Podemoseko zuzendaritzak uste du beretzat aukera ona litzatekeela Araba, Bizkai eta Gipuzkoako batzar nagusietako hauteskundeetara hautesle elkarteen bitartez aurkeztea, azaroaren 29ko Herritarren batasuneko udal hautagaitzen parte hartzeaz txostenak dakarrenez. Militanteek egunotan jaso dute dokumentua, Lander Martinez Bilboko Podemos-Ahal Duguko idazkarigai nagusiak BERRIAri jakinarazi dionez.
Zuzendaritzak —Herritarren Kontseilua deritzo— berretsi du udal hauteskundeetan ez dela alderdiaren izenarekin aurkeztuko, baina haietan hiri eta herrietako hautesle elkarteen bitartez saiatuko dela egoten. Halaber, berriro esan du Podemosen «lehentasun gorenekoak» Espainiako eta autonomietako bozak direla; «haietan bai, haietan alderdi modura aurkeztuko gara». Xede horretara zuzendua du estrategia, «garaipen aukerari etekin handiena» ateratzeko. Baina bederatzi orrialdeko txosten horren azken pasartean «probintzietako diputazioak» ere aipatu ditu —«bereziki», Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eta Kanaria uharteetako kabildoetako kasuak—, eta ez du baztertzen 2015eko maiatzeko hauteskundeetan haietara hautesle elkarteen bidez aurkeztea. Aldiz, Nafarroako Parlamenturako bozetan Podemos gisa joango da, hauteskunde autonomikotzat jotzen dituelako.
Udal eta herrialde bozetan tokian-tokian sortuko lirateke hautesle elkarteak, elkarren artean lotura organikorik gabe eta ofizialki Podemosen parte hartzerik izan gabe. Zuzendaritzak ezarri duen «irizpide nagusiak» dio elkargoek ezin dutela «sigla batuketa bat» izan. Halaber, alboratu egin du «politika zaharra» islatzen duten alderdiekin bat egitea, txostenean alderdi siglarik aipatu ez badu ere.
«Arriskuak» saihestearren elkarteek izen bera izatea ere txarretsi egin du, adibide bat jarrita: «Nahikoa litzateke ustelkeria kasu bat egotea udalerri batean beste denak azalpenak ematen hasteko, harekin loturarik ez izan arren». Beraz, baztertu egin ditu Ganemos (Irabazi) izenarekin sortzen ari diren plataformak —Bartzelona hirikoa litzateke salbuespena, behetik gorako prozesua izan delakoan—. EAEn urriaren 20an Ezker Anitza-IUk, Equok eta Alternativa Republicanak Irabazi-Ganemos Euskadi aurkeztu zuten, eta iragarri udal eta foru bozetarako izen horrekin herritar plataformak sortu nahi dituztela. Podemosek ez du gustuko formula hori.
Horrez gain, uste du alderdia estatuko hainbat diputaziotan elkarteen bidez ere egon daitekeela ordezkatuta, Espainiako Erregimen Lokalaren Oinarrizko Legeak ahalbidetuta. Lege haren bidez hainbat diputazioren osaketarako ezin da hautesle elkarteen botoen baturarik egin, baizik eta bakoitzarenak hartzen dira kontuan, eta tokiko diputazioko aulkiak udalekoetan boz gehien duten alderdi, koalizio, federazio edo hautesle elkarteek lortzen dituzte.
Onartzeko moduko formula
Podemosek formula interesgarritzat du hura, elkarteen bidez herrialde instituzioetan ere parte hartzeko. «Kostu bat dakarren arren, uste dugu onartzeko modukoa dela», dio Herritarren batasuneko udal hautagaitzen parte hartzeaz txosteneko 8. orrialdean. Eta «bereziki» aitortu du «baliabideak kudeatzeko gaitasun handiena» duten diputazioetako eremuen kasuan dela hori onartzekoa: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eta Kanaria uharteetako kabildoen kasuan. Haietako hauteskunde sistema desberdina da: parte hartzeko, probintziako hautesle elkartea sortu behar da.
Eztabaida dago Podemosen, denak ez baitaude ados, Lander Martinezek dioen moduan: «EAEn kide askok nahiago dugu batzar nagusikoetara Podemos moduraaurkeztea, babes zehatzaren berri izateko. Udal bozetako zerrendetarako jende asko topatu behar da, eta Podemos alderdi berria da. Baina EAEn, aldundietarako,hiru zerrenda soilik osatu beharko genituzke, eta politika koherenteago bat egiteko aukera handiagoa genuke».
Alderdiak barne eraketarekin segitzen du, bide batez. Urtarrilaren 2ra artean estatuko herri eta hiriburuetako zuzendaritzak eratuko dituzte. Erkidegoetakoak otsailean osatuko dituzte.
Batzar nagusietara hautesle elkarteen bidez aurkeztea aztertzen ari da Podemos
Udal bozetan herritarrek osatutako elkargoak sustatuko ditu, alderdien siglen batuketa baztertuta.Nafarroan Podemos gisa aurkeztuko da

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu