erran dute protestaren bukaeran. Seaskak mobilizazio guziak bertan behera utzi dituen arren, hala nola ekainaren 6an Bordelen egitekoa zutena, ikasleek «ez konformatzea» erabaki dute, «borroka ez dadin eten» eta ez «normalizatzeko» baxoaren erdia soilik euskaraz pasatzea. 

Izan ere, Frantziako Gobernuak azken asteotan hainbat neurri iragarri ditu. Aitzinamendu batzuk ofizialak dira; besteak estraofizialak. Seaskak agiri batean jakinarazi duenez, Frantziako Hezkuntza ministroak baxoari buruz egindako iragarpenen ondotik hainbat bilkura izan dituzte aste honetan, eta horietan iradoki diete hezkuntza administrazioak ez duela desobedientziara joko duten ikasleen kontra eginen. Matematikako froga pasatu beharra dute Leheneko ikasleek ekainaren 12an; Etxepareko hainbat ikaslek euskaraz eginen dutela iragarria dute jadaneko. 

Bestalde, iragan asteburuan iragarri zuen Edouard Geffray ministroak hizkuntza gutxituei aitortza ofiziala eginen dietela baxoko azterketan. 2028tik aitzina, azterketa idatzi bat eta ahozko handiaren zati bat euskaraz egiteko aukera izanen dute Iparraldeko ikasleek; gainerakoak, ordea, frantsesez egin beharko dituzte. Ministroaren hitzetan, «zinezko sail elebidunaren» aitortza da. «Erabaki baikorra» dela berretsi du Seaskak.

Johane Larre Etxepareko ikasleak zera adierazi zuen maiatzean argitaratutako iritzi batean: «Oztopoz betea dugun bide honetan segitzen dugu aurrera egin nahian, hatsanturik baina aitzina, urrats bat eta bestea, lurrean errotuz. Asegabeak gara; ez gara konforme basoa erdi beterik eta baxoa erdi hutsik. Baxoa euskaraz orain!». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE